Duna

4 03 2012

Ilargi beteak dena betetzen zuen Duna berriz jaio zenean.duna

Bere gurasoak ez ziren horretaz konturatu ere egin. Basamortuan zehar gidatzen ari ziren, gauez, bero jasangaitz hartatik ahal bezain agudo ihes egin nahian. Azkar zihoazen, oso azkar.

Garai haiek ez ziren gaurkoen modukoak, non autobideek eta aire girotuak edozein bidaia samur bilakatzen duten, ez; leihoak parez pare zeramatzaten zabalik, eta bide txar haren bihurgune denetan sartzen zen paisaia arraro hartako area auto barnera. Bikoteak maiz estali behar izaten zuen ahoa grano fin eta mingarri haietatik babesteko. Beraien semea atzeko eserlekuan zihoan, kapazu baten barruan etzanda, areatik babestua. Kapazu hark ez zeraman gerrikorik jarrita, noski, beste garai batzuek baitziren haiek.

Halako bihurgune batean gertatu zen dena. Itxia zen bihurgune hura, itxiegia agian, eta auto zahar haren gurpilek orro egin zuten hura hartzerakoan. Gidariak, Dunaren aita zenak, tinko eragin behar izan zion bolanteari.

–Basamortu madarikatua! –esan zuen, hortzak estutzen zituen artean– Agian Iparraldeko bidea hartu behar genuen… –baina berandu zen jadanik halakoez arduratzeko.

Abiadura ez zuen moteldu, ordea, eta goma gastatuek pairatu zuten bihurgune haren bihurdura.

Eta han, biraketaren inertzia lagun, Duna, bere kapazuan sartuta, leihotik behera erori zen.

Bere kapazuak, erroberen kexen artean, autotik irten zen leihotik behera; pare bat buelta eman zituen airean eta, mirari bat bailitzan, lurrartze gozoa izan zuen, areak babestua.

Duna arean erori zen, kanpazaren ondoan. Esnatu, ingurura begiratu, eta lau hankatan kapazura sartu zen beste behingoz, urruntzen ari zen autoari jaramonik egin gabe. Behin barruan, lotan jarraitu zuen; urtebete baino ez zuen orduan.
Beribilak, bestalde, aurrera egin zuen, guzti horretaz ohartu gabe, ahal bezain azkarren.

Gurasoak Dunaren faltaz ohartu orduko berandu zen. Urrun zeuden, eta haien semea zergatik, nolatan falta ote zen ezin zuten ulertu. Noski, bihurgune itxi hartaz ez ziren ohartu. Nork, nola, noiz lapurtu ote zien semea? Hori zen haien ardura. Kulpak barneak erre egiten zizkien, eta azkenean, urteren buruan, banandu egin ziren.

Baina hori beste istorio bat da.

Hau Dunaren istorioa baita.

***

Duna Ilargiak jaso zuen. Basamortuan beste inon baino argiago ikus daiteke Ilargia, eta berak ere beste inon baino argiago ikus gaitzake. Horregatik ikusi zuen Duna beribilaren leihotik behera erortzen; horregatik, munduan gauez gertatzen diren beste gertakizunen artean, horretan erreparatu zuen.

Eta Ilargiak, haur txiki hura bakarrik ikusita, errukia sentitu zuen. Ilargiak ezin du gizakiekin nahastu, debekatuta du, baina izaki txiki haren loa ikusita… Zerbait sentitu zuen.

Zerutik jaitsi eta beragana hurbildu zen. Begira geratu zitzaion, Dunak lo jarraitzen zuen artean. Bere aurpegi zuriak eta jantzi beltzek beldurtuko ote zuten galdetu zion bere buruari Ilargiak. Hilabetearen fase hartan irradiatzen zuen argitasunak iratzartuko ez ote zuen kezkatu zen. Eta hitzik ez zuen esan, badaezpada. Isiltasunean so geratu zen.

Gero Duna esnatu zen.

Begiak gutxika zabaldu zituen, eta ez zuen jakin non zegoen. Beroa sentitu zuen, baina ez zuen negarrik egin. Bere aurrean zuen izaki hari so egin zion. Gero besoak harengana luzatu zituen eta, bere bizitzan lehendabiziko aldiz, hitz egin zuen:

–A… Ama?

Ilargiak ez zuen halakorik espero, eta beldurtu egin zen. Ingurura begiratu zuen, Duna beste norbaiten bila arituko bailitzan. Baina ez, beragana zuzentzen ari zen.

Eta zuzen itzuli zion begirada.

Orduan berak ere besoak Dunagana luzatu zituen, eta hura ebatu zuen, kanpazatik ateraz.

–Bai… Bai, ama –esan zion belarrira, eta biek irribarre egin zuten.

Orduan gora begiratu zuen Ilargiak, eta gero gora egin zuen, eta zeruan zegokion lekua berreskuratu zuen berriz. Baina oraingoan, bere magalean, haur txiki bat zeraman.

Gero pentsatu zuen haur haren izena ez zekiela. Eta, topatu zuen lekuaren omenez, Duna deitzea erabaki zuen. Nahiz eta, ordura arte, bere izena beste bat zen.

Baina hori beste istorio bat da.

Eta hau Dunaren istorioa da.

***

Ilargiak Duna basamortu haren hezegune batean utzi zuen. Gaua amaitu zenean Ilargiak leku hura laga behar baitzuen, eta oasi moduko hura leku aproposa iruditu baitzitzaion bere Duna txikia babesteko.

Eta hala izan zen. Dunak egun osoan lo egin zuen, eta gaua heldu artean ez zen berriro itzartu.

Ilargia pozaren pozaz zegoen. Seme bat zuen, zaindu beharreko izaki polit bat, eta pozik zen. Inoiz baino zuriago margotu zen, eta inoiz baino arropa hobeak jantzi zituen, eta ez ziren guztiz beltzak izan, Ilargia zeruan ez zegoenean oso neska irtirina bilakatzen baitzen.

Egun haietan Ilargi betea izan zen nagusi zeruan gauero; zientzialariek sekula ez zuten lortu ulertzea nolatan hilabete oso batez gauak Ilargi beteaz beteak egon ziren. Baina hala izan zen, eta arrazoiek ez diote inori axola.

Ilargia gauero berdegune hartara gerturatu zen, eta izaki txiki polit harekin jolastu zuen, eta elikatu zuen, eta zeruko eta lurreko gauzak eta misterioak xuxurlatu zizkion, eta Ilargi batek bakarrik hezi dezakeen moduan hezi zuen. Noizean behin ortzira igotzen zuen berarekin, eta mundua ikusten zuten han goitik, batez ere Ilargia gutxiagotzen ari zenean eta Dunari beragan esertzea erraza gertatzen zitzaionean. Gero, eguna argitzear zegoenean, basamortuaren bazter hartara itzultzen zuen, eta Dunak berriz ilun egon arte lo egiten zuen.

Eta horrela Duna pozik hazi zen, eta bere ama berria ere pozik bizi izan zen.

Urteren buruan, Dunari bere ile horia begietaraino heltzen zitzaionean, bere aurpegi zuri eta pekatsua estaliz, Duna mugitzen hasi zen. Nerabe baten jakingurak bultzatua, basamortu haren mugak arakatzen hasi zen. Bere txoko orlegitik at zeudenak ezagutu nahi izan zituen. Eta oinez hasi zen. Arean gora, arean behera, oinez. Eskorpioiak ikusi zituen, eta duna amaiezinak, eta etengabe mugitzen ziren areak, eta beste gauza asko, gauza txikiak, inporta duten gauzak.

Eta Ilargi betedun gau batean, bigarrengoz jaio zen errepidera heldu zen (Ilargi betea zuen gau batean behar zuen, Ilargirik gabeko gauetan Ilargia bere alboan izaten zuelako beti). Bidea aldatua zen, zabalagoa baitzen orain, baina leku berdina zen. Trafiko gehiago zebilen baita, baina hori Dunak ezin zuen esan, ez baitzuen gogoratzen zenbat trafiko zebilen lehen.

Autoek eta bere argiek liluratu egin zuten. Bide-bazterrean gelditu zen haiei begira; zerutik ikusiak zituen, baina horren gertu ikusteak, horren azkar mugitzen zirela sentitzeak, haien potentzia nabaritzeak, beste zerbait zuen.

Han gelditu zen ordubetez, soinu eta zarata ikuskizun hark txundituta.

Halako batean leihoak jaitsita zeramatzan auto bat igaro zen. Atzeko leihotik Dunaren adinaren inguruko haur bat zihoan; honek Duna ikusi zuen, eta leihotik eskuarekin agur egin zion.

Dunak, harrituta, agurra itzuli zion, zutitu egin zen azkar askoan, eta autoa urrunean nola galtzen zen ikusi zuen.
Eta lagun bat izan zitekeena urruntzen ari zela pentsatu zuen. Baina ez zuen ezer esan, ez edo keinurik egin.
Ilargiak hau guztia gertutik behatu zuen. Zerutik jaitsia zen, eta kapela luze hura jarria zuen, eta begiak modu bitxi batean margotuak, eta guzti horrek bere triste aurpegia areagotu baino ez zuen egin.

Gero gora begiratu zuen, eta gero gora egin zuen, eta zeruan zegokion lekua berreskuratu zuen, baina kezkek ez zioten ihes egin. Gau hartan euria egin zuen.

Duna ez zen bere presentziaz ohartu.

–Ama –galdetu zion gero, beste egun batean–, zergatik ez dira beste haurrak hona etortzen?

Baina Ilargiak ez zuen jakin zer erantzun, eta gora begiratu zuen berriz.

Urteek alde egiten jarraitu zuten, nora zihoazen ez zekiten arren, eta Dunak ere gora egiten jarraitu zuen, eta ez bakarrik alturan.

Zerua zeharkatzen ari zen halako batean bere amarekin batera, behera begiratu eta jai bat ikusi zuenean.

–Ama –itaundu zion orduan–, neskaren bat ezagutuko dut inoiz? –eta ordurako jadanik bizarrak moztu behar zituen, eta ilea motots batean bildu baita.

Baina amak ez zuen jakin zer erantzun, eta biraka jarraitu zuten.

Errotazio asko igaro ziren Duna gizontxo bat bilakatu zenerako. Ez zen pertsona heldua ez, baina argi zegoen jantzi urdin txiki haiek nagusi baten gorputza ezkutatzen zutela, laster eutsi ezin izango zuten nagusi baten gorputza. Edozein neskaren gustukoa zatekeen gorputza.

–Ama –esan zion, serio, halako egun batean Ilargiari–, zergatik bizi da mundu guztia egunez eta gu ostera gauez?

Eta Ilargiak, orduko hartan, ihesbiderik ez zuela sentitu zuen.

–Agian zu beste mundukoa zarelako.
–Bai edo? Hori hala da? Baina ez al naiz beraien berdinegia? –baina jakin bazekien besteen oso antzerakoa zela, eta bere ama ostera ez.

Eta Ilargiak gora begiratu zuen, eta gora egin nahi izan zuen, eta hodeien artean ezkutatu, baina bazekien egun batean zerua ez zela handiegia izango egia ezkutatzeko.

–Bai Duna, bai –esan zion atsekabez–, zu haien berdina zara. Zu haietako bat zara. Eta… eta agian haiekin egon beharko zenuke.

Eta lurrean eseri zen. Gau hartan ez zeraman kapelarik, eta ile laburrean sortzen zitzaizkion marapiloek bizi propioa zutela zirudien. Eskumako begiaren ertzetik zerion malko bat marraztua zuen gau hartan, eta laster benetako beste bat batu zitzaion.
Duna geldi gelditu zen, ez baitzuen ezer ulertzen, eta ezer ulertzen ez denean hobe delako ezer ez egitea.

Gero Ilargiak bere belaunak besoekin bildu zituen, han lurrean eserita, eta Dunari ordura arte kontatu ez ziona kontatu zion, eta kontatu ez zizkion beste gauza batzuek ere bai. Topatu zuen egun hari buruz hitz egin zion, eta Ilargiak egin ditzakeen eta ezin ditzakeenei buruz, eta gizakien eta astroen arteko erlazioei buruz mintzatu zitzaion. Eta Dunak arretatsu entzun zuen hura guztia, eta ez zuen hitzik esan ustez bere ama zenak esan beharreko guztiak amaitu zituen arte.

–Agian arinago kontatu behar nizun hau guztia… Baina ihes egingo zenuenaren beldur nintzen. Zurekin horren alai naiz…
–Baina zuk ez duzu txarrik egin, eta beraz ez duzu negar egiteko arrazoirik. Agian ni neu ere nire iraganaz gehiago arduratu behar nintzen, edota aita batengatik kezkatu, edo… Ez dakit. Horrela izan da, eta hori aldatzerik ez dago.

Eta isiltasunean mantendu ziren biak.

Orduan dunak gora begiratu zuen, eta zeruan bere amaren isla ikusi zuen; izan ere, gizakiok zeruan dakusaguna ez da Ilargia, Ilargiaren isla baizik, eta horregatik hau zeruan egon ez arren ikus dezakegu oraindik bertan.

Eta Dunak, gora begiratzen ari zela, jakin zuen gora egin zezakeela.

Baina halakorik ez egitea erabaki zuen.

–Uste dut lurrean mantenduko naizela denboraldi batez.

Eta Ilargiak buruarekin baiezkoa egin zion, horrek zer esan nahi zuen ulertzen zuelako.

Isilik pasa zuten gau guztia biok, eta Ilargia ez zen zerura igo, bere isla bertan zen arren. Baina oso isla ahula izan zen.
Eguna hastear zenean, eta eguzkia irtetear, errepide ondoan ziren berriz. Dunak agur esan zion Ilargiari, beti bere benetako amatzat izango zuen horri, eta ibiltzen hasi zen. Laster autoren batek hartuko zuen, eta basamortu hartatik atera eta mundua ezagutzera aldenduko zen.

Atzera begiratu zuen, baina Eguzkiaren argitan desagertzen ziren azken izarrak baino ezin izan zituen ikusi.

Gero, denborak aurrera egin ahala, leku asko bisitatu zituen, eta jende asko ezagutu, eta egi asko ikasi, eta baita gezurren bat ere. Baina gauero izan zuen izaki zuri hura bera zaintzen.

Hilabeteen joan-etorriarekin batera Eguzkiak bere ilea gehiago horitu zuen, eta bere azala ilundu, eta azkenean Eguzkia Dunaz maitemindu zen.

Baina hori beste istorio bat da, nahiz eta hau ez den Dunaren istorioa. Ez behintzat hori bakarrik.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: