Dragoia

1 05 2014

21_dragoiaBeroa jasangaitza zen. Ohe ertzean eserita nengoen, biluzik, eta izerdi-tantak bekokitik behera zetozkidan. Ezin dut esan arropa halako kasutan lagungarri suertatzen ote den ala ez; zenbaitetan ehunek izerdia xurgatu eta azala freskatzen dutela nuen entzunda. Ez nekien hala ote zen, eta larregi ere ez ninduen kezkatzen.

Gauza asko ziren jasangaitzak nire bizitzan.

Prakak jantzi, mahukarik gabeko kamiseta eskutan hartu, txankletak bilatu, eta motxila hartu nuen. Ospa egiteko prest nengoen. Goizeko bostak ziren.

Atzera begiratu nuen, nire ohera, gure ohera, azkenengoz.

Bere azala ikus nezakeen izaren azpian. Ilun zen, baina bere azal beltzaranak lurmutur batek ekaitz baten erdian egingo lukeen moduan distiratzen zuen. Argia zeriola zirudien. Izarek sabelera arte baino ez zuten estaltzen. Izarak, estaltzen zituzten lekuetan, azalari itsatsia zeuden (neskek ere izerdi egiten dutela argi utziz. Asko dira halakorik zalantzan jartzen dutenak); estaltzen ez zituztenetan, gaztetasuna agerian uzten zuten. Gaztetasuna zentzu onean. Desira sortzen duen zentzuan. Inbidia pizten duen zentzuan.

Hala ere, isilpean eta ilunetan, atea zabaldu eta ospa egin nuen.

Esnatzen zenean, nik hura utzi nuela pentsatuko zuen, eta berak txarto oso pasako zuela aurrerantzean, nire gabeziari negarrean; nik berriz primeran biziko nintzela ere pentsatuko zuen (berekoi hutsa bainintzen), eta bera niretzat joko bat baino ez zela izan, denbora-pasa bat.

Nik ordea bere onerako egiten nuela pentsatuko nuen. Ni gabe hobeto egongo zelakoan. Nik txarto pasatuko nuen, baina bera berriz hobeto biziko zen, eta pozikago, eta luzeago baita.

Egia, errealitatea, ziurrenik bi ikuspuntu horien artean nonbait egongo zen. Baina egiak ez dio inori axola, beraz ez naiz hari buruz gehiago arituko.

Istmoan bizitzeak ez du onura handirik. Lurra lehorra da, iharra; Iparretik zein Hegotik datorren itsas haize gaziak dena hiltzen du. Haizea ez da inoiz eteten. Gehienetan gogor astintzen du.

Errepideak baino ez daude Istmoan. Errepide berriak, zaharrak, onak, txarrak, lauak, bihurgunedunak, hareazkoak, asfaltozkoak, bakartiak, jendetsuak, estuak, zabalak, lasaiak, nekagarriak. Edonolakoak, baina edonon. Haizea eta errepideak, besterik ez da istmoan. Ez da leku txarra, edo hori suposatzen dut behintzat. Baina onura askorik ez dakar ezta.

Nik handik alde egin nahi nuen.

Errepide nagusira irten nintzen eta eskuin eskua altxatu nuen, behatz lodia gora begira. Autoak ez dira gelditzearen zaleak alde haietan, eta ni ez nintzen salbuespena izango, noski. Baina horrenbeste auto igarota, baten batek errukia azalduko zuelakoan nengoen. Estatistika kontua zen dena.

Gelditu zen autoa pick-up zahar horietariko bat zen. Grisa izan zen garai batean, baina herdoila zen nagusi orain. Ni nengoen lekutik 50 metrotara gelditu zuen; azken unera arte ez ninduen ikusi.

–Nora zoaz? –galdetu zidan atea zabaldu nuenean.

–Ez dakit –erantzun nion, eta egia zen.

–Tira, ni Hegora noa. Etorri nahi baduzu…

–Ados –tipo jatorra baitzirudien.

–Ez ez! Ez bota maleta hor atzean! –izan ere nik motxila han atzean botatzearen keinua egin nuen; pick-up bat zen, azken finean, eta keinu logikoa zirudien– Hemen aurrean nahikoa leku daukagu eta.

–Ados –eta hau ere egia zen.

Bide ertzean hauts mordoa altxatu zuen berriz ere errepidera sartu zenean. Istmoan, egiten den edozer eginda ere, beti altxatzen da hautsa.

–Noah –esan zidan.

–Duna –erantzun nion.

–Ba ez dirudi argiegi duzunik zure norabidearen kontua, ezta?

Baina apur batean isilik mantendu nintzen, leihotik so, Tehuantepec ispiluan zelan galtzen zen ikusten. Eta nire erantzuna hausnartzen.

Beste leku bat, beste bizitza bat, beste maitale bat geratzen zen atzean. Nik aurrera jarraitzen nuen, ikasi eta ikusitakoak bakarrik gordez. Nire bihotzaren zati bat baino ez nuen atzean uzten. Hori baino ez.

–Ez dakit nora noan. Ikasi nahi dut. Pertsona artean bizitzea nolakoa den jakin nahi dut. Pertsona ezberdinen artean –astiro hitz egiten nuen; hitzak neurtu nahi nituen–. Urte asko eman nituen pertsonengandik urrun, eta orain nire lekua topatu nahi dut mundu honetan.

–A. Ondo dago hori. Jende artean bizitzearena, esan nahi dut. Ez da guztiz beharrezkoa, baina ondo dago.

Ez zidan ezer gehiago galdetu. Ulertu ninduela pentsatu nuen une batez, baina agian txoratuta nengoela baino ez zuen pentsatuko.

Ez genuen asko hitz egin. Bera gidatzean buru-belarri sartua zen, nik erdizka irekitako leihatilatik sartzen zen airea eta paisaia dastatzen nuen artean. Orduak eman genituen horrela. Ez zirudien hark gelditzeko beharrik izan zezakeenik. Gustura nintzen, eroso, baina elkarrizketa apur bat eman behar niola sentitu nuen azkenean.

Ez nintzen oso berbazalea, baina egoerak behartzen ninduela iruditu zitzaidan.

–Eta Hegora zoazela diozunean, nora arte joan nahi duzu ba?

–Mmm. Ez dakit –eta bera ere ni bezain iheskorra zirudien–. Patagoniara arte ziurrenik. Apurtxo bat berago agian. Nahiz eta, egia esan, ez dakit hori posible ote den. Ikusiko dut, momentua heltzen denean. Eta zuk?

–Mmm. Baita.

–Baita zer? Baita “ikusiko dut momentua heltzen denean” edota baita “Patagoniara arte”? –eta irribarre egin zuen. Ez barre, irribarre baizik.

–Mmm. Biak –beste behingoz egia baitzen.

Eta irribarre zabalagoa agertu zuen. Bai, gustatu behar zitzaidan tipo harekin bidaiatzea.

–Tira, zuk uzten badidazu, noski –eta oraingoan nik egin nuen irribarre. Barrerik ez, irribarre baizik.

–Nigatik nahi bezainbeste jarraitu dezakezu auto honetan! Autoa lehenengo hondatzen ez bada, ez dela gutxi izango hori ere…

Baina ez nuen uste halakorik gertatuko zenik. Sendoa zirudien makina hura, jadanik egiten ez diren horietarikoa (hots, elektronikarik ez zuen kasik, eta irrati normala zuen, eta helburutzat “ahal bezain luzaroan eta ahal bezain egokien funtzionatzea” zuten osagaiak zituen).

–Eta zer egin behar duzu hara heltzerakoan? –ez nintzen halako galderen lagun, baina tipo hark nire kuriositatea piztua zuen.

–Mmm, istorio arraro bat da… –eta jarraitu nahi zuela iruditu zitzaidan, baina ez zen ausartu hasiera batean– Tira, denbora badugu ezta?

Ez nion erantzun, beharrik ez zegoelako.

–Tira, ba, zera, nire dragoia bertako lurretara eraman nahi dut.

Eta ez nuen jakin zer esan. Ez nekien berak esandakoa guztiz ulertu ote nuen. Isilik geratu nintzen, badaezpada. Berak ere gauza bera egin zuen. Ez dakit zenbat denbora eman ote genuen autoan, baina denbora atsegina izan zen, azken hitz haiek airean geratu ziren arren.

–Ondo –esan nuen halako batean, jadanik elkarrizketa aspaldi atzean geratu zenean.

Horitasuna atzean utzi eta paisaia orlegietara itzuli ginenean zailago bilakatu zen gasolindegiak edota dendak edota herriak edota jendea topatzea. Halako batean, bidean ezer ez zeneko batean, Noah-k gelditzea erabaki zuen.

–Nekatuta eta gose nago –esan zuen, orduetako isiltasunaren ondoren–. Zerbait jateko geldituko gara?

Noski, ez nion ezetzik esan.

Baso batera sartu zuen autoa, bide ertzean hasten zen bide galdu batetik. Oihanak eskaintzen duen hustasun bete horren erdian aurkitu genituen gure buruak motorra gelditu zuenean. Ez nekien zer espero nezakeen, beraz ez nuen ezer espero izan.

Noah kotxearen atzealdera joan zen, bertan zegoen estalki bat kendu zuen, eta bere dragoia agertu zen. Egoak astindu zituen, han bilduak egotetik sorgortuak baitzituen, eta orro ozen bat bota zuen. Beldurtu egin ninduen. Gero irribarre bat izan zitekeena antzeman nion.

–Bai, lasai egin dezakezu hegan –esan zion Noah-k, honek ere irribarrea ezpainetan.

Orduan dragoiak ego gorrixka itzel haiek astindu zituen, eta gora egin zuen. Eguzkiaren eta nire begien artean jarri zenean, haren nondik norakoak galdu nituen.

–Nilo du izen –esan zidan Noah-k. Nik ez nuen ezer erantzun. Dena den, izen arraroa iruditu zitzaidan dragoi batentzat. Agian ez nuke aipamen gehiegi egin beharko izen arraroen inguruan.

Hurrengo ordu erdian noizean behin ikusi nuen gure gainean, zuhaitz artetik, hegal. Gehienetan bere egoen zarata baino ezin nuen entzun.

Gero gugana itzuli zen, eta Noah-k berarekin jolastu zuen apur batean, burutik eutsiz gehienbat. Gero pick-up-ean zuen lekura itzuli zen, eta berriz estali genuen. Tamaina izugarria zuen. Ez dakit zelan ez nuen fardel itzel hartan erreparatu aurretik.

Autora igo ginen, bidera itzuli eta aurrera jarraitu genuen. Noah-k pernil eta gazta ogitarteko pare bat luzatu zizkidan, eta ur botila bat, bere eserlekuaren atzean poltsa batean gordetzen zituenak.

–Gaur Guatemalan lo egitea gustatuko litzaidake –eta ondo iruditu zitzaidan–. Merkeagoa da –eta zio ona iruditu zitzaidan.

Mugan ilara txikitxo bat jasan behar izan genuen. Auto gehienak goitik behera arakatzen zituzten han guardiek; gehienetan dirua eskatzen zuten hau edo bestea herrialdetik ateratzearren (lehen mugan) edota sartzearren (bigarrengo mugan), edota bietan (gehienetan gertatzen zena). Gure merkantziaren aurrean zelan erreakzionatuko zuten ikusteko irrikan nengoen.

Noah ordea lasai zen.

Gugana heldu zirenean gu bion pasaporteak eskatu zituzten, pare bat galdera egin (zeintzuek Noah-k Gaztelera perfektu batean erantzun zituen) eta autoa arakatu zuten. Dragoiak osatzen zuen fardelean, ordea, ez zuten erreparatu, niri hasiera batean gertatu zitzaidan bezala. Orain ordea ulergaitza gertatzen zitzaidan.

Aurrera egiten utzi ziguten arazorik gabe, eta Noah-k eta biok ez genuen hitzik trukatu, ez behintzat motel hartan gelditu ginen arte. Tartean, gasolina hartzeko baino ez ginen gelditu. Bera irribarretsu zen. Irratian jartzen zituzten abestiak abesten zituen noiz edo noiz.

–Hau leku ona dirudi –esan zuen eraikin zahar batean autoa gelditu zuenean. Pisu bakarrekoa eta argi eskasekoa, gezurra zirudien inork bertan gaua pasa zezakeenik.

Gela bi hartu genituen. Ni zuzenean joan nintzen nirera, baina arinago Noah ikusi nuen Nilo askatzen.

–Berak gaua hortik pasako du. Nahiago du horrela.

Eta horrekin elkarri gabon esan genion, eta egun luze hari amaiera eman nion. Egun arraroa izan zen, baina pozik nintzen.

Gosarira bizarra moztuta heldu zen Noah. Alai eta aurrekoan baino biziago zirudien.

–Ea zer gertatzen zaigun gaur! –esan zidan agur gisa. Ni ere horren zain nintzen. Eguna alaitzen duten pertsona horien taldean sartuko nuke Noah. Erantzunik behar ez dutenetarikoen horretan baita.

–Badakizu –esan zidan behin bidean ginela, Nilo itzuli eta zegokion autoaren lekura bueltatu zenean–, inoiz ez diot inori aipatu dragoi bat nuenik. Ez kotxean neramanik, nuenik baizik. Orokorrean.

Ez nion ezer erantzun, baina irribarre egin nahi izan nuen. Zerbait benetan poztu zen nire barnean. Ez nuen halakorik egin, ordea.

–Noiztik duzu Nilo? –galdetu nion horren ordez.

–Txikitatik. Gurasoek oparitu zidaten. Nik txakur bat nahi nuen, baina honek ilusio gehiago egin zidan. Polita da, ezta?

–Bai, oso –eta egia zen. Zaila gertatzen zait hura deskribatzea. Baina polita zen, oso polita.

–Hasieratik izan genituen arazoak berarekin. Heziketa zaila izan zen, eta egoak eta buztana ez zituen kontrolatzen. Gainera sarri gaixotzen zitzaigun, ez baikenekien ahoa hoztu behar zuela. Janariak ere arazoak ematen zizkigun; kantitate itzelak irensten zituen. Belarra gehienbat, baina belar asko. Inoiz ez da bakarti sentitu bederen; bada zerbait.

Erantzun hark erantzun zizkidanak baino galdera gehiago sortu zizkidan. Hala ere, eutsi egin nituen.

–Galdera gehiago egingo zenizkidala espero nuen –eta pozik zen hau esatean. Nik leihotik so nengoen. Zabalik nuen, eta haizeak airea inarrosten zidan. Nire jarrera gustuko zuen nonbait–. Tira, jarraituko dut edonola ere. Kontua da zaila zitzaigula hura paseatzera ateratzea, telebista kate guztiak gurean izan gabe behintzat. Nire ikasketekin ere egoerak okerrera egin zuen, oso denbora libre gutxi bainuen. Nilo eskatu ez zituen eta ulertu ezin zituen kontuak ordaintzen ari zen: bakardadea, gatibutza, bere moduko beste norbaiten gabezia. Sufritzen ari zen.

Aurreko kamioiak gogor frenatu zuen eta Noah-k maniobra latza egin behar izan zuen hura saihesteko. Nilo arduraz mugitu zen, baina ez larregi. Jadanik beste herrialde batean ginen.

–Azkenean bizitza batek beste ezerk baino gehiago balio duela ulertu nuen; dena atzean utzi, eta Nilo dagokion leku batera eramatea erabaki nuen. Han, noan lekura joanda, ahoa freskatzeko ur garbia eta elurra izango du, eta hegan egiteko zeru gardenak, eta jateko nahi hainbeste larre. Eta inork ez dio tirorik egingo, eta inoren radarretan ez da agertuko, edo ez du zertan ezkutatu beharko. Horren esperantza dut behintzat.

–Sua bota dezake ahotik? –izan zen nire galdera inozoa. Egin bezain pronto damutu nintzen. Noah-k lerdena nintzela pentsatuko zuen.

–Ez! –eta asaldatuta zirudien– Mundu guztiak hori uste du. Baina nola sinets dezake inork…

Ez nuen galdera gehiagorik egin. Noah-k bere erantzuna argitu zuen, dena den.

–Asko berotzen zaie ahoa digestioan, baina hortik sua botatzera… –eta barre eta guztiz egiten zuen. Horrek lasaitu ninduen. Gero aurrera egin zuen– Ez dakit, gauza on anitz izan ditzake han behean. Gurean, esaterako, ezin zezakeen aske hegan egin, radarretan agertzen baitzen eta laster ibiltzen baitzen polizia eta militarrak han-hemenka galderak egiten…

Eta halako beste istorio batzuek kontatu zizkidan. Sekula ez zidan nire bizitzari buruzko galderarik egin. Horrela eman genituen errepideak eta kilometroak eta orduak eta egunak eta hondartzak eta mendilerroak eta bestelakoak. Noizean behin hitz egiten, han-hemenka gelditzen, isiltasuna eta hitzak preziatzen. Bizitzen, azken finean. Autoa ez zihoan azkarregi, eta nik hori eskertzen nuen.

–Noizbait gelditu nahi baduzu, esadazu ados? –esan zidan halako batean– Ondo dago halako bidaia-lagun bat izatea, baina jende berria eta leku berriak ezagutu nahi zenituela esan zenidan, eta agian nahiago duzu halako herriren baten gelditzea…

–Banabil hori dena egiten –erantzun nion–. Hori dena eta gehiago.

Berak ez zidan ezer erantzun. Beharrik ez zegoen. Banekien zer esan nahi zuen, esan ez zuen arren. Eta herriak eta herrialdeak zeharkatzen jarraitu genuen mendietan gora eta behera, ibaiak gurutzatuz, zeru urdin eta zeru gris eta zeru gorri eta zeru hori eta zeru zurien azpian, aproposa zen leku batera heldu ginen arte.

–Honek balioko du –esan zuen Noah-k, autoa errepidea amaitzen zeneko lekuan hasten zen landan gelditu eta gero. Zer herrialdetan geunden ere ez nekien. Zer egun zen ezta. Ez edo zenbat egun pasa ziren jaso ninduenetik. Hotz zen.

Ondoren Nilo ezkutatzen zuen estalkia kendu zuen azkenengoz. Nilok egoak zabaldu zituen, eta orro alai bat jaurtiki zuen.

–Lasai egin dezakezu oihu eta hegal –esan zion Noah irribarretsu batek–, behingoz ez duzu izango trabarik jartzen dizun inor.

Eta Nilok hegal egin zuen, oso altu hegal, eta Ilargiraino helduko zela iruditu zitzaidan. Eguna izan arren.

***

Duna tipo jatorra da. Ez du berba gehiegi egiten. Agian horregatik dirudit jatorra, ez dakit.

Ondo moldatzen gara biok lur zail honetan. Hemen dena da polita, dena da gardena. Orlegia orlegi da, eta urdina urdin, eta beste kolore guztiek ere beraien izaera dute hemen. Airea garbia da, eta urak gardenak, eta euria benetakoa, eta elurra hotz dago, eta belarra berriz gozo. Oso polita da dena; polita baino, liraina esango nuke. Baina gogorra da.

Haizeak etengabe jotzen du. Hotza eta umeltasuna garunera arte sar daitezke istant batean, eguzkiak eta beroak hura sikatu hurrengoan. Janaria ez dago soberan, eta berau lortu egin behar da. Izatez, hemen dena lortu egin behar da, ezer ez da doanekoa.

Dunak gutxi hitz egiten du. Agian horregatik preziatzen ditut horrenbeste bere hitzak. Baina asko laguntzen du, eta hori eskertzen dut.

Gutxi jaten du, nire moduan, baina bere gorputza handi eta gihartsu mantentzen da, nirea ez bezala, izarrek eta eguzkiek hura hornituko balute bezala. Bizarra ere ez du mozten, baina badirudi hasi ere ez zaiola hasten. Arropa gutxirekin bizirauten du lur garratz honetan, eta horrek beti liluratu nau. Lur honek errespetua diola dirudi.

Nilorekin ere ondo moldatzen da. Jolastu eta guzti egiten dute. Ez nirekin bezainbeste, Nilo oso lotsatia baita arrotzekin, baina ondo moldatzen dira elkarrekin.

Nilo pozik ikustea da hona etortzearen ordainik handiena. Egun guztia libre da, eta bera bezalakoekin hegal egiten ikusten dut sarri, zeruan, urrunean. Ez nekien bera bezalako horrenbeste geratzen zenik. Oraindik besteak bera baino azkarragoak dira, eta indartsuagoak, baina haiek askatasunean jaio izan dira, eta beraz normala da. Ez dirudi horregatik kezkatzen denik. Egunen batean arrautza bat jarriko du, ziur.

Duna maiz topatu dut bakardadean eserita, dragoiei begira, irribarretsu. Haiek ikustea gustuko du. Begiek distira egiten diote haiek ikusten dituenean.

Arraroa da bere kasua. Jendea ezagutu nahi zuela esan zidan lehendabizikoz errepidean hartu nuenean. Baina nirekin geratzea erabaki du. Ni ere gustura nago berarekin. Egunen batean, gutxien espero dudanean, ospa egingo duenaren sentsazioa izan dut beti. Dena den, beti paisaia miresten topatzen dut, bere inguruagatik txundituta. Jadanik pertsonak horren garrantzitsuak ez baikina bezala, bere ezagutze-nahia ase izan balu bezala.

Gaur goizean Duna Nilorekin ikusi dut, Nilo bere lagunekin jolastera joan baino lehen. Dunak zerbait xuxurlatu dio Nilori belarrira. Honek, orduan, burua jaitsi eta bere gainera igotzen utzi dio. Niri ez dit sekula halakorik egiten utzi. Agian saiatu ere ez naiz saiatu.

Gero hegal egin du, gora, eta gero gorago, oso altu hegal, eta Ilargiraino helduko zela iruditu zait. Eguna izan arren.

Nilo itzuli denean bakarrik zen. Duna ez da itzuli, eta badakit ez dela berriz itzuliko.

Gaur Eguzkiak negar egin du. Ni ere bakarrik sentitu naiz. Nilok nirekin egin du lo gero, eta bera ere triste zegoela iruditu zait.

Gero Ilargi betea agertu da. Gaur ez zuen behar. Baina ni bakarrik sentitu naiz berdin-berdin.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: