Tabako

1 07 2014

22_tabako–Ez dut inoiz hil nahi –izan zen nire eskaera. Gero hobeto pentsatu nuen eta–, eta zahartu ere ez dut zahartu nahi.

Bai, horrek balioko zuen. Hura zen nahi nuena.

–Hirugarren desira zuretzat gorde dezakezu –esan nion jeinuari. Izan ere, nahi izan nezakeen beste ezer ez zitzaidan bururatzen.

Jeinuak etxetik alde egin zuen. Egia esan, handik alde egiteko esan nion, bestela polizia deituko nuelaren mehatxupean. Une batez lanparara itzuliko zela pentsatu nuen, baina noski, horrek ez zuen zentzu askorik. Zertarako itzuliko zen, irtetea horrenbeste denbora kosta eta gero?

Lanpara amamak emana zidan. Tira, berez ez zidan berak eman, abokatu batek baizik, eta oinordetzan uzten zidan gauza bakarra hura zela ere esan zidan. Une hartan herentzia bat beste zerbait beharko lukeela pentsatu nuen. Dirua, edo etxebizitzak, edo autoak. Zorrak, agian. Baina ez. Lanpara bat egokitu zitzaidan. Besterik ez.

Nonbaiten jarri behar nuela erabaki nuenean bururatu zitzaidan garbitzea. Ez nuen argi telebista gainean edota nire futbol taldearen argazkiaren azpian jarriko ote nuen (nahiz eta ez nuen uste ez batan ez bestean ondo geratuko zenik), baina edonon jarrita ere lehendabizi garbitu beharko nukeela pentsatu nuen. Eta orduan agertu zen tipo hura.

Tipoa ez zitzaidan oso fidagarria suertatu, egia esan. Baina tira, desirak eskatzearren ez nuen ezer galtzen. Ez bazituen betetzen, berehala deituko nuen polizia. Azkenean, bete zituen… baina hala ere polizia deitzekotan egon nintzen. Izan ere, orduan ezin nuen jakin bete ote zituenentz. Eta oraindik ez zitzaidan batere fidagarria suertatzen.

Baina bai, bete zituen, eta ondo gainera. Hortaz gain, etxetik alde egin zuen hirugarren desira nahi ez nuela esan eta gero. Beraz ezin kexatu.

Hasieran ez nuen jakin desirak errealitate bilakatu zirela. Ez nuen modurik. Urteak behar izan nituen horretarako. Noski.

Lagunak zahartzen joan ziren, eta ni ordea ez. Erreumak hasi ziren haientzat, eta bizkar arazoak, eta belaunak ezin mugitzeak, eta bestelakoak. Ni, bitartean, bizikletan ibiltzen hasi nintzen, eta futbolean, eta baita hegazkin eta zubietatik salto egiten ere. Lagunak eta maitaleak joan zitzaizkidan, eta lagun eta maitale berriak heldu ziren. Bai, jeinuak bere lana ondo baino hobeto bete zuen. Bestelakoez ni arduratu nintzen.

Ez dut oroitzen noiz ekin nion erretzeari. Amorante berriren batengatik izango zen, seguruenik. Gauza gehienak amorante batengatik hasten dira. Gauza txar gehienak, batik bat.

Lagun berriak ekarri zizkidan erretzeak. Arrazoi anitzengatik. Tabernatan hizketan hasteko arrazoi gehiago nituen, erretzaileok erretzeko lekuak bilatzen genituen dirua oparitzen duen makina bat bertan bailego, isilpeko konplizitate puntu bat gordetzen genuen… Gauza asko ziren.

Kirola egiteko arazo batzuk ekarri zizkidan hasieran, baina ez kirol denak egiteko arazoak. Kirol horietariko batzuk baztertu nituen, eta bestetan horren ona izango ez nintzela onartu. Ez zen horren txarra. Berez, ez zen txarra.

Erretzen hasteak dituen abantailen artean erretzeari uzteko ahaleginetan ere has zaitezkeela dago. Eta hori oso cool da. Edo fashion. Edo hipster. Hitzak aldatu ziren urteek aurrera egin ahala, zentzua ez. Interesgarri kutsu bat ematen dizu. Jende askoren begitan, heroi moduko bat zara. Denen begitan ez, baina gutxienekoak dira beste horiek. Jendeak lagundu eta ulertzen zaitu. Pilulak eta tratamenduak eta bestelakoak daudela ere esaten dizute, baina haiei jaramonik ez egitearekin nahikoa da.

Arazoak utzi ezin izan nionean etorri ziren. Hobe esanda, utzi ezin izateaz gain gehiago erretzen hasi nintzenean. Egunean bi paketetik gorako muga gainditu nuenean, zehatz mehats.

Hasieran ondo neraman. Arropak eta etxeak usaina hartu zidaten, baina usaina baino ez zen; kirats bilakatzetik urrun zen oraindik. Zenbait pertsonek usain hura gustuko zuten. Niri, besterik gabe, ezinezkoa zitzaidan ezer usaintzea. Etxeko gelak kez betetzen nituen, baina horrek ere itxura erakargarria ematen zion etxeari. Telebistan sarri nituen halakoak ikusiak.

Hori hasieran izan zen. Baina hasiera oso labur bat izan zen. Batez ere hilezkorra den norbaitentzat, bizitza ertzik gabeko ozeano bat bailitzan dakusan norbaitentzat, bizitza 3 ordutako filma txarra baino luzeagoa den norbaitentzat.

Laster egin zuen txarrera. Edo egin nuen. Atzamarrak horitu zitzaizkidanean ohartu nintzen agian zerbait txarto zegoelaz. Agian.

Dirua arazo bat bilakatzen hasi zen (lanik ez egiteak ziurrenik bere zeresana izango zuen baita). Goizetako eztulek listuari egin zioten bide (eta ez zen batere atsegina suertatu). Gaixotasunek ez zuten alde egiten (eta katarro hura nire parte bilakatu zen). Eta beharra, batez ere beharra. Zigarro baten beharra. Atzamarretan zerbait izateko beharra, sudurretan kea nabaritzekoa, break garuna lausotzekoa (eta ordura arte ezagututako beste edozein behar baino boteretsuagoa zena).

Argaldu nintzen, eta zimurtu baita. Orduan ohartu nintzen zahartzen ari nintzelaz. Ez denboragatik zahartzen. Une hartara arte ez nuen jakin zahartzeko modu bat baino gehiago zegoenik (nahiz eta horretarako aukerak ere izan nituen, lagunek uzten zaituztenean edota lana aldatzen duzunean edota memoriak desagertzen zaizkizunean ere zahartzen baitzara, beste edozein modutan zahartu zaitezkeen baino modu krudelago batean).  Urteak igarotzen hasi zirela iruditu zitzaidan, berez niretzat hala ez zen arren.

Tentu handiagoarekin saiatu nintzen orduan zaletasun hura uzten. Jadanik zaletasuna ez zen arren, ordurako behar bat bilakatu zen arren. Baina barruan nuen ordurako. Nire parte bat zen.

Urteek aurrera egin ahala erretzaileen aurkako legeek ere aurrera egin zuten. Jadanik ez nintzen horren cool-a. Lagunak mantentzea, edo egitea, gero eta zailagoa zitzaidan, eta nituen apurrak arraroak ziren, oso. Nire egoera fisikoak ere ez zuen horretan laguntzen. Ez nuen oroitzen noiz utzi nion erakargarria suertatzeari. Behinola erakargarria izan nintzela oroi nezakeen.

Klinika eta terapiak eta tratamenduak jarraitu nituen, baina kale egin zidaten. Edo kale egin nuen, agian. Eta erretzen jarraitu nuen.

Hezurrek asko sufritu zuten. Birikiek, zeresanik ez. Espero nuenaren kontra, gibelak baita. Kantzer pare bat ere garatu nituen. Baina ez nintzen hil.

Botaka egiten nuen sarri. Ilea galdu nuen, eta indarra, eta pisua, eta azazkalak, eta azala ere galtzen hasi nintzen.

Baten zenbat zigarro erre ote nituen pentsatzen hasi nintzen. Zero asko zituen zenbaki bat lortu nuen. Bai, milioiak baino gehiago ziren.

Lan egiteko gai izatea faltan botatzen nuen. A zer nolako kontraesana nigan.

Eta orduan, halako batean, gutxien espero nuenean, jeinuaz oroitu nintzen. Horrenbeste denbora igaro eta gero (hamarkadak? Mendeak pasa al ziren?), ahaztearen puntura arte eramana nuen bere oroitzapena. Baina oroitu nintzen. Zor zidan desira hartaz oroitu nintzen. Agian itxaropena zen oraindik niretzat. Desira hura eskatu eta betetzen bazidan, agian etorkizuna izan nezakeen.

Baina zer eskatu ahal nion? Zer nuen nahiago? Hiltzea nuen nahiago? Hura al zen nire desira? Hura zen irtenbidea? Edota erretzeari uztea zen bidea? Nire galbide izandako hari izkin egitea zen behar nuena? Berriz hasteko bidea ote nuen?

Ez nekien oraindik funtzionatuko ote zuen, baina lanpara berriz ere garbitu nuen. Beste biderik ez zitzaidan bururatzen harekin berriz ere kontaktuan jartzeko. Urtetan ahaztua nuen, eta hautsez betea zen. Garbitzea behar zuen, edonola ere. Nahiz eta, egia esan, gauza askok behar zuten garbitzea nirean. Eta gauza ez ziren beste askok baita.

Ezustean, oraindik funtzionatu zuen. Han agertu zen jeinua. Behinola bezala. Beste bizitza batean zirudien hartan bezala. Bizitza luzeegi baten beste ertz hartan bezala.

EL HILO NO SE ACABA NUNCA

–Kaixo –esan zidan lanparatik atera eta gero. Ez nuen espero han egon izana. Hura ere ez zen zahartu. Lanpararen barruan kanpoan baino hobeto bizi zitekeela erabaki zuen nonbait. Zahartu ez zelaz ohartu nintzen, baita.

–Kaixo –erantzun nion eztul artean–. Zer moduz? –eta berriz ere eztulka hasi nintzen.

–Zu baino hobeto, dirudienez.

Serio zegoen. Ez zuen ni ikusteaz pozten zen norbaiten aurpegia. Ziurrenik oraindik oroitzen zuen nola bota nuen etxetik bere garaian. Urrun geratu arren, ziur oroitzen zuela.

–Bai… Zera, nik… Nik zera galdetu nahi nizun… –hasi nintzen.

–Hirugarren desira nahi duzu –moztu zidan jeinuak.

–Ez! –izan zen nire pentsatu gabeko erantzuna. Lapurtzen harrapatu berri duten haurra bezala sentitu nintzen. Segituan ulertu nuen onartzea baino ez nuela– Er… Tira, bai, bai… Bai, hori nahi nuen… Posible bada, noski…

–Bai. Oraindik da posible. Eta zer da nahiko zenukeena?

–Nik… Zera, nik erretzeari utzi nahiko nioke… Posible bada, noski –esan nuen eztula artean. Eseri behar izan nuen, baita.

–Ados –esan zuen, eta jarraian etxeko atera zuzendu zen, hura zabaldu, eta alde egin zuen. Ez dut berriro ikusi.

Jeinuak oraingoan ere eskatutakoa bete zuen. Bat-batean ez nuen erretzeko beharrik izan. Etxean nituen kartoiak zakarrontzira bota ahal izan nituen erru sentsazio hori sentitu gabe. Garunak ez zidan nikotina eskatzen. Aske nintzen.

Urteekin kantzerrak sendatu zitzaizkidan. Ahotsa berreskuratzen hasi nintzen. Azala gaztetu zitzaidan. Ilea ez zitzaidan itzuli, baina berdin zitzaidan. Nire gorputza berreskuratu nuen. Lagunak ere berreskuratu nituen, eta maitaleak. Pozik nengoen. Urte asko behar izan nituen horretarako, urte asko eta urte luzeak eta urte gogorrak, baina azkenik pozik nengoen.

Halako egun batean, taberna batean nengoela, tabako makina bat ikusi nuen. Aspaldi halako bat ikusi gabe.

Pakete bat erostea erabaki nuen.

Advertisements