Ipuinak

2 11 2011

–…eta gariak osatzen zuen maindirearen gainetik korrika egin zuten ihes zoriontasunezko etorkizunerantz.

Horrela amaitzen zen ipuina. Amaieraraino irakurri baldin banuen ere, ez zen beharrezkoa, ezta gutxiagorik ere. Hala eta guztiz, lo egon arren, bere subkontzienteak dena entzungo zuenaren susmoa ezkutatzen nuen nonbait.

Hain txikia eta hauskorra zirudien une haietan. Baina urte gutxi batzuen buruan Ene Maiestate bezala ezagutu beharko nuen izakitxo hura. Egun haietan ere, zazpi urte bete berriak baino ez zituenean, inork gutxik inoiz nabaritu duen ez bezalako boterea zuen. Edota, boterea baino zehatzago, eragina esan beharko genuke. Izan ere, printze txikiaren ametsak beste ezeren aurretik jartzen zituen Erregeak.

Erregeak bazituen oraindik zenbait urte bere aurrean, ezustekorik otu ezean, bere erregetza jarduteko. Baina gauza ezaguna zen bere menekoen artean, ezustekorik otu ezean, nire ipuinen entzule zen printze hura izango zela bere ordezko. Eta, ezustekorik otu ezean, kontuak kontatu beharrean menpekotasuna zin egin beharko niokeela etorkizunean. Hori, behinik behin, ezustekorik otu ezean.

Ondorioz, gure jaun izateko jaioa zen haren aurrean jarrera arduratsua azaltzea komeni zekidakeen niri. Nirekiko eta nire sendiarekiko tratu faboragarria nahi izanez gero, hobe zitzaidan gizontxo haren oroimenean nire irudi atsegin bat lortzea. Aitzitik, ez zitzaidan latzegi suertatzen halakorik betetzea, ez: azken finean, estimu handia nion neuk bere haziera prozesua nire aurrean burutzen ziharduen gaztetxo hari. Baina hori baino gehiago ere banuen: nire menpean nuen.

Jatorri xumea zen gordetzen nuena. Gure Jaunaren zerbitzuan zegoen beste nekazari bat izateko jaioa nintzen. Nolabait, ordea, etorkizun horri ihes egin nion denoi ulertezinak zaizkigun bideen bitartez irakurtzen ikasi nuenean. Inoiz ez dut eskolarik zapaldu; nire garaietan eskola norberaren etxea baino ez zen. Are gehiago, nirearenaren bezalako senitartearen inguruneotan, liburuen existentzia hutsa mirari eta kondaira tartean zegoen zerbaitzat genuen. Hori dela eta zait azal-ezina letrak eta hitzak soinu bihurtzeko eskuratutako abilezia.

Bestea, ipuinak irakurtzeko omen dudan dohaina, hauei berezko bizitza emateko abilezia, nire izaera alai, kontari eta kantaritik zetorren.

Gauza da nola edo hala nolabaiteko ospea eskuratu omen nuela zeregin horretan, ipuinak kontatzearen zeregin horretan (haurrengan beldurra edota irribarrea sortzea bezain zaila gerta daitekeen zeregin horretan, baina irakurtzen jakin ezean gutxi batzuen eskutan, egunero ipuin berri bat asmatzeko ahalmena duten horien eskuetan alegia, baino ez dagoen dohaina). Eta, era berean, hots, nola edo hala, Erregearen entzunetara heldu zela ospe hori (umeengan poza eta beldurra sortzea bezain latza berau). Eta modu berdinean, hau da, nola edo hala, honek bere semearen lokartzearen arduradun izendatu ninduen.

Nire zeregin bakarra printzea gauero ipuin alai batekin lotaraztea zen. Izan ere, usadio moduko hori betez gero, amets goxoak izango omen zituen gaztetxoak. Eta Erregearen ustetan baitzegoen, era berean, printzearen ametsak etorkizunaren iradokizunak baino ez zirela, hots, printzeak amesten zuena erregeak aintzat hartzen zuela. Horregatik zaindu behar ziren gaztetxoaren ametsak: bere gauak lasaiak izanez gero, erreinuaren egunak ere halakoak izango ziren.

Baina laster asko ulertu nuen printzearen ametsen nondik norakoak ez zirela, ez, edonork pentsa zezakeen bezain ukigaitzak. Nire denbora behar izan nuen, baina azkenean nire adimen xeheak aditu zuen, bai, nolabait printzearen iradokizunak nire ipuinen ondorio baino ez zirela. Hau da, nire ipuinak baino ez ziren nanoak hurrengo goizean bere aitari kontatzen zizkionak.

Trumoiek kiskaltzen zuten uzta eta zelaiez, uholdeek berrereiten uzten ez zuten horiei buruz alegia, beteriko ipuin batekin hasten zuenean loa, , printze txikiak iluntasunez beteriko ametsak helarazten zizkion bere aitari. nahiz eta istorioaren mamia bikote baten maitasun arazoak izan. Halakoetan honek nekazari eta abeltzainei laguntzak ematen zizkien.

Agure bat bazen nagusi ordea, haurraren ametsek Erregeak profeziatzat hartzen zituen beste behingoz haurraren ametsak eta bere aitak, edota apika erreinuko zahar orok, tratu berezia jasotzen zuten.

Bestetan dirua aurreztera edota guda bati hasiera ematera bultzatzen zuten bere semearengan fede itsuaren ondorioz iradokizuntzat zituen amets haiek.

Nire kontuen eraginaren aurkikuntzak sortu zidan hasierako harrotasunak azkar asko egin zion bide huraxe nire probetxurako erabiltzeko desirei. Ez pentsa, nahi horiek ez zuten inongo maltzurkeriarik gordetzen; ez, behinik behin, ordura arte neraman bizimodu xalo eta zorionez beteak nire barnean sor zezakeen maltzurkeria inuzentearengandik harago zatekeen maltzurkeriarik. Nire burua zuritu beharrean aurkitzen naiz gai honen aurrean: aurkitu berri nuen dohain hura zelan erabil nezakeen ere ez nekien.

Baina jakin banekien erabilgarria gerta zekidakeela. Ez nuen oso argi zertarako, baina erabilgarria. Izan ere, horrenbeste ordu Erregearen Gortean igarotzeak mundu berri baten ate gutxi batzuk zabaldu zizkidan. Ez denak, noski; nire erroetan nekazari izaten jarraituko duen norbaiti zabal dakizkiokeen ateak baino ez.

Agian betarik ez nuen baten bat ere zabaldu nuen nik. Maitasunera zeramana zegoen euren artean.

Iris zuen izen berak, eta Gortean bizi zen. Neuri era horretako izenen ezaguera bera ere ukatua zitzaidan. Neu baino urte bi gazteagoa, azal zuria, ile beltzarana. Begi handiak, soslai begiratzen nindutenak gazteluko harresien barneko arkitekturak eskaintzen zizkigun arku eta kolomen babeslekuen atzetik. Ezpain finak, lehenez ikusi eta bi hilabete igaro osteraino berbarik egin ez zidatenak, ez eta nik “kaixo” lotsati hura luzatu nionean ere.

Gauza da biok hasi ginela elkarrekin topo egiteko aitzaki bila, oraindik gure artean zegoen hitz faltak ahalbidetzen zuen ezjakintasun eta jakin-min eta desira tarteko. Eta zinez lortu genuela, betiere nekazari baten eta gortesau baten arteko harremanak erregulatzen eta zuzentzen duen idatzi gabeko araudiaren legeei jarraikiz. Eta horrenbeste aitzakia aurkitzearen poderioz, azkenean gutxi iruditu zitzaigun araudi hori, eta zerbait gehiagoren beharra onartu zuten gure sentimenek.

–Maite zaitut, Iris, eta zure alboan egon nahiko nuke uneoro –aitortu nion lehenengo aldiz.

–Baina… baina zuk badakizu, badakizu zelakoa den gure erlazioa, badakizu ezin dugula –ihardetsi zidan bere kezka zimurrak.

–Ixo, arren –eten nion neuk aldiz–. Badakit askok ez dutela onartuko, baina ezin dut nabaritzen dudana ahaztu aitzakia inozo hori dela medio, ez zait posible.

–…

–Bakarrik maite nauzunentz jakin nahi dut, besterik ez.

–… neuk… bai, bai maite zaitut, baina badakizu gurea…

–sssshh, hori baino ez dut behar neuk –eta nire ezpainek bereak ferekatu zituzten lehenengoz. Ezin gehiago azaldu une hari buruz.

Iris maite nuela ulertu nuenean topatu nion erabilgarritasuna antza denez Gortean inork ez zuen dohainari, lurra lantzearen esklabotasunetik askatu ninduen eta neure begitan ordura arte ezer berezirik suposatzen ez zuen trebetasun hari. Handik aurrera zerbait apartekoa izango zuen, bai.

Aurrerantzean nire historiek helburu bat izango zuten. Aparteko helburu bat.

Hori dela eta hasi nintzen herri xume eta nobleziaren arteko istorioekin amaitzen printzearen egunak, haien arteko erlazio, festa eta abarrez betetzen bere gauak, Iris eta biok hurbilago egongo gintezenaren itxaropenarekin. Eta itxaropen horrek eta liburutegi ezkutu edota nire irudimenetik lortu nituen ipuin haiek nire helburua ahalbidetu zuten, eta hurbilago egon ginen, inoiz amestu ahal izan nuena baino askoz hurbilago, posible den mugaraino hurbil, eta gehiago. Lege guztiak apurtu genituen, legerik geratu ez zen arte.

Eta inork ez zuen horri buruz ezer inoiz jakin.

Baina paradisuak ez omen ditu txiroak onartzen, eta egoera honetaz hilabete batzuez gozatzen utzi baninduen ere, guzti horren erorketaren hazia ereina zuen jada.

Baziren zenbait hilabete gure Erregearen anaiak, printzearen osabak, gure etorkizuneko agintariaren iradokizun botereen nondik norakoen berri izan zuenetik. Nolatan izan ote zuen euren berri, ezin azaldu; agian garrantzirik ere ez du izango orain. Ez zegoen arras ziur bere susmoez alabaina, eta ondorioz printzearen gelaren ateaz bestalde egoten zen, belarria egurrezko banatzaileari itsatsia, nire ipuinen aurrean arretatsu, hurrengo egunean printzeak kontatzen zituenekin konparatzeko asmoz.

Erregearen anaia Alex kasik ez nuen ezagutzen neuk, baina gure agintariarenarengandik ezin urrutiago zegoen bere irudia: ile luze lisoa beti bustia eta azal zuriari itsatsia, ibilera makurrekoa, uneoro beltzez jantzia mantu beltz bat soinean zeukala. Gure Erregearen bizar ilegorridun, kolore bereko ile erdi luze erdi labur, gorputz oraino gihartsu, begi txiki eta begirada sakon, jantzi argitsuen aurrean alde nabarmenegia osatzen zuen. Gauza berbera esan nezake bere izaerari buruz.

Erregearen anaia txikia izanik, Alexek inoiz ez zuen boterea dastatzeko betarik izan, baina horren hurbil ikusteak haren nahia piztu eta sustatu baino ez zuen egin. Eta, antza denez, printzearen ametsen bidez bere aginte egarri hura asetzeko bide bat ikusi omen zuen. Oztopo bat baino ez zuen topatu bidean, itxuraz: neu.

–Zure semeak Erret-hezkuntza merezi duela uste dut, ene anaia hori. Ongi dago bere gaztaroan laborari soil batek bete izana bere loa lasaia izan daitelaren ardura. Baina gutxika heltzen ari da, eta bete egin beharko duen karguari egokiago datorkion norbaiten presentzia beharko lukeelakoan nago, Jauna –salatu ninduen–. Agian ni neu izan nintzateke pertsona hori, Maiestate.

Erregeak ez omen zuen horren argi kontu hura, nonbait, eta bere gaitzespena eman zion hasiera batean proposamen hari. Gorteetako kontuez gauza pare bat ikasia nintzen ni ordurako, baina beste pare mordoa nituen oraindik ikasteke ere berean; eta oinordekotzaren hurrengo kate-mailaren heziketa baserritar lau baten eskuetan (edota hitzetan, hobe esanda) jausi izana ez omen zen izan maila hartakoen gustuko, eta begitan hartu ninduten askok. Alex arerio beldurgarria zen, ezbairik gabe, bere bidean topa zezakeen edonorentzat.

Azkenean Erregeak, estutze askoren ostean, ahal izan zitzaion bezain bidezkoa zen erabaki bat hartu zuen: txandaka, egun bakoitzean gutariko batek ipuin bat irakurriko ziola ebatzi zuen. Berri txarra neuretzat, Iris ikusteko aukerak erdira murrizten baitzitzaizkidan, Gortean txandakako egunetan baizik ez bainintzen egongo. Baina are txarrago erreinuarentzat, Alexek bere onura baino ez baitzuen bilatzen; bera eta bere mailakoen bizimoduaren oparotasunaren areagotzea alegia, nire klasekoen gatibutza nabarmentzea hain zuzen ere.

Eta bere ipuinak hara zuzendu zituen.

Horrela, erreinuaren nondik norakoek txarragora egin zuten. Printzearen osasunak ere hala egin zuen, amesgaiztoen beldur logura galtzen hasi zenean.

Izan ere, gudak eta suteak ziren orain nagusi bere amets askotan. Heriotza eta zeru ilunak ziren amets haietan, herriaren lan amaiezin eta nekagarriak edota gure soldaduen odolak baino konpondu ezin zezakeen egoera, erroien begiradapean garatzen zen bizitza.

Neu saiatzen nintzen bai bere alaitasuna mantentzen. Herri alai baten inguruko ipuinak helarazten nizkion, horrek Irisengandik urruntzea suposatzen bazidan ere, beragana hurbiltzea ahalbidetu ziezadaketen ipuinik ezin bainion helarazi gure printzeari. Baina nire sendikoek pairatzen zuten egoera berria ikusten nuen bakoitzean, neure dohaina nahi berekoi haien gainetik jarri behar nuela ulertzen nuen.

Hala ere, nire aiduru berri hura lortzeak benetan ordaintzen ninduen bueltan: printze gaztea “nire” egunen zain aurkitzen nuen beti. Alexen beldurra musuan agertzen zuen neurri berean erakusten zuen nire zain zegoela.

Eta horrek Alexen amorrua piztu zuen itzalezina zen modu batean. Egoera jasanezina iruditu zitzaion halako egunean, inork espero ez zuena jakinarazi zion Erregeari:

–Nekazari honek gazteluko andere batekin bere klaseari ez dagozkionak egin ditu.

Nik ez nituen hitzak entzun, baina haiek zekarten zigorra laster batean heldu zen nire entzunetara.

Erregeak berak zidan estimu eta balioespen hark ere ez ninduten askatu inon idatzi ez den lege haren hausturak dakarren eta erreinua ustera zigortzen ninduen patutik. Iris gaitzespen horretaz at geratu zen.

Bakarrik utzi beharko nuen erreinua.

Hala eta guztiz ere, eta denbora luzean zehar eskainitako zerbitzuen truke, azkenengo ikustaldi bat eskaini zidan Erregeak: azken ipuin bat. Berak ere nabari zezakeen erreinuaren etorkizuna ilundu zela, bere anaiaren atzamar beltz likatsuak ikus zitzakeen itzal tartetan, baina haren azpijokoen nondik norakoak ordea ezin zitzakeen begiztatu. Honen asmoei buruz egin nahi nion neuk berba, horren berekoikeriari buruz, baina ezin, legeek heriotza zigorrarekin ordaintzen baitzituzten leinu horretako baten kontra frogarik gabeko salakuntzak jaurtikitzen zituzten haiek guztiak.

Ondorioz, eta esker onez, bere sari moduko hura onartu nuen besterik ezean. Baina, bere presentzia uztear nengoenean, biratu eta azken nahi bat eskatu nion: Gortean emango nuen azken eguna izango zenez hura, egun osoa Irisekin emateko aukera hain zuzen ere. Denek zuten gure artean zegoenaren berri, eta ez zuen zentzurik aukera hura alferrik galtzeak.

Eta une hartan hasi nintzen prestatzen inoiz kontatuko nuen azken ipuina.

Hauxe berau.

Egunsentiaren laguntzarekin joan nintzen Irisen bila, egun luze hari hasiera emanez. Bere izena irten zen nire ahotik bere bizitokiko atea jotzen nuen bitartean, baina hitzik ez zuten bueltan aurkitu nire belarriek. Atea irekitzen ausartu nintzen, inolako intimitaterik hautsiko ez nuelakoan. Ikusi nuenerako, ordea, ez nengoen prest. Baina ikusi nuenak, ordea, arras prestatu ninduen ipuinen kontu honi amaiera emateko.

Biluzik eta negarrez aurkitu nuen, ohean etzanda, musua izara artean galduta. Negarrez, bihotzean jasaten zuen minarengatik; biluzik, edozein ehunen ukiturik txikienak ere mina eragingo bailioke jasoak zituen zigorradek utzitako aztarnetan.

Berak nire beharra zuen une latz haietan, eta nik beti izan dut bere beharra. Horrela, besarkatuta eman genuen gure azkena izan behar zuen egun hura, eta belarrira xuxurlatu nion nire azken ipuina izango zena, azken egun hura lehenengo bihurtuko zuen ipuina.

Gaua heldu zenean, printzearengana hurbildu nintzen. Iris nirekin etorri zen, printzearen gelaz bestalde nire zain egoteko asmoa buruan. Arinago, bere etxetik irten eta gure zain zeuden Errege, bere anaia eta zenbait soldaduren aurretik igaro ginenean, lehenengoak onespen keinu bat egina zidan buruarekin; bera omen zen Irisenganako nituen sentimenduetan erreparatu zuen bakarra. Besteek lizunkeria, edota moralitatetik urrun zegoen zerbait behinik behin, baino ez zuten ikusten gure artean.

Alexek, bere partetik, niganako gorrotoaren eta ni betiko agurtzeak ekarriko zion botereak sortzen zion gozamenaren arteko borroka erakusten zuen keinua azaldu zidan.

Printzea ohean sartua zegoen, eta goibeltasuna zen nagusi bere gela erraldoi huts hartan. Inoiz ez nion arretarik eskaini gela hari aurretik: benetan zituen gauza gutxi, gauza atsegingarriak Errege baten bizitzatik aldendu behar diren gauzak bailira.

Berak, printzeak, jakin bazekien hura izango zela “nire” azken gaua eta zuen lagun bakarra galduko zuela ulertezinak zitzaizkion zioengatik, baina halere ez zuen bere patua saihesteko imintziorik txikiena ere egin. Ez gelara sartu nintzenean, Iris gelaz at bakardadean utziz, ez eta isiltasunean ohera hurbildu nintzaionean, ezta azkenengoz bere gelak zuen balkoira nirekin irten zedin eskatu nionean ere. Biok hiria bere osotasunean azkenengoz ikus genezan nahi nuen, ez baikenuen biotariko inork berriz ikusiko.

Han kontatu nion nire azken ipuina. Oraingoan ez nuen inongo libururen laguntzarik behar izan.

Ume bat zen nagusi ipuin horretan, bere aitaren ustetan etorkizuna ikus zezakeen haur bat. Bere ingurukoek bere gaitasun edota bere aitaren zorakeria haren berri izan zutenean abilezia hari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko egindako ahaleginei buruz ziharduen. Bere maitalearen arreta lortzekotan zebilen gizon bat ere agertzen zen ipuinean, kondairaren azkenean gariaren gainetik korrika desagertzen zen gizon bat. Printzeak adi-adi eta isil-isilik entzun zuen ipuina, tutik esan gabe.

Berak ere sumatzen zuen nonbait erreinuan zerbait txarto zebilela, iluntasuna jausia zela gure inguruneengan, baina ordura arte ez zuen jakin bera zela belztasun haren zio nagusia. Bere balkoitik hiriko harresien barruan zegoen oparotasunezko mundua baino ezin zatekeen ikusi, eta ez nire sendiaren kopetetako izerdi tantak, edota haiek derrigorrez Erregeari egin behar zioten uztaren eskaintza, ala nireen begiek izurtzen zituzten beldur eta etsipen malkoak; baina herriaren neke eta eramangaiztasun egoeraren oihu isila gazteluaren txoko guztietan zen entzungai.

Agian horregatik ez zion oztoporik jarri nire bultzakadari, edota ez zuen oihurik egin lurrera hurbildu bitartean, ala eta zoruarekin izandako topaldiak ere horregatik errespetatu zuen bere isiltasuna. Agian den-dena ulertu zuen bere bizitzako azken unetan.

Errege ona izatera ailegatu zitekeen, horretarako beta izan balu.

Bere gela utzi, atea itxi, eta ahal bezain pronto irten ginen gaztelutik Iris eta biok (inori ez zitzaion harritzekoa iruditu Irisek nirekin etortzeko erabakia hartu izana). Printzea lotan zegoelakoetan, inor ez zen bere gelara sartu hurrengo goizerarte. Bere gorpua izarren azpian eman zuen gau hura, bere bizilekuaren azpian zegoen ibiltoki haren sabaiaren gainean etzanda. Guk geuk gure irteeran zeharkatu genuen ibiltokia.

Eta, gero, gariak osatzen zuen maindirearen gainetik korrika egin genuen ihes zoriontasunezko etorkizunerantz.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: