· Zer da Labur? ·


Galdera hori egin digute sarri azkenaldian, proiektu honen berri izan dutenek.

“Zer da Labur zehatz-mehatz?” galdetu digute gero lehen azalpen xume bat jaso dutenek.

Agian bada garaia ganorazko erantzun bat jaso dezaten.

Labur, momentuz, webgune bat da. Ipuinak, ipuin laburrak, argitaratzeko webgune bat. Ez dugu esango topagune bat dela, edota adierazpen librerako eremu bat dela, ala Euskal literaturaren (beste) txoko bat, ezta halako asmo handi-mandirik. Apurtxo bat xumeagoak izaten ahaleginduko gara. Gero, denborak esango du.

Helburua, beraz, literatura saio laburrak aurkeztea izango da.

Zergatik laburrak? Tira, denok entzun (eta esan) dugulako noizbait irakurtzeko denborarik ez dugula gaur eguneko bizitzan. “Oporretan ez bada, noiz irakurriko dut ba? Nondik aterako dut denbora?” Horrelakoak entzuten dira maiz langile, guraso, ikasle, gazte eta beste askoren ahotan (nahiz eta horrek ez duen esan nahi oporretan bai irakurtzen dugunik).

Ba Labur proiektu honen helburua denbora hori ez kentzea izango da. Irakurtzeko beta ematea, egunkaria ez den zerbait irakurtzeko beta ematea, baina denbora luzea kendu gabe.

“Literatura drogak baino garestiagoa da!” entzun nion baten Evaristori, liburudenda batean bere atzean nengoela, ordaintzekotan. Eta, egia esan, halako beste kexa asko ere jasotzen ditugu. “22 euro liburu batengatik?!?” asaldatzen da bere futbol taldea ikusteko 30 euro ordaindu berri dituen jarraitzailea (eta kontuz! Guk ere futbola oso gustuko dugu!).

Ba Labur honetako beste helburuetariko bat irakurketa hori merketzea izango da. Horrenbeste, ipuinak doanekoak izango direla. Nork eskaini dezake hobeagorik?

“Nahiago dut filma egin artean itxarotea” diote, alper, beste askok.

Ba aitzaki horrek ere ez du balioko oraingoan.

Literatura denoi hurbiltzeko asmoarekin jaio da Labur. Ados, ez gara Spielberg-en parekorik, baina ahal dugun neurrian ikus-entzunezkoak osatzen ahaleginduko gara. Gure mugetatik at oso erabiliak diren Audiobooks horiek osatzeko asmorik ez dugu, baina ahal dugun neurrian zerbait txukuna osatzen saiatuko gara. Irakurtzeko erraztasuna ez duten guzti horiengatik egingo dugu, jakin baitakigu asko direla eta jatorri oso ezberdinekoak, gainera.

Eta guzti hau zergatik? Euskara gustuko dugulako, eta irakurtzea gustuko dugulako, eta aipaturiko aitzaki/arazo guzti horiek guk ere pairatu ditugulako.

Eta bakarrak ez garela sinesten dugulako.

Ez dakigu guk bakarrik halakorik lortuko ote dugun, ez norarte helduko ote garen, ezta noizarte helduko garen. Laguntza eskertuko dugu gure bidean, ziur egon zaitezte horretaz. Batez ere proiektu honen berri zabaltzerakoan. Beraz edonori eta edozein ideiari zabalik egongo gara. Baten bat baduzu, badakizu non topa gaitzakezun.

Laster arte (espero).




%d bloggers like this: