Edaten

1 03 2014

20_edatenGabon, buf, eurite honekin etxean geratzekotan egon naiz… Euria ari duen? Baina ez al duzu ikusten, kapela eta euritakoa eramanda ere bizarrak busti dauzkadala? Zahartzen ari haiz Rai!

Kaixo Goi, zelan gaude gaur? Ez ez, betikoa ez, gaur garagardo bat nahi dut lehenengo; gero bai, gero betikoa jarri ados? Baina gaur bikoitza izan dadila, mesedez!

Bai, ados, atea itxiko dut! Beti komeria berdina…

Zer? bikoitza zergatik? Egun gogorra izan delako gaurkoa! Zer? Isil zaitez, Alan! Zuk gogorra hitzak zer esan nahi duen ere ez dakizu gero, hankartean ere ez duzu izan eta!

Milesker Goi, buf, garagardo hotza benetan behar nuen gaur…

Utziko nauzu bakean Alan? Zergatik ezin dezaket ba trago bakarrean edan garagardoa ba?!? Nirea da, eta nik ordainduko dut, eta berarekin nahi dudana egingo dut! Faltan genuena…

Bai Goi, bikoitza mesedez.

Baina zer da hau? Gaur neska bat ere badugu! Kaixo, Edi naiz. Eta zu? O, atzerritarra zara… Nola-duzu-izena? Zelan? Aaa, izen atzerritar hauek ez ditut sekula adituko… Nahiz eta gureak ere… Nire bilobari jarri dioten izena oroitzea ere lan mardula da… Dena den, neska, kenduzazu motxila hori! Deskantsatu! Ez? Tira, zuk zeuk! Atzerritar hauek…

Zer diozu Mik? Gaurko eguna zergatik izan den gogorra? Ez dakit kontatu beharko nukeen… Zergatik? Ba ez nauzuelako sinetsiko… Bai Rai bai, badakit zuk ez didazula sekula ezer sinetsi izan; beti txorakeria berdinak esan behar al dituzu?

Beste bat mesedez, Goi. Bai, hau ere bikoitza.

Ez, benetan, gaurkoa izugarria izan da, ikaragarria. Nire ontzian nengoen, eguerdi aldera, bai Alan bai, zuri agur esan ostean. Zu handik aldendu zaren une berean, baina une berean benetan, bistatik desagertu zaren istant bertsuan, motorra hondatu zait. Olioak alde guztietatik ihes egin du, eta akabo. Han gelditu naiz, itsasoaren erdian, ez aurrera ez atzera. Bai Rai bai, badakit mila aldiz esan didazula motor horrek ezer onik ez zidala ekarriko… Arrazoia zenuen bai, baina orain horrek ez du axola ezta?

Zer egin dudan? Ba edonork egingo lukeena: kanaberak jaso, arraunak atera eta itsasertzera gerturatzen hasi. Zer egingo zenuten ba, han konpontzen ahalegindu?

Gertatu dena zera izan da: kañak jasotzen nenbilenean, bat-batean arrain batek kanabera batetik tiraka egin du; beraz arraunak utzi eta berau jasotzeko prestatu naiz.

Zelan nekien arrain bat zela? Alan, orain ez dizut hori azaldu beharko, ezta? Biok eman ditugu urte asko itsasoan hori jakiteko, mesedez…

Bai, itsasargiaren bestaldean genbiltzan. Ez, gaur lasai samar zegoen itsasoa. A, hemen da, milesker Goi.

Beno, kontuak kontu, arraina jasotzeko prestatzen hasi naiz. Txirrikari eragiten hasi natzaio eta… arrainak tira eta tira egiteaz blokeatu egin zait. Arrainak nik baino gehiago tiratu behar zuela iruditu zait, benetan!

Zu bai zaudela ahul! Zure emazteari galdetu beharko genioke! Isil zaitez eta utzidazu bakean!

Beno. Gauza da, arrainak tiraka jarraitu duela, eta bat-batean nire ontzia mugitzen hasi dela! Bai bai, berak ni bultzatzen ninduen! Eta ez da kostaldetik urrundu, baina bai, ni krokatuta banindu bezala ekin du!

Benetan diotsuet, idazle ospetsu horren liburuko tipoa bezala sentitu naiz. Bai bai, bizarduna, badakizue, San Ferminak gustuko zituen Iparramerikarraren libururen batean hori berau gertatzen zen…

Hi, Rai, nora hoa ba?!? A, komunera, ados, uste nuen nire istorioagandik ihes ari zinela. Tira, itzuli artean itxarongo zaitut, eztarria siku dut eta.

Bai Goi, joan zaitez hurrengoa prestatzen. Bai, bikoitza hau ere. Eeeeez, lasai, ondo nagooooela…

Ba hori, horrela egin dugula aurrera. Berak tiraka eta nik eutsi eta eutsi. Zer? Noski ez nuela askatu nahi, bestela agur kanabera…

Barkatu Rai, azkenean ez zaitut itxaron. Ados, bai.

Eta horrela egin ditugu kilometro batzuek; pena argazki kamara eduki ez izana. Ez, garagardo bakarra hartua nuen ordurako; beti kontu berdinarekin ibili behar dugu? Zuek ezer edango ez bazenute bezala!

Kontua da denbora aurrera zihoala, eta hark ez zuela aldatzeko tankerarik. Behintzat ez nintzen kostaldetik urruntzen, gerturatzen baizik, bestela gero arraunean banuen tarte bat bai. Bai, pentsatu dut, behera egin izan balu agian nireak egin zuela, baina ez da hala izan, eta pozten naiz.

Azkenean, eta ordurako arratsalde partea zen, itsasargira zuzen zihoala antzeman dut. Gero ulertu dut baietz, harantz artez zihoala.

Bai Goi, beste bat. Baietz, lasai, autorik ez dudala hartu behar.

Ba arratsalde partea zela banekien, eguzkia jartzen ari zelako. Eta badakizue, itsasargiaren alde hartatik zatozenean, eguzkia medio, ez dela piperrik ere ez ikusten… Ba horrela nindoan ni: eguzkiarengatik itsu-itsu, arroketara zuzen-zuzen, eta ezagutzen ez nuen arrain batek bultzatuta. Norabidea aldatu ezean, kanabera bertan behera geldituko zela erabaki dut. Bai, nire semeak oparitutakoa da. Hi, baina nire bizitza zen gero!

Bai bai, banoa, oraintxe kontatuko dizut amaiera, utzi tragotxo bat hartzen.

Ba horrela. Ez nuela askatu nahi baina berak ere bere hortan zerraiela. Eta kostaldea geroz eta gertuago zen. Ez nuen ezertxo ere ez ikusten, eguzkiagatik, baina han zen. Kanabera askatzear nengoen. Eta orduan…

Orduan amua askatu egin da. Ez galdetu nork edo zelan, begiak estaltzen ari bainintzen eguzkitik babesteko. Baina askatu egin da.

Itsasertzean gelditu naiz, arroketatik gertu, gertuegi. Zer? Arraina ikusi ote dudan? Ez…

…baina ikusi dudana beste zerbait izan da. Benetan, nire ontzitik, geldi-geldi geratu berri zen ontzitik, neska bat ikusi dut uretatik irteten. Bai bai, neska bat. Uste dut biluzik zihoala. Hasieran arrastaka bezala irten da uretatik, arroka artean ibili da, baina gero handik irten denean, zutitu eta korrika alde egiten ikusi dut.

Zer? Joan zaitez pikutara!

Eta zu Rai, komunean geratu izan bazina hobe!

Zelan amaitu den? Barre egiteko gogoek ihes egiten dizutenean kontatuko dizut, inozo alena…

Ba benetan diotsuet, nire ustez sirena horietako bat zen. Arrain buztana eta giza goialdea duen horietariko bat. Isil zaitez behingoz! Zer beste izan zitekeen ba?

Zer egingo nukeen hura harrapatu izan banu? Zuk zer uste duzu? Ba erditik moztu, odola atera eta sutan ezarri; eta bere puntua hartzen zuenean, garagardo pare batek lagunduta jan, noski!! Kar-kar-kar…

E neska itxaron! Baina nora zoaz ba? Ez irten kanpora horrela, hotz dagoela eta! Euria ari duela! Baina nora zoaz korrik*

Ei kontuz, portura igo dela! Baina baina… Hori ez da motxila bat, hori… Hori… Hori oskol bat da! Rai, geldituzazu, salto egin behar duela…

O…

Tira, berandu da…

Ikusi duzue? Denok ikusi duzue?? Benetan zen neska bat, edota oskol hori ikusita… Oskoletik irteten zitzaizkion hanka eta besoak ikusita… Zuek uste duzue…? Zuek…?

Ondo egongo ote da?

Orain ez duzue ezer esaten ba! Orain ez duzue barre egiten!!

Zer? Bai, Goi, beste bikoitz bat. Ez, ez galdetu ezer, badaezpada.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: