Etxe sorgindua

1 09 2012

Lehen atala:

non nire mamua ezagutzen dudan

eta zenbait gauza kontatzen dizkidan

Etxe hura erosi nuenean ez nekien mamurik zuenik. Berdin-berdin erosiko nukeen “detaile txiki” hori ezagutu izan banu, oso merkea zen eta, baina halakoez abisupean egotea ez legoke txarto azken bost eta hurrengo 56 urtetako aurrezkiak xahutzear zaudenean.

Mundu guztiak uste du mamuak etxe zahar eta erraldoietan bizi direla, mendixka baten puntan dauden harrizko etxe deslaietan. Ba ez. Nire pisuak (etxea ere ez baitzen)

  • 42.5 m2 zituen, eta hiri izan nahi zuen herri baten kale nagusian zegoen kokatuta;
  • bertara heltzeko ez zenituen beti udazkenean dagoen zuhaitzik zeharkatu behar, 3 pertsona edo 225 kilo garraiatzeko igogailuan sartzea baino ez zenuen;
  • nire pisua ez zen egoten beti hodei ilun liskartsuz inguratuta, nahiz eta pareten kolorea larregi atsegina izan ez;
  • eta batez ere ez zeukan norbait hil berri duten pertsonek izaten duten aurpegidun etxezainik, nahiz eta ziur nengoen 2A pisuko atsoak, Eugenya andreak, norbait hiltzeko gai delaz – aurpegi hori du eta.

Eta mamuak ez zeraman maindirerik, ez edredoirik, eta are gutxiago oraindik berunezko bola bat orkatilari lotuta – hori guztia ankerregia litzateke gero.

Neuzkan altzari apurrak pisura eraman nituen egunean ezagutu nuen “nire” mamua. Nik ohe egin daitekeen sofa zahartu hura atera nuen igogailutik, eta berak etxeko atea ireki zidan.

–Kaixo, ongi etorri –esan zidan, baina nik sofa hura mugitzearekin nahikoa nuen, eta ezin izan nuen ikusi ere egin. Ez nekien nor zebilen hizketan. Inoiz ez naiz oso gihartsua izan (egia modu txukun batean azaltzearren), eta bereak eta bi kostatzen ari zitzaidan traste itsusi hura mugitzea, beraz ez nintzen ohartu nire etxeko atea neuk zabaldu ez nuelaz.

–Kaixo bai! –erantzun nuen arnasestuka. Bazirudien bost solairuak oinez igo nituela– Laster aurkeztuko… kof kof… aurkeztuko dut nire burua –eta beste behingoz esan nion nire buruari erretzeari utzi behar niola.

–Lasai, horretarako denbora izango dugu.

Aurkitu nuen lehenengo gelan sofa utzi (hots, pisuko gela bakarrean), muxua sikatu, eta nire auzokidetzat nuena agurtzeko biratu nintzen. Ordurako, nire pisu barruan zegoen bera, nire atze-atzean, eta atea itxia zuen. Bueltatzerakoan nire sorbaldarekin jo nuen – edo behintzat, jo behar izan nuen, oso gertu zegoen eta. Kolperik ez nuen nabaritu, ordea.

Agian ezezagun bat nire etxean egoteak, eta atea ixteak, beldurtu behar ninduen. Baina nekatuegia nengoen horretarako.

–Kaixo berriz: Martin naiz neu –eta urrats bat atzera egin nuen, gertuegi neukan eta. Orduan antzeman nuen zerbait txarto zegoela neska hartan (neska zelataz ere ez nintzen ohartu une hartara arte, baina neska izatea ez zen “txarto” zegoena): kolore arraroa zeukan. Haragi kolorea, baina ez. Amamen arropa txikiak izan ohi duen kolore hori zuen, edota txikitan pertsonen aurpegiei kolorea emateko erabili ohi genuen Plastidecor kolore hura. Eta ez aurpegia bakarrik, arropak ere kolore berdinekoak zituen. Eta ilea. Eta zapatak. Eta belarritakoak. Eta hortzak.

Neuk, badaezpada, eskua luzatu nion.

–Ni zure mamua naiz –erantzun zidan–. Celia dei nazakezu.

–O. –Eta gero– Kaixo Celia.

Baina berak eskua emateko luzatu zidanean ezin izan nion hartu. Oraindik bere hitzak asimilatzen nenbilen. Mamua esan zuen?

–O –esan nuen berriz, bere eskua ezin hartu horrekin batera.

–Mamuek daukagun arazo bat, badakizu.

–O. Bai, badakit –gezurtu nuen. Mamua esan zuen berriz?–. Hala ere –jarraitu nuen, zerbait esatearren– nahiko itxura ona daukazu mamu bat izateko –eta hau ordea egia zen, oso gorputz polita zeukan eta. Mamu deitu nuen, oraindik benetan mamua ote zen ziur jakin ez arren–. Zera, lagunduko al didazu beste guztia igotzen?

–Ahal dudana egingo dut –baina ez zen asko izan. Egia zen gauzak ezin zituela ebatu.

Orduan konturatu nintzen baietz, mamua esan zuela. Eta baietz, mamu bat zela. Tira. Niri gertatu behar halakoak.

Nire asmoa etxe hartan bakarrik bizitzea zen. Neskalagunik ez neukan eta laster topatzeko itxaropen handiegirik ere ez (nire lagunartea nuen egoera horren erruduntzat, nahiz eta haiek itxaropen berdinarekin ikusteak nire egoera eramangarriagoa bihurtzen zuen). Elkarbanatutako pisu batean bizitzeko eginak nituen ahalegin denek amaiera beltza izan zuten, batez ere nitaz gustatuta zegoen tipo harena. Katu eta txakurrik edukitzeko ez nengoen egina, hamsterrak inoiz ez zaizkit benetakoak iruditu, eta txorien kantuek urduri jartzen ninduten, nire mugikorra uneoro deika zebilelaren sentsazioa ematen zidaten (mugikorraren musika 5 milioi aldiz aldatu arren).

Eta gainera, etxebizitza haren tamainak ez zuen beste ezertan laguntzen. Baina nire egoera ekonomikoak ahalbidetzen zidan bakarra zen; nigatik balitz alokairuan jarraituko nuke bizitza osoa, baina gurasoen eta gizartearen presioa bertan zen, eta etxea erosi behar izan nuen – agerikoa da besteei errua botatzeko dudan zaletasuna, ezta?

Baina orain mamu batekin elkarbanatu behar nuen. Hobe nuen ohitzen joatea.

–Eta denbora asko daramazu hemen bizitzen?

–Urtebete inguru, hil nintzenetik.

–O. Min asko egiten du hiltzeak?

–Ez egunero lanera joateak bezainbeste.

–O.

–Hil nintzenean gurasoek pisua salmentan jarri zuten, eta urtebete kostatu zaie saltzea.

–Ba agentziako neskak esan zidan duela hilabete jarri zela salgai eta pertsona asko zebilela atzetik.

–Gezurrak. Ez, zu izan zara urtebetean etorri den bakarra.

–O.

Eta horrela hasi genuen elkar ezagutzen.

Norbait hiltzen denean bizi izan den azkeneko lekura bueltatzen omen da bere mamua. Eta Celiak kontatu zidan bere gurasoek zuten pisu txiki hartan bizi izan zela hil baino arinago, eta bertan zegoela harrapatuta. Gauza da ezinezkoa zitzaiola pisutik ateratzea: atea gurutzatzen zuen bakoitzean sukaldean agertzen zen berriz, leihotik irteten bazen gelara zihoan zuzen, eta alboko etxebizitzak banatzen dituzten paretak zeharkatuz gero ostera komunean amaitzen zuen beti.

–Eta tunelik ez al da? Hiltzen zarenean, esan nahi dut, beti entzuten duzu tunel bat ikusten duzula hiltzerakoan…

–A bai, tunela. Egia da, hor dago, eta bestaldetik beti dago norbait deika, hara joateko esaten eta horrelakoak. Baina argi gehiegi dago bertan, eta gainera apurtxo bat aspergarria ere badirudi… Nik festa gogoak ditut oraindik.

–O –eta gero–. Eta zenbat urte zenituen hil zinenean ba?

–Hogeita bi. Kuban nengoen, eta bertako tipo batekin txortan aritu nintzen. Tipoak horren luzea zeukan non zerbait apurtu omen zidan hor barnean eta hil nintzen.

–O.

–Baina jadanik ez du minik egiten.

–Eta markarik ere badirudi ez dizula utzi –eta nire burua gorrotatu nuen hitz haiengatik–. Eder ikusten zaizu oso –eta egia zen.

–Eskerrik asko. Zu ere azken urte honetan ikusi dudan mutilik goapoena zara. Nire aita barne.

–O –nahiz eta jakin banekien beste inor ez zuela ikusi.

Eta horrela eman genuen asteburua. Mamu batekin bizitzea beldurgarria dela dio jendeak, baina niri munduko esperientziarik atseginena iruditu zitzaidan. Astelehena heldu bitartean behintzat.

Bigarren atala:

Non nire mamua eta biok astebete elkarrekin ematen dugu,

ia

Beti berandu dabilen pertsona horietarikoa naiz. Batez ere goizetan. Batez ere astelehen goizetan. Lo egitea gustuko dut, gosaltzea, bizarra moztea, arropa janztea edota lanerako bidea egitea baino gehiago; beraz, beti saiatzen naiz lotan ahal bezainbeste denbora igarotzen, eta beste ekintza guzti horiek ordea ahalik eta azkarren egiten.

Horretarako behar duzuna zera da: iratzargailu on bat, janaria izatea hozkailuan (sukaldean, orokorrean), komuna, arropa (garbia, aukeran), eta lana etxetik gertu izatea.

Horretarako behar ez duzuna zera da: mamu bat. Hobe esanda, usadioak mantentzen dituen mamu bat.

8:40tan altxatu nintzen astelehen hartan, pisuan altxatu nintzeneko lehen astelehenean. 9:00tan egon behar nuen lanean. Hozkailua bete berria nuen, beraz lehen atala ondo zihoan. Komuna ostera itxita zegoen. Atea jo nuen.

–Banoa! –oihukatu zuen Celiak ateaz bestalde.

Halako gauzak zituen Celiak: gauza gehienak oratzeko ezgai zen, baina etxeko ate guztiak zabaldu eta ixteko gai bazen ordea. Janztea erabaki nuen.

Bi minututan jantzi ondoren (gurasoenetik arropa ekarri berria nuen, beraz erraza izan zen garbi eta lisatuta zegoen zerbait topatzea; laster aldatuko zen hori), komunak blokeatuta jarraitzen zuen. Berriz jo nuen atea.

–Banoa, banoa!

–Presaka nabil! –eta berriro jo nuen atea. 8:52.

Celiak atea zabaldu zuen. Aurreko egunean bezala ikusi nuen neuk. Eta herenegun bezala. Han barruan horrenbeste denbora zertan igaro ote zuen galdetu nion nire buruari.

–Jesus, zelan jartzen zaren! Nire burua txukuntzen niharduen!

–O –eta nire albotik pasa zen larregi pozik ez zenaren itxuraz–. Barkatu, baina ni lanera joan behar dut, zuk ostera egun osoa duzu horretarako: ezin al duzu beranduago egin hori? –eta benetako galdera bat zen eta ez kexa bat, ni kexatzeko edo errieta egiteko ez bainintzen oso ona.

–Bai, baina ohiturak mantentzea gustatzen zait –bizitza osoa gauza berdina egiten eman duen norbaiten irribarrea agertu zitzaion–. Usadiotako neska naiz ni, oso tradizionala izan ez arren.

–O –eta gero–, baina orain mamu bat zara, ez neska bat.

–Bai, hori ere bai.

Ez nion jaramon gehiagorik egin, berandu bainenbilen. Komunera sartu nintzen, eta orduan Celiaren (eta orokorrean, mamuen) beste zerbait ikasi nuen.

Askotan uste duzu ia guztiz gardena den norbaitek ez duela behar fisiologikorik izanen: ba bai, bazituen. Eta gainera, komuneko ponpa erabiltzeko gai ere ez zen, beste gauza asko ukitzeko gai ez zen moduan. Baina usaina sortzeko gai bazen, ostera.

Ez hori bakarrik, hilerokoa izateko gai ere bazen. Ez dakit hori ere ohituraren parte izango ote zen, baina ezezkoa izan zedin erregutu nuen, hilerokoak sor ditzakeen “ondorioak” garbitzeko kapaz ez zelako.

Ondo ulertu nuen niri egokituko zitzaidala usainez arduratzea, bera usadioez arduratzen zen bitartean.

Eta lanera berandu heldu nintzen.

***

Asteartean ez nintzen berandu heldu lanera: astelehen gauean akordatu genuen bere ordutegia aldatzea, neuk diru asko ordaindu nuelako bertan bizitzeko eta komuna nahi nuenean erabiltzeko eskubidea merezi nuela ulertu baitzuen Celiak.

Ez zen negoziaketa erreza izan, eta sofan geratu ginen biok lo. Beraz asteartera arte ez nintzen nire gelara bueltatu.

Gela hartan igarotzen nuen lehenengo gaua bailitzan sentitu nintzen orduan, larunbat gaua gurasoen etxean igaro bainuen eta igandean ordea zerraldo erori bainintzen ohera, trasteak batetik bestera mugitzeaz neka-neka eginda.

Gela hura gustuko nuen. Txikitxoa zen, etxe hartako beste edozein txoko bezala, baina nortasuna zuen. Argazki pare bat faltan zituen, eta lanpara aldatu beharko nuen, eta agian sabaia margotu nezakeen kolore orlegi ixo hark ez baitzion onik egiten; baina musika estereoa primerakoa zen, eta ohea berriz handia eta erosoa. Izatez, nire burua imajina nezakeen bertan neska batekin. Orduan neska hura etorri zitzaidan burura…

Eta apurtxo bat ukitzeko ordua heldu zela iruditu zitzaidan. Lau egun neramatzan pisu hartan eta oraindik “estreinatu” gabe nuen, eta azkenik bakarrik nengoen logelan, eta neska hura buruan… piztuta nengoen, eta nire burua apurtxo bat laztantzea txarrik ez zidala egingo iruditu zitzaidan. Oraindik bero zen, beraz maindireak eta izara ere kendu nituen, askeago egoteko. Lasaiago ukitzeko.

Astiro joan nintzen bost minutuz, une hartaz gozatu nahi nuen eta; gero azkarrago hasi nintzen gora eta behera, eta azkarrago, eta azkarrago…

Eta orduan Celiak pareta zeharkatu zuen.

–Aaarrrgg! Baina zertan zabiltza?!?!?

–Oh!! Ba, zera, ni… –eta zerbait hura bota nion. Ezin izan nuen gelditu. Celia zeharkatu zuen.

–Aaaaarrgg!! Zikin hori!!! Baina zelan ahal duzu… –eta eskuak aurpegian zituela, oihuka, pareta berriz zeharkatu zuen, korrika.

Zerbait jantzi nuen eta bere bila atera nintzen. Ordurako jadanik komunean zegoen eta atea itxia nuen. Dei egin nion, baina alferrik.

Gelara bueltatu nintzen, zerbait garbitu behar nuen eta.

***

Gure ordutegi hitzartua zela medio (edo hori sinistu nahi nuen nik behintzat), asteazken goizean ez nuen Celia ikusi. Ez dakit zer esango niokeen ikusi izan banu, baina nolabaiteko barkamena eskatu nahi nion, horrelako egoera deserosoei buruz hitz egitea gustatzen zaion tipoa izan ez arren (norbaiti gustatzen al zaio horrelakoei buruz hitz egitea edo?)

Ziurrenik halako zerbait esango nion: “Celia, atzokoari buruz, ez nuen nahita egin”, edota “ez nizun zuri bota nahi”, edo hobe oraindik, “ez nuen zuk ikustea nahi”. Halakoa nintzen ni hitzekin.

Lehendakari banintz, ziur gerrak sortzeko abilezia ederra izango nuela. Gerra nuklearrak.

Lanetik bueltatu nintzenean sofan botata zegoen. Ez zidan agurrik zuzendu, ez eta nik ‘kaixo’ lotsati bat esan nionean ere. Afari apur bat prestatu nuen azkar batean, eta bere alboan eseri nintzen, pasta platera eskutan. Etxea isil zen. Kontrola hartu eta telebista piztu nuen.

Kirol batean ere ona ez den beste edozein pertsonak bezala, futbola nuen gustuko. Eta asteazkenetan nazioarteko partiduak zeuden telebistan, partidu guztien artean onenak. Isiltasun hura betetzeko modu aproposa iruditu zitzaidan. Egun hartan Portugal eta Errusiako talde batzuek jolasten zuten, niretzako beste edozein talde bezain interesgarriak izan zitezkeenak.

Baina Celiarentzat ez. Nik partidua jarri bezain pronto, berak zerbait egin zuen eta kanala aldatu zen. Kontrola erabili gabe, eskuaren keinu arraro baten beharra baino ez zuen izan.

–O –esan nuen atsekabetuta–, uste nuen ez zenuela telebista ikusi nahi.

–Berdin zait, baina piztekotan merezi duen zerbait jartzea ondo legoke ezta? –eta irribarre egin zuen. Ez zirudien haserre zegoenik.

–O, –eta gero– eta zer jarri duzu ba?

–“Mamu artean”. Mamuekin hitz egiten duen neska baten istorioa. Egia galantak esaten ditu, ziur idatzi duenak mamu bat duela etxean. Asko ikas dezakezu!

–O, –eta gero– baina nik futbola ikusi nahi dut. Mamuen gauzak ikasteko, zu zaitut –eta hau ere ez zen kexa bat izan.

–Baina futbola aspergarria da! Beti berdin, urtero berriz hasten dira, beti talde berdinak… Gainera pertsonaia nagusia neska ederra da hemen, begira! –eta egia zen, bular ederrak zituen gero. Agian Celiarenak baino hobeak. Celiari bularrak begiratu nizkion. Ez, Celiarenak hobeak ziren.

–Baina neu… –protestatzen saiatu nintzen, baina alferrik.

–Begira begira! Ondo ikusten da, guk nahi dugun pertsonek baino ezin gaitzakete ikusi! Bizitza errealean bezala!!

Eta horrela aritu zen beste ordubetez, mamuen berezitasunak gora eta behera. Kapitulua amaitu zenean, partidua ikusi nahi nuen galdetu zidan.

–Ba bai, inporta ez bazaizu…

–A ez, beittu, beste kapitulu bat hastera doa! Primeran!

Eta beste kapitulu bat hasi zen. Burua bere hanketan jarri nuen lo egiteko, baina hauek ere zeharkatu nituen. Hala ere, bertan geratu nintzen lo. Iratzargailua ez nuen piztu eta hurrengo egunean berandu heldu nintzen lanera, baina oso gustura egin nuen lo burua bere gorputz gardenaren barnean nuela.

***

Unibertsitate garaietan ostegunak “ostiral berriak” zirela esan ohi genuen, eta edatera irteteaz gain, porro-kontsumoa ere areagotzen genuen.

Unibertsitate garaiak pasa eta gero kasik ez nintzen ostegun gauetan irteten, baina pare bat porro erretzearen ohiturari eutsi nion, garai haiek nolabait bizirik mantentzeko. Lanetik bueltan, Celiari porroren bat eskaintzea bururatu zitzaidan: garagardoa (eta beste edozein likido) ezin zuela edan esan zidan, baina erretzeari buruz ez zuen ezer aipatu, eta egunero berari buruz zerbait berria ikasten nuenez, ba auskalo.

Baina gero gogoratu nuen telebistaren kontuarekin haserre egon beharko nintzatekeela oraindik: telebista nirea zen, eta Celiak ez zeukan zertan harekin nahastu beharrik.

Beraz etxera heldu nintzenean zuzenean nire gelara joan nintzen; atea itxi, estereoaren pletinan gordetzen nuen marihuana hartatik zerbait hartu (inork ez ditu egun kaseteak erabiltzen jada, beraz ezkutaleku bikaina iruditu zitzaidan; harro nengoen guztiz aurkipen hartaz) eta pare bat txirri bildu nituen. Piztu nituenean gelari mesede bat egiten ari nintzaiola ere pentsatu nuen, jadanik bereganatua zuen tabako usaina ezkutatzen ari nintzen-eta (erretzaile moduan, huraxe nabaritu ezin nezakeen arren). Marihuana niretzat betidanik izan da nire amarentzat arrosak zirena.

–A ez, hori ez –esan zuen Celiak pareta zeharkatu zuenean.

–Barkatu? –nik, galduta. Bi gauza azal zitzan eskatu nahi nion harekin: zergatik sartu zen berriro deitu gabe nire gelara, nahiz eta jakin banekien deitzea ez zeukala oso samur, gauzak ukitzeko ezintasun hura tarteko; eta ea zer zebilen debekatzen oraingoan.

–Porroak, nire etxean, ez –eta besoak gurutzatu zituen.

–Baina hau ez da zure etxea, nirea baizik!!

–Barkatu, nor bizi zen hemen lehenengo?

–Bai, baina ordaindu dudan guztiarekin… –eta oraingoan bai zen kexa bat, alferrikakoa izan behar zuela argi nuen arren: beti izan naiz desastre hutsa eztabaidetan, eta egoera txarragoa zen oraindik ezbaia neska batekin baldin bazen (oharra: nire ama ezin da sartu “neska” talde horren barruan).

–Beeeti berdin, beti diru kontuak gora behera, ene-jaun-dirudun-hori –eta iseka doinua ere bazen bere hitzetan.

–Baina baina…

–Beittu, errespetu falta itzela da hau: mamuoi marihuanak sekuuuuulako kaltea egiten digu, arima zikintzen baitigu eta larmintza zahartu. Begira, begira bestela –eta masailak begi aurrean jarri zizkidan. Gorputz (gorpu?) guztia estaltzen zion haragitasun haren erdian puntu beltz batzuek nabari zitezkeen.

–Bai, egia da zerbait bertan dela…

–Ba hori, hau kanpora doala –eta putz egin zuen, porroa amatatzeko. Ez zuen lortu, baina putz egiteko trebezia berri horrek miretsi ninduen.

Porroa amatatu, argia ere amatatu, ohean sartu eta lotara joateko prestatu nintzen.

–Ba ez dut hemendik alde egin behar, zu ezagututa ziur ospa egin bezain pronto berriz pizten duzula gero… –eta ezagutzen ez ninduela pentsatu nuen.

Bere haragi kolore horrek ilunetan distira egiten zuen, beraz ez zitzaidan erraza suertatu gau hartan lokartzea. Gainera, bera bertan egonda, ezin izango nuen biluzik lorik egin. Ez eta maindire azpian puzkar xuaberik bota.

Ez nengoen pozik, ez.

***

Ostiral osoan zehar mantendu nuen haserre hura. Horregatik, lagunek pare bat garagardo hartzera gonbidatu nindutenean, aukera bikaina iruditu zitzaidan mamuaren kontu hartaz ahazteko. Ez lagunei ezer kontatuko nielako, zorotzat hartuko baininduten nire pisuan haragi-koloreko arropa eta hortzak dituen neska bat bizi zela esango banie (tira, nire lagunek bakarrik ez); baina behintzat 42 m2-tako zulo hartatik ateratzeko aukera banuen. Barkatu, 42.5.

Eta Celiak etortzerik ez zeukala banekielako.

Nora joan behar nuen ere ez nion kontatu, agian horrek pittin bat suminduko zuelako, edota apika misteriotsu itxura emango zidalako.

Jakin banekien nire lagunek pare bat garagardo ziotenean hamarretik gora esan nahi zutela. Baina hori aitzakia bat baino ez genuen lanaz, futbolaz, politikaz eta (lehen lau garagardoak hustu ostean) neskei buruz aritzeko. Horrela izan zen azken 10 urteotan eta, beraietariko inork neskarik topatzen ez bazuen behintzat (eta, maltzurra izan nahi gabe, ez dut uste hori etorkizun hurbil batean gerta zitekeenik), hala jarraituko zuen hurrengo hamar urteetan ere.

Bosgarren garagardoaren eskutik komunera joateko gogoak ere heltzen zitzaizkidan normalean, eta ostiral hartan ere nire gorputzak erloju suitzarren moduan funtzionatu zuen. Ezberdintasuna ostera oraingoan komunean Klaudia topatu nuela izan zen. Nesken komunean zegoen bikote hari itxaroteaz nazkatuta, mutilenera sartu zen, eta bertan aurkitu nuen nik.

–O, inoiz ez nuen pentsatuko zu moduko neska eder bat izatez mutila zenik. Tira, pena da… –eta, normalean gertatu ohi denaren kontra, berak barre egin zuen.

Komunetik irten ginenean ez nintzen lagunengana bueltatu, barrara joan ginen biok trago eske. Nire lagunak, egoeraz ohartzerakoan, oihuka hasi ziren (ezohiko gertaera zen hura gero gure lagunartean), baina neuk entzun ere ez nituen egin, ahoa Klaudiarenarekin bat eginda baineukan, eta horrek, nolabait, beste zentzu guztiak amatatu zizkidalako.

Gauzak azkar joan ziren eta nire pisura joatea erabaki genuen. Nik pisua itxuroso nuela pentsatu nuen eta ideia ona iruditu zitzaidan. Ez nintzen Celiataz oroitu.

Igogailua luze egin zitzaigun, baina ez genuen denborarik galdu. Etxeko atea begiak itxita nituela zabaldu nuen, ahoa oraindik Klaudiarenean sartuta eta aske nuen eskua bere atzealdeko patrikan. Nire gelara heldu orduko, arropa erdiak kenduta genituen. Bera ohean etzan zenean, bere tangatxoa kentzeari hasi nintzaion, denbora gehiagorik galdu nahi ez nuela.

–Ala, ez zenidan esan inor ekarri behar zenuenik! –entzun nuen, bat-batean. Celia zen. Begiak zabaldu nituen, eta ohean etzanda zegoen, gure alboan. Klaudiak burua Celiaren sabelaren barruan zeukan–. Lasai, lasai, nigatik ez kezkatu, berak ezin nau ikusi ez entzun, eta nigatik bada, egizue hemen ez banengo bezala…

–Ondo zaude? –galdetu zidan Klaudiak orduan–. Zergatik gelditu zara?

–Ezer, ezer… –baina gezurra bailitzan esan nuen– denbora hartu nahi nuen besterik ez, zutaz gehiago gozatzeko –eta egoera konpondu izanaz harro sentitu nintzen. Berriz ekin nion lanari.

–Apur bat pinpirina ere bazara –eta Celiaren komentario hari jaramonik ez egiten saiatu nintzen.

Bitartean, guztiz biluzik, Klaudiak slip-a kendu nahi zidan. Ni gertu nintzen, eta berak nabaritu zuen.

–Jeeeeesus, halako gauza txikitxoa izan banu Kuban hankartean, oraindik egongo nintzateke bizirik…

–Isilduko zara?!? –oihukatu nion, nire nahien kontra. Urtebetean botatzen nuen lehen oihua zen. Azkenengoa nire gurasoen auzokideen txakurrari zuzendua izan zen.

–Zer?!? –harritu zen Klaudia.

–Err, zera esan nahi nuen, jarraituko al duzu horrela? –baina oraingoan ez nuen konpondu–. Oso gustura nagoenean zer diodan ere ez dut jakiten sarri… –eta konpondu gabe jarraitu nuen.

–Tira tira, banoa hemendik –hasi zen berriro Celia–, badakit noiz ez nauten nonbaiten nahi… gainera, zarata larregi dago gela honetan eta, egia esan, saio hobeak ikusi ditut bazkalosteko telefilmetan –eta pareta zeharkatuz desagertu zen.

Klaudia bazirudien oraindik zerbait egiteko gogoarekin zebilela. Niretzako, ordea, beranduegi zen.

Nire bizitzako lehen gatilazoa izan nuen.

***

–Zer da nigandik nahi duzuna?!? Etxetik alde egin dezadan?!? Hori bada, bide onetik zoaz bai!! –oihukatu nion Celiari Klaudiak pisua nire barkamen artean utzi ostean. Esan nion larregi edan nuela, eta berak ez kezkatzeko esan zidan eta hori dena, eta deituko ninduela, baina biok genekien inoiz ez zuela halakorik egingo.

–Ups, norbaitek ez du gaua ondo amaitu antza denez… Esaten nuen neuk, neska horrek larregi azkar egin duela alde… –sofan zegoen botata, lasai asko, Celia. Telebista ikusten ari zen. Aurpegira begiratu ere ez zidan egin. Irribarretsu eta humore oneko zen–. Uste dut apurtxo bat ere beldurtu egin dela telebista piztuta ikusi duenean koittaua…

–Zergatik egin zenuen hori, esan?? Zergatik aritu zara aste osoa ni haserretu nahian??? Porroak ez baziren, futbola zen, edo komuna, eta… eta hauxe??? Hauxe larregi izan da!

Mugitu ere ez zen egin. Telebista ikusten jarraitu zuen, nik txikitan egin ohi nuen moduan amak errieta egiten zidan bakoitzean.

–Zer nahi duzu?? Alde egin dezadan nahi duzu?? –errepikatu nion, aztoratuta.

–Benetan jakin nahi duzu zer nahi dudan?

–Bai! BAI!! B-A-I!!!

–Ados.

Eta kontatu egin zidan.

Hirugarren atala:

non Celiak nigandik zer nahi duen kontatzen didan,

eta nik betetzen dudan.

Ez da gauza erraza mamu bat gezurretan ari denentz jakitea. Azken finean, mamuek ez dute egia esan behar, Zerura joan beharreko presio hori ez baitaukate. Hilda badaude, Zerua ezaguna zaie, edota agian mundu honetan jarraitzea da Zeruan egotea, auskalo. Mundu honetan jarraitzea infernua ere izan daiteke, baina tira, horiek beste kontu batzuek dira.

Bestalde, mamuak beraien gauzez dihardutenean, zaila da kontatzen dituztenak sinistea. Batez ere “beraien gauzak” nahiko arraroak izaten direlako. Edo behintzat Celiaren kasuan nahiko arraroak zirelako.

–Berriz ere bizi nahi dut –esan zidan Celiak– . Hau da, berriz bizirik egon nahi dut. Eta badago horretarako bide bat.

–A bai? –eta haserreaz ahazten hasi nintzen. Ez nuen halakorik espero.

–Bai. Hiru gauza baino ez dira behar horretarako, baina ez da horren erreza haiek lortzea.

–Eta zeintzuek dira ba gauza horiek?

–Hiru “gauza” horiek zera dira: batetik, bizirik dagoen eta laguntzeko prest dagoen pertsona bat.

–Hori ni izan naiteke –erantzun nuen azkar asko, eta behar ninduela jakiteak poztu ninduen. Hurrengo bi gauzetarako prestatu nintzen.

–Bai, zu izan zintezke –eta begiekin hasperen egin zuen–. Bi: nire hilarria berreskuratzea, gorpua barruan dagoela. Erraustuz gero honek ez du funtzionatzen, horregatik ez dut ulertzen pertsonak erretzearen moda hori.

Horren aurrean ez nuen jakin izan zer erantzun. Gau ilun batean imajinatu nuen nire burua, euritan blai, tximistapean Celiaren hilarria azaleratu nahian induskatzen. Ez zitzaidan larregi gustatu irudi hura, baina hirugarren “gauzaren” zain geratu nintzen.

–Eta hiru –jarraitu zuen–: ba betikoa, badakizu, traste mordoa, kandela batzuek (gorriak, aukeran), krokodilo haginak, igel hilak, hodei zatiak eta halakoak. Badakizu.

–O, bai, badakit –baina ez, ez nekien. Berdin zioen, horren zaila ez zirudien, nahiz eta kandela gorriak aspaldian ez nituen ikusiak.

–Orduan zer, egingo al duzu hori guztia nigatik?

Eta noski, baietz esan nuen. Batetik, bakean uzteko gogoak banituelako, paretak zeharkatzerik eduki ez zezan eta halakoengatik. Bestetik, koloretako arropa ondo geratzen zitzaionentz jakin nahi nuelako. Edota hobe esanda, arropa gabe zelan egongo ote zen jakin nahi nuelako.

Gauza da baietza eman niola. Bera poztu egin zen (“primeran!” esan eta masailean muxu bat ematen saiatu zen, lortu gabe), eta bere hilarria non aurki nezakeen esan zidan. Gau hartan bertan joateko ere esan zidan, baina Klaudiarekin izandako “ezbeharraren” ostean, beste baterako uztea erabaki nuen. Berak biharamunean lortu beharreko gauza haien guztien zerrenda bat diktatuko zidala agindu zidan. Asteburu hartan ere lanpetuta ibiliko nintzen.

Lasai asko lo egin ondoren, hurrengo egunean buru-belarri jarri nintzen egitekoarekin: intimitate apur bat lortzeko bidea hura bazen, korrika bizian igarotzeko prest nengoen.

Dena den, guzti haren inguruan Celiak egia esan ote zidan edota bart egindakoaz ahaztu nendin asmatu berri zuen ipuin bat ez ote zen, ez nekien. Baina aste hura errepika ez zedin nuen irtenbide bakarra bere joko horretara jolastea zenez, zenbat eta arinago jolastu hobe. Ea irabazteko gai nintzen.

Egin beharrekoak zenbatzen hasi nintzen. Behar zuen lehen gauza ni nintzen, beraz konpondua. Bigarrengoa bere hilarria, gorpua barne. Ez dakit, ezin nintzen familiarengana joan eta beraien alaba berpiztu nahi nuela esan, arren hilarria eskuratzerik posible ote nuen galdetu. Ez eta hilerrira hurbildu eta bertako tipoari laguntza eskatu hilarria kotxean sartzeko, ez. Lan hori gauean egin beharko nuen: hilarria lapurtu beharko nuen – eta hori pentsatzearekin batera, irudi hori etorri zitzaidan berriz burura, non ni ekaitz baten murgilduta lokatz artean zulo bat zulatzen niharduen.

Eskurago nuena Celiak goiz hartan gosaltzen nenbilela errezitatu zidan zerrenda zen.

–Lortu behar duzuna –esan zuen duela astebeteko arropa berbera soinean zeramala gelan bueltaka zebilela; ni ere, arropa berdinarekin horrenbeste denbora egonez gero, nahi izango nuke bizitzara berriz bueltatzea– zera da. Apuntatzeko prest? –buruarekin baiezkoa egin nion, eta han hasi zen:

 

“Lau kandela gorri, Antzinako Egiptokoak posible bada, Mesopotamiakoak bestela;

sexurik gabeko bi tximeleta ar beltz;

krokodilo agin txikitu edo birrindu hiru;

bi hodei orlegi eta haizearen koloreko beste bat;

hiru igel hegalari, hilda aukeran (bestela geuk hil beharko ditugu);

banpiro odola, litro t’erdi;

eta Inka garaiko loreontzi bat, urre eta eguzkiz egindakoa”.

Ez zirudien horren zaila. Bakarrik gauza haiek guztiak non sal zitzaketen pentsatu beharra neukan – eta laster asko etorri zitzaidan burura: Txinatarren denda.

Egun auzo guztiek izaten dute Txinatarren denda bat. Izenak, antzerakoak: super Txinatarra edo horrelako zerbait. Gurea “Super Txinatar Handia” zen, eta eguneko ogitik hasita (inoiz ez zuten esaten zer egunetakoa ordea, bakarrik egunekoa zela) X filmak arte (txinatarrak edo ez) saltzen zuten: ziur beraien seme-alabak edota autoa saltzeko prest ere bazirela, eskaintza egokia eginez gero behinik behin (eta ia edozer zen “eskaintza egokia” beraientzat)

(OHARRA: ez konfunditu restauranteekin. Haiek panda, alaia, lorategi, hartza edota liz bezalako hitz sofistikatuak erabil ditzakete beraien izenetan.)

Bertara zuzendu nintzen eta, jabeen laguntza apurtxo bat erabili ondoren, zera erosi nuen:

  • Tximeleta itxura zuten bi lanpara: sexurik ez zuten, arrak ziruditen, baina beltzez margotu beharko nituen
  • Krokodilo hortzeria oso bat, txikitu gabea (etxean egin beharko), eta 3 karies zituena
  • Koloretako kotoia: hodeien itxura zeukan
  • Hiru igel hegalari, baina bizirik oraindik, eta Txinatarrek ez zituzten hil nahi izan zorte txarra omen dakarrelako
  • Beraien aitonaren bi litro odol: banpiroa zela esan zidaten behin eta berriz
    • Eguzki bat margotua zuen urre koloreko aterkientzako ontzi bat, haien esanetan loreontzi bezala balio zezakeena. Inkena zela esaten zidaten, baina nik Made in Taiwan irakurri nuen nonbait.

Hala ere, kandela gorririk ez zeukaten (ez da horren erraza halakorik topatzea gaur egun) eta amaren etxera joan behar izan nuen haien bila.

Pisura eraman nituen osagai guztiak, Celiaren kexak jasan nituen (“odol hau ez da banpiro batena!”, “hau ez da Mesopotamian egina” eta horrelakoak, nahiz eta loreontziak harrituta utzi zuen), eta gero bere esanak jarraituz salda moduko bat prestatu nuen. Ez zidan zertarako zen esan.

Gautu zuenean hilerrira hurbildu nintzen autoan. Mundu guztiak uste du hilerriak leku triste baina politak direla, larreez inguratutakoak, non hildakoek ederki har dezaketen atseden. Ba ez. Edo behintzat, denak ez: Celia lurperatua zegoenekoa ez bederen. Izatez lurperatua ere ez zegoen, beste jende askoren artean pilatua baizik, pareta baten erdian. Bertara heltzeko, gezi forma zuten harresiak saltatu behar ziren, bere txakurrarekin batera lo zegoen zaindaria itzartu gabe, segurtasun kamarengandik ihes egin behar zen eta txortan zebilen bikotea ez zen molestatu behar (atetik ere sar zintezke eta orduan ez zenuke zertan hori guztia egin beharko, baina tira, hori beste kontu bat da).

Asko aldatu dira hilerriak txikia nintzenetik: segurtasun kamerak, alarmak eta halakoak dituzte orain bertan, lehen aipatu bezala. Agian hildakoren bat gauez altxatuz gero arazorik sor ez zezan egingo zituzten halakoak. Tira.

Gauza da Celiaren hilarrira heldu nintzela, mailuaren laguntzarekin xafla baztertu nuela puskatu gabe (baina C-a erori zitzaidan, eta aurrerantzean Elia izan beharko zuen Celia bertara hurbiltzen zirenentzat), hilarriaz tiro egin nuela atera arte, gurpildun eskorgaren gainean jarri nuela harresiraino hurbiltzeko, harresiaren azpitik pasa nuela zulotxo bat egin ostean, eta maletategiaren atea itxi ezin arren, autoan sartzeko gai izan nintzela. Txortan zebiltzanak ikusi ninduten, baina beste lehentasun batzuk zituzten haiek.

Hilarria etxean nuen hozkailuak zekarren kaxaren barruan sartu eta etxera igo nuen. Goizeko hiruak ziren. Ez zebilen inor kalean eta are gutxiago igogailuan. Nire lagunak mugikorrera deika ziharduten Klaudiaren istorioa jakiteko irrikan. Eugenya andrea itzartu zen igogailuan kolpeak entzuterakoan, baina ez zuen ezer esan. Bazirudien Celia eta biok baino ez geundela esnatuta hiri osoan.

–Honen erdia edan behar duzu –esan zidan Celiak. Kandelak piztuta zeuden, baina ez dakit zelan lortu ote zuen haiek piztea.

–O. Ona al dago?

–Neuk beste erdia hartuko dut –eta ordura arte edatea ezinezko zuela esan zidan arren, loreontzia esku biekin hartu zuen eta edan egin zuen. Nik, segidan, berdin egin nuen–. Orain, eseri gaitezen hilarriaren gainean, begiak itxi, eta itxaron dezagun –eta hala egin genuen.

Hiru minutu inguru pasa eta gero, begiak zabaltzeko esan zidan Celiak, eta nik hala egin nuen.

Zuri zen. Ez zegoen inor, ez ezer, ez inon, ez inora, ez inondik, ez inoiz, ez noiztik. Leku hura utzik zegoen.

–Non gaude? –galdetu nion alboan nuen Celiari. Jadanik ez zeukan haragi kolore hura bere gorputzaren parte guztietan. Ilehoria zen eta begi urdinak zituen. Azala zuri-zuria zuen. Irribarre egiten zidan.

–Erdibidean.

–O –eta isilik geratu ginen apur batez.

***

–Begira –hasi zen Celia.

–Esan –lagundu nion, isilik geratu zela ikusita.

–Zera… uste dut gauza bat ez zenuela ondo ulertu, gehienbat nik txarto azaldu nizulako –begiak beherantz begira zituen, behealdea goian edota ezker-iparraldean egon zitekeen arren.

–Eta zer da hori ba?

–Zera, nik… gogoratzen duzu zelan esan nizun 3 gauza behar zirela ni bizitzara buelta nendin, eta haietariko bat pertsona bat zela?

–Bai, eta neu boluntario agertu nintzen azkar asko.

–Bai, eta eskertzen dizut… baina gauza da –eta orain gora begira ari zen– biotariko bat baino ezin izango duela pisura bueltatu.

Ez nuen ulertu, eta aurpegian sumatu zitzaidan nonbait, Celiak azalpenak ematen jarraitu baitzuen.

–Hau da, hemen gauden biotatik, batek baino ez daukala bizitzeko aukera, biok ezin gaitezke batera bizi. Bietariko batek, zuk edo nik… hil behar du. Munduan pertsona kopuru zehatz eta mugatu batentzako lekua baino ez omen dago, eta ezin dugu biok leku honetatik berriz pisura bizirik itzuli.

–O –eta pentsatzen hasi nintzen–. Eta ezinezkoa da biok batera bizitzea –esan nuen pentsatu ondoren, eta berak buruarekin ezezko keinua egin zidan–. Eta zuk nahi zenuen ni gera nendila hemen eta zu ostera hara bueltatzea…

–Bai –eten ninduen–, baina orain ez ditut gauzak horren argi ikusten…

Laugarren atala edo epilogoa:

Non gerokoak azaltzen diren

edo beste istorio bat hasten denekoa

Komunean goizetan lehen sartzea gustatzen zait, aurretik sekula horrelako ohiturarik eduki ez dudan arren. Celiaren kolpe eta oihuak gustuko ditut, itxaroten duen bitartean.

Orain berak ordaintzen du pisua. Bere guraso eta lagunek ez dakite bizirik dagoenik, eta horrela jarrai dezan nahi du berak; bere gurasoak ez ditu beldurtu nahi, eta lagun berriak egingo ditu noizbait (horretarako erraztasuna du berak).

Koloretako arropak primeran geratzen zaizkio, eta paretak zeharkatzea gustatzen zait bera biluzik harrapatzeko. Halakoak gara mamuak.

–Aizu Martin –esan zidan aurrekoan. Inoiz ez zuen nire izena erabiltzen bizirik nengoenean–. Pentsatzen ibili naiz eta… zera… nitaz maiteminduta al zeunden? Zera, esan nahi dudana hau da… azken finean, nolabait zure bizitza eman duzu niregatik, eta hori jende gutxik egingo luke…

Erantzuna banekien, baina inoiz ez nuen aurretik onartu edota horri buruz pentsatu. Gorroto nuen lanari buruz hitz egin niezaiokeen erantzun moduan, hori dela eta hil nintzela eta ez beragatik; edota Klaudiarekin berriro topatzea baino nahiago nuela hilda egotea, edo pisu hura txikiegia zitzaidala bizitza arrunta eramateko, edota nire bizitzak beti berdina izatea baino ez zuela eta berak nik baino gauza gehiago zituela ikusteko eta bizitzeko…

–Celia –esan nion–, gogoratzen duzu gau hartan pareta zeharkatu zenuenean, eta ohean topatu ninduzunean neu bakarrik, zera, ukitzen edo…

–Zelan ahaztuko dut ba?!? –eta irribarre bat agertu zitzaion.

–Zugan ari nintzen pentsatzen.

–O.

Eta isiltasuna egin zen gure artean. Lehen aldiz Celiak nire “O” horietariko bat erabilia zuen. Zeresan gabezia adierazten zuten.

–Horregatik galdetu nizun baita ea ez ote zen posible biok bizirik geratzea; biok hilda egoteko denbora izango dugu.

–O. Tira, izatez… –hasi zen Celia. Bere hilarriaren gainean zegoen eserita, oraindik sukaldean mantentzen baitzuen. Xafla hura bere lekuan jarri nuen hilarria atera ondoren, beraz 20 urte barru arte-edo salbu egongo zen hilarria sukalde hartan–… izatez ba omen da bide bat biok batera egon gaitezen, bizirik batera esan nahi dut…

–A bai ala? –eta poztu egin nintzen. Poztasun hark gauza asko argitu zizkidan.

–Bai, baina nik ez dut ezagutzen. Horretarako tunela zeharkatu eta argia jarraitu behar duzu, eta han esango dizute zer egin daitekeen, zerbait egiterik bada behintzat. Hori da nik entzun dudana…

–O, baina neu gustura nago hemen… –baina hobeto pentsatu ostean– nahiz eta agian hor hobeto egongo nintzen, ezta?

–Bai… –eta nirekin benetan egon nahi balu bezala esan zuen.

Eta isilik geratu ginen. Biok genekien zer egin behar nuen. Masailean muxukatzen saiatu nintzen, baina ezin izan nuen.

–Gauza bat bakarrik… uste duzu berekoia izan nintzela hemen geratzean eta zu horra joaten uzterakoan?

–Hori pentsatuko banu, ez nuke egin behar dudana egingo.

Eta tuneletik luzatzen zidaten eskua hartu nuen, eta bestaldera joan nintzen, bueltatzeko aukerarik izango ote nuen jakin gabe. Celia bakarrik geratu zen gelan.

–O –esan zuen, isilpean.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: