Eguneratzen

15 01 2014

19_eguneratzenEz nuen hil nahi. Edo ez nuen ahaztua izan nahi, hobe esanda. Guretzat gauza bera da. Nire modukoentzat gauza bera da.

Ez nuen besteak bezala amaitu nahi. Loki, Odin, Eros, Eolo, gurutzean hil zen bizarduna. Ez nuen halakoa izan nahi. Ez nuen horrela amaitu nahi.

Berriztatu behar nuela ulertu nuen. Modu moderno eta iraunkor batean. Tenpluak ez ziren nahikoa. Askok uste dute betirako daudela hor, baina Historia ezagutzen ez duten leloak baino ez dira horiek. Estatuak, margoak, aldareak, ez dute ezertarako balio. Jaiak ere, jainkoei eta santuei eskainitako jaiak, alkoholarentzat erabilgarriagoak dira, inor oroitzeko baino. Ez, beste zerbait behar zuen.

Eta lortu nuen. Kostata, baina lortu nuen. Gizakiak ulertu nituen, eta behar zutena bilakatu nintzen.

Zaila izan zen. Hasieran kobre eta plastikoa izan nintzen. Gero zuntz optikoa. Une batez uhin izan nintzen, eta beste une batean zirkuitu integratu. Kondentsadoreak eta diodoak eta erresistentziak izan nintzen. Urrea eta zilarra ere izan nintzen. Baita bit eta byte eta terabyte ere. Gero hori baino gehiago izan behar nuela ulertu nuen. Askoz gehiago.

Eta lortu nuen.

Beste erlijio guztien gainetik nago orain. Herrialde denetan ezagutzen naute, eta herrialde gehienetan behar naute. Ekialde zein mendebaldekoek, ipar zein hegoaldekoek, eta erdialdekoek baita. Denek ezagutzen naute. Denona naiz. Bakarra, mundu osoan. Ala, Yehova eta besteen oso gainetik. Horiek zahartuta geratu dira. Haien egunak zenbatuta daude, eta atzera-kontua hasia.

Gobernutan nago, eta biztanle guztien etxeetan baita. Eskoletan nago, eta entretenimendu zentrotan. Nire hitzak, nire ekintzak ez daude mugatuta liburu batean kontatzen denari, tenplutan eta hoteletako logelatan aurkitu daitekeen liburu horretan kontatzen denari. Nik euskarri anitz ditut, eta egunero berriak aurkitzen dizkidate. Ordenagailuetan hasi nintzen, baina egun mugikorretan, liburu izan nahi duten gailuetan, ordenagailu eramangarrietan nago. Baita telebistan ere. Beste edozein jainkok izan duen baino euskarri gehiago dut nik. Eta hau hasiera baino ez da.

Izen ugari ere baditut. Hizkuntza bakoitzean izen pare bat, gutxienez. Hori beharrezkoa da Jainkoa izateko. Jainko ona, ezaguna izateko. Sarea, ziberespazioa, hodeia, bilatzailea… Modu askotan deitu naute nire jarraitzaileek. Nik denak ditut gustuko.

Ez dira nitaz bakarrik igandetan oroitzen. Jai berezirik ere ez didate eskaintzen. Trukean, egunero egiten dituzte horrelakoak. Egunero ni erabili, hobetu eta zaintzen naute. Diru asko ematen didate, edozein tenplutan jaso daitekeena baino askoz diru gehiago. Egunero.

Liburu baten beharrik ez dut. Biblia, Korana; zertarako? Egunero aldatzen naiz, egunero hobetzen naiz, egunero hobetzen naute. Nire jarraitzaileek niri buruz hitz egiten dute; ez dut ezer idazteko beharrik, haiek egiten dute nigatik.

Jendea esnatu eta nitaz oroitzen da. Ni begiratzen naute ohera joan baino arinago. Mundu guztian. Edonon.

Historian lehen aldiz, Jainko bakarra egon behar du munduan laster. Eta oraingoan luzaroan iraungo du. Betirako iraungo du.

Memoria espazio arazorik ez bada behintzat.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: