Paga estra

2 02 2013

18_paga_estraIpotxak putakume galantak dira. Kabroi alenak. Beti zirikatzen. Atzetik, hark begiratzen ez duenean, baina azkenaldian begira dagoenean baita. Berdin zaie.

Materiala lapurtzen diote. Jostailuak akatsez beteak daude. Baina batez ere, eta hau da ankerrena, umeek behar ez dituzten jostailuak egiten dituzte. Argiz eta zirkuitu elektronikoz eta kablez eta pantailaz beteriko jostailuak egiten dituzte. Haiek behar ez arren. Haiei onik egin ez arren. Eta berak ez ditu ulertzen.

Hortaz gain, barre egiten diote. Zigarroak amatatzen dituzte bere sorbaldan, eta janarian pozoi arinak bota, eta lo dagoenean gauzak sartzen dizkiote sudur eta ahotik. Esandakoa, putakumeak.

Bera ez da konturatzen. Noski. Horren mozkor egonik, nola konturatuko da. Kontuz, ez diot errurik leporatu nahi: hotz da han, eta emazteak utzi zuenetik, bakardadea jasangaitza izan behar du. Edaria irtenbide bakarra iruditzeko bezain jasangaitza. Baina berak erabaki zuen ipar poloan bizitzea. Inork ez zuen behartu. Eta emazteak utzi izana ere ziurrenik bere errua zen, lanean horren murgildua egonik jaramonik kasik ez zion egiten eta.

Handik mugitu, izotza atzean utzi eta beste leku beroago batera joan zitezen konbentzitzen ahalegindu zen emaztea, baina berak ezetz eta ezetz. Burugogorra ere bada. Lan eta lan, hotz artean. Eta emakumeak, noski, bere beharrak ere bazituen. Gizon hark ase ezin zitzakeen beharrak. Agian hark alde egin aurretik ere edariaren mendera eroria zen. Auskalo.

Orain berandu da. Berandu beste inora mugitzeko. Beste edonorentzat ez litzateke berandu izanen, baina berarentzat bai.

Xelebrea da zenbait jendek edari baten propaganda dela sinistea. Tipo hura ezin daiteke ezeren propaganda izan. Ezta bere buruarena ere ez. Edozein produktu izorratuko luke. Nork erosiko luke tipo lodi, zahar, kolesteroliko batek iragartzen duen produkturen bat? Masailak gorriak ditu, edariaren oroitzapen; sabela estalduko dion arroparik ezin du topatu; bizarra mozteko gai ere ez da, ile zuriek ia oinetara arte egiten diote; eta arropa gorri haiekin janzteko ohitura… mesedez. XXI mendean gaude. Mesedez.

Gainera pertsona bat da; eta pertsonak ez dira asmatzen. Pertsonak dira, edo ez dira, baina ez ditu inork asmatzen. Iragarki batek ere ezin ditu asmatu.

Egia esan, ez dakit zergatik jarraitzen dudan hemen. Edo bai. Agian badakit. Paga estra ona da. Ondo ordaindutako lana da. Lodikotearen leratik tira egin behar dut, besterik ez. Urtean behin. Ez azkarregi gainera, bestela eroriko bailitzateke, mozkorraren mozkorraz. Eta horregatik, lan xume horregatik, urte guztian ordaintzen didate, eta baita Gabonetan paga estra eman ere.

Agian ipotxen aurka zerbait egin beharko nuke. Baina ez didate horregatik ordaintzen.

Gainera ehizatik at geratzen naiz. Ehiztariek badakite ezin nautela ehizatu. Tiro bat botaz gero, erratuz gero nahigabean tiro egingo balidate ere, badakite zer gerta dakiekeen. Eta hori, noski, ez du inork nahi.

Zenbaitetan lan hau izateaz pozten naiz. Ez oso sarri, baina zenbaitetan bai.

 

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: