Etorkizuna

3 05 2012

Amak, etorkizuna irakurtzen duen andre horietariko batengana joateko asmotan nenbilela esan nionean, ez zuen ideia oso gustuko izan.

–Tontakeri hutsak dira horiek –esan zidan–, gezurrak baino ez dituzte esaten andre horiek.

Eta, neurri batean, normala zen berak hala pentsatzea. Pertsona nagusiek ez baitakite oso ondo zer den egia eta zer gezurra.

Amak hori esan arren ez nuen etsi. Amaren ezezkoak aldatzen zuen gauza bakarra dirua nire kabuz lortu beharko nukeela zen. Baina ez zen arazo bat. Izebak beti ematen zidan diru apur bat bisitan joaten ginenean (nahiz eta unibertsitatera joateko gorde nezan esaten zidan; nik sarri beste gauza askotan gastatzen nuen, beraz ez zen lehen aldia izango hura), eta amak gozokiak erosteko beti ematen zidan apurren bat baita (nik gozokiak jateko gogorik ez nuenetan baita), eta etxeko sarreran zegoen mahaitxoan beti agertzen zen txanponen bat edo beste (amak etxea edota arropak garbitzen zituenean topatzen zituen txanponak).

(Behin arrain erraldoi bat harrapatu nuen; hura enkantean saltzea lortu izan banu honetarako eta besteetarako dirua nukeen patrikan, baina ez zen posible izan)

Beraz diru apur horiek gordeko nituen nik etorkizuna iragartzen duen andre horietariko batengana joateko.

Izan ere nik etorkizuna jakiteko beharra nuen. Oso beharrezkoa zitzaidan.

Izebak, eta familiako beste askok, beti galdetzen zidaten ‘zer izango zara nagusitan?’ eta nik normalean ez nien ezer erantzuten, ez bainekien. Eta horrela, andre honek etorkizuna iragartzen bazidan, hura erantzuteko gai izango nintzakeen (nahiz eta zenbaitetan gezurren bat erantzuten diedan, hala nola astronauta edo erizaina edo toreatzaile edo lehendakari izan nahi dudala, ea bakean uzten nauten, zenbait nagusik erantzun bat behar baitute, beraiek nagusiak izan arren eta aparteko ezer ez diren arren).

Klasean ere gure andereñoak sarri galdetzen zidan zer ikasiko dugun, edo zer ikasketa mota egingo dugun, eta horrek izugarri urduritzen eta akitzen eta unatzen eta aztoratzen ninduen, nik ez bainekien eta ez nuelako galdera ondo ulertzen eta inozo sentiarazten ninduelako.

Telebistan gure etorkizuna aurreikusi behar dugula esaten didate banketxeek eta beste askok, eta gure etorkizunean pentsatu, eta zaindu eta babestu eta ziurtatu eta hobetu eta landu behar dugula diote. Eta nik ezin dut halakorik egin, ez baitakit zein izango den nire etorkizuna eta orduan ezin baitezaket pentsatu edo zaindu edo babestu edo ziurtatu edo hobetu, eta ezta landu ere. Eta horrek urduritzen nau, eta txarto sentiarazten nau, eta zerbait egin beharko nukeela pentsarazten dit baita.

Baina andre honek etorkizuna irakurtzen bazidan, halakorik ez nukeen berriz sentituko.

Gainera emakume horiek oso fidagarriak dira. Gizonezkoak ez horrenbeste. Telebistan noizean behin ikusi ditut, ordu txikitan altxatzen naizenean komunera eta telebista oraindik piztuta dagoen horietan (hura ikusten inor egon ez arren). Telefono bidez hots egin diezaiekezula ere esaten dute, baina nik ez dut telefonorik, nire lagunek mugikorra duten arren. Baina amak beti esaten dit mugikorrak ez didala onik egingo, eta nik sinesten dut, amak beti niretzako gauza onak nahi izaten ditu eta.

Etorkizuna ikusten duen andrearen kontuan izan ezik (oker baitago), dioen beste guztian sinisten dut.

Telebistan, etorkizuna dakusaten horiek denean asmatzen dute, dena aurreikusten dute, eta ondo gainera, deitzen duen pertsonaren izena izan ezik. Hori beti galdetu beharrean egon ohi dira. Baina hori normala da eta ulergarria da eta barkagarria da; izan ere, telebistara deitzen dutenek sekula ez dute beraien benetako izena agertzen. Badaezpada.

Horregatik, nik ere ez nion nire benetako izena eman andre hari beragana gerturatu nintzenean.

–Nola deitzen zara? –galdetu zidan, telebistan egin ohi duten legez.

–Mary –erantzun nion, oso izen polita baita Mary.

–Kaixo Mary.

–Kaixo etorkizuna-iragartzen-duen-andre –bere izena oroitzea zaila egiten baitzitzaidan, atean idatzita egon arren.

–Eta zerk ekarri zaitu hona gaur ba?

–Nire etorkizuna jakin nahi dut, eta zuk irakurri dezakezula dio kanpoan –izan ere ‘jakin ezazu zure etorkizuna’ zioen kalean, sarrerako atearen alboan txarto eskegitako karteltxo batean.

–Bai, hala da.

–Ba hori nahi dut.

–Begira Mary –hasi zen amak zerbait garrantzitsua azaldu nahi zidanean zerabilen doinuarekin–, ni lanean nabil.

–Bai, badakit –esan nion, eta egia zen.

–Ondo. Eta normalean jendeak lan egiten duenean trukean dirua jasotzen du…

–Bai, badakit –eta hau ere egia zen.

–Eta uste dut zuk dirurik ez duzula, edo agian ez diru nahikoa. Hala ere, oso neska jatorra zarenez, debalde irakurriko…

Eta orduan nire patrikatik dirua atera nuen eta mahai gainean jarri nuen. Hiru billete (bat urdina, bestea marroia eta hirugarrena urdin argiagoa) eta lau txanpon (bat handia eta bi koloretakoa, beste bat txikia eta bi koloretakoa, eta beste bi handiak eta kolore bakarrekoak, urrearen kolorekoak). Txanponek zarata egin zuten mahai gainean uzterakoan.

Une batez etorkizuna-iragartzen-zuen-andrea mutu geratu zen, aho-zabal. Buru gainean zeraman kapela borobil eta estu hura (txakurrek jateko erabiltzen dituztenen modukoak, edota Danimarkako galletenen modukoa) ez zitzaion mugitu, ezta hartatik erortzen zen hari fin hura. Ezpainetako margo gorri bizia ere ez zitzaion mugitu, eta aurpegiko simaurrak ere ez. Agian izara zabal haren azpian gorputz atalen bat mugituko zitzaion.

–Ondo… –esan zuen gero astiro, eta dirua hartu zuen.

Eta ni etorkizunaren zain geratu nintzen.

Aurretik ere zain egona nintzen. Etxe hartara sartu nintzenean gelatxo batean zain egona nintzen. Inork ez ninduen jaso, inork ez zidan bertan itxaron behar nuela esan; baina nahikoa heldua nintzen eta banekien zer egin behar nuen. Gero bai, gero etorkizuna-iragartzen-zuen-andrea etorri zen nire bila. Beste inor ez zen zain.

Gero, etorkizuna-iragartzen-zuen-andreak etorkizuna iragartzeko prestatu zen.

Lehenengo kristalezko bola bat igurtzi zuen. Gero karta handi horietariko batzuek hartu zituen eta buruz gora jarri zituen mahai gainean. Hauek irakurtzen ari zela iruditu zitzaidan, baina gero kartak irakurri ezin daitezkeela oroitu nuen, kartek zenbakiak eta irudiak eta koloreak baino ez baitituzte.

–Mmm –esan zuen orduan etorkizuna-iragartzen-zuen-andreak.

Nik aulkian aurrera egin nuen, eta kartak arreta handiz begiratu nituen. Baina ez nuen ezer berezirik ikusi haietan. Urreak, ezpatak, makilak eta edalontziak, besterik ez.

–Zerbait ikusten dut… –hasi zen etorkizuna-iragartzen-zuen-andreak.

–Zer?? –jakin nahi izan nuen nik, ezinegonaz.

–Mmmm…

–Zer?? –eta ordaindu nuenarengatik zerbait gehiago jakitea merezi nuela uste nuen.

–Gorria ikusten dut… –eta bat-batean bere ahotsa kobazulo baten barrutik arituko bailitzan entzuten zen.

–G-gorria? –eta koloreak oso gustuko ditudan arren, ez dakit zer den etorkizuna gorria izatea. Arropa gorria izatea edota pareta bat gorria izatea edo zerua gorria egotea edota baita janaria gorria izateak zer esan nahi duen ulertu dezaket. Baina etorkizuna gorri izatea ez nuen ulertzen. Beraz argipen baten zain geratu nintzen.

Eta heldu zitzaidan.

–Odola ikusten dut zure etorkizun hurbilean. Odol asko.

Eta oraingoan kobazulo batetik baino, ur-putzu baten barrenetik hitz egin zidala iruditu zitzaidan. Agian bera ez zela berbetan zebilena ere pentsatu nuen baina gero ezetz esan nion nire buruari, han besterik ezin zela egon.

Hala ere, beldurtu nintzen. Oso. Asko. Pila. Hezurretaraino beldurtu nintzen.

Odolean baino ezin nuen pentsatu. Odola ikustea txarra dela baino ezin nuen pentsatu. Eta gehiago beldurtu nintzen. Odolaren beldurra, edo odolezko beldurra, baina beldurra. Hortzak eta hezurrak dardarazi zizkidan beldurra izan zen, eta kontrolatu ezin nuena baita. Horren neska heldua izan ez banintz, ziur nire azpiko arropa bustiko nuela.

Beraz zerbait txarto doanean egin ohi dudana egin nuen: korrika handik alde egin.

Aulkitik jaiki eta atea zabaldu nuen arrapaladan. Nire atzean ‘itxaron!’ entzun nuen baina nik ez nuen itxaron, badaezpada. Bigarrengo atea ere zabaldu nuen, pisukoa, eta eskaileretan behera egin nuen, eta kalera irten nintzen.

Eta kalean autoak eta jendea eta zuhaitzak eta etxeak eta motorrak eta usoak eta teilatuak eta baloiak eta dendak eta dendariak eta bestelako asko ikusi nituen. Eta denek odoletan egin arazi ziezadaketela pentsatu nuen, eta nik halakorik ez nuen nahi, odola ikustea oso txarra baita, eta norberarena bada are txarragoa baita. Beraz korrika hasi nintzen, etxerantz korrika, inor eta ezer ez ukitzeko ahaleginetan korrika.

Etxera heldu behar nuen, han salbu egongo bainintzen. Izan ere, han ama bizi zen, eta urte luzez bizia zen, nagusi izatera heldu baitzen, eta nagusi izatera heldu den edonor bere burua oso ondo zaindu duelako heldu baita. Eta zaintzea odola ez ikustea ere bada (beste gauza askoren artean).

Eta korrika jarraitu nuen.

Bidegurutze bat zeharkatzean ostera ‘grriiiiiiiii’ soinu ezatsegin eta beldurgarri eta mehatxagarri eta odol-sortzaile bat entzun nuen, eta auto bat nire aurrean doi-doi frenatzen ikusi nuen. Ez ninduen kolpatu, baina oso gutxigatik izan zen. Eta frenatzen ikusi nuen une labur haietan, burutik nire gorputza gorpu bilakatzen pasa zitzaidan, lurrean botata eta burua gorputzetik banatzen zitzaidala ostikada jo diozun baloi bat gisa, eta lurra odolez zikintzen nuela, lur dena nire odolez betetzen zela.

Baina autoak gelditzea lortu zuen, eta zorionez ez zen ezer pasa.

Orduan oso baxu

–Barkatu

esan nuen, eta agian norbaitek entzungo zidalaren esperantzan.

Eta korrika jarraitu nuen.

Hura arriskutsua zen. Jende gehiegi zen, eta auto gehiegi, eta etxe gehiegi, eta odola eragiteko aukera gehiegi. Beraz beste bide bat hartu nuen. Baliabide anitzeko neska heldua bainaiz ni.

Bada herria inguratzen duen bidezidor bat, nik izan ezik inork gutxik ezagutzen duena. Sarrera ezkutatu samar dago, eta jende helduak ez ditu gustuko ezkutatuta daudenak eta horregatik ez dute erabiltzen bidea, egunero erabiltzen dituzten bideak baino hobea den arren (gaur egun heldu ez direnetako askok ere ez dituzte laket ezkutukoak, baina hori beste kontu bat da).

Etxera joateko bide hura hartzea erabaki nuen.

Lokatzez bete nintzen hasieran, eta ama haserretuko zela pentsatu nuen, baina gero horrenbeste ez zela haserretuko ere pentsatu nuen, lokatza erraz garbitzen baita baina odola ordea ez.

Gero aurrera jarraitu nuen, posible zitzaidanean korrika.

Halako batean, jertsea sasi batzuekin trabatu zitzaidan eta lurrera bota ninduen, nik korrika jarraitu nahi bainuen baina jertseak ordea atzera egiten zidalako. Helduak garenok ere erori baikaitezke lurrera.

Eta besoan mina nuela sumatu nuen. Une batez, ez nuen korrikarik egin.

Jertsea altxatu eta nire besoa begiratu nuen. Sasi hark arropa zeharkatu eta besoan atzamarkatu ninduen. Ez zidan odolik eragin, baina doi-doi. Odola eragin izan bazidan, beso osoa nukeen odoletan, urratuak leku askotan bainituen, 1000 lekutan agian edo gehiagotan ziurrenik; eta hala izan balitz, besoa moztu beharko zidaten, eta hori ez zatekeen atsegina, ez zatekeen batere atsegina.

Ezin nuen gehiago arriskatu: bide hura utzi behar nuen.

Kaleetara itzuli nintzen hortaz, baina aparkatuta zeuden kotxe artean ezkutaturik egin nuen etxerako bidea. Inork gutxik ikusi ninduen. Behintzat etxean nengoen, eta salbu egon nintekeen.

Etxeko atea isil-isilik zabaldu nuen, soinurik egin gabe. Amak aspaldi emana zidan etxeko atearen giltzaren kopia bat, jadanik behar bezain heldua bainintzen eta hura zaindu bainezakeen. Horren isilik sartu nintzen etxera, amak berak ere ez ninduela entzun.

Oin-puntetan pasa nintzen sarreratik. Soinurik egin ezean, odolak ezin izango ninduen topatu, eta beraz ez zen egongo burua edo besoa mozteko betarik.

Baina nire gelara heltzear nengoenean, ama sukaldetik atera zen.

–Aaaiiiiiiiii!!! –oihukatu zuen, oso ozen, odoletik ihes egiteko nituen esperantzak zapuztuz.

Eta eskutan zeraman platera lurrera erori zitzaion, mila zatitan, edo gehiagotan, puzkatuz.

–Ivanne! –oihukatu zuen gero, plater hura bere eskuetatik erori izana nire errua bailitzan– Zertan zabiltza hor, ezkutatuta?!?

Eta nik ezkutatuta ez nengoela esan nahi nion, odoletik ihesian baino ez nenbilela, baina ezer esan aurretik berak

–Bota segidan zure gelara –bota zidan, oihuka–!!! Bestela plater zatiekin moztuko zara! Orain garbituko dut!

Eta ama nigatik zenbat arduratzen zen jakin nuen, bere ere odolarengatik baitzegoen arduratuta nik ezer esan ez arren. Amek gure arriskuak ezagutzen dituzte guk geuk baino arinago sarri. Horregatik dira amak.

Beraz nire gelara sartu nintzen, triste plater hura apurtu izanagatik baina oinak harekin moztu ez nituelako pozik. Horrela ez zidaten hankak moztu beharko, eta 5 litro odol ere ez nituen galduko.

Beraz ohean sartu nintzen eta irribarre egin nuen eta salbu sentitu nintzen.

Baina horrek gutxi iraun zuen. Orduan gaizkiegona sartu baitzitzaidan gorputzean, eta ondoeza baita, eta zerbait txarto zebilela nabaritu nuen, eta triparen azpialdean zerbait mugitu zitzaidan, eta likido liskartsu baten moduko zerbait nabaritu nuen nonbaiten; likido arrotza zen hura.

Orduan nire barruko arropa bustita nabaritu nuen.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: