Leku polit batean bizi omen naiz

3 09 2011

Leku polit batean bizi omen naiz ni. Itsasoa ikusi omen daiteke gurenetik, eta kresala usaindu. Mendiek ez dute gerizperik sortzen, baina gertu omen daude, haien loreak nabaritzeko bezain gertu. Jendea alaia eta atsegina dela entzuna dut, eta jaiak berriz apartekoak.

Ez dakit. Baina hori entzun dut.

Badira pare bat urte jolasten hasi nintzenetik. Gehiago, agian. Denbora azkar pasa da. Jadanik ez dut oroitzen makina harekin jolasten hasi nintzeneko eguna. Nire zati bat bihurtu da, besoak nire diren neurri bertsuan.

Makina ziztrina, irabaziko ninduenik ez zuen pentsatuko gero, ezta?

Lortu zuen, ez pentsa. Hasieran sarri irabazi ninduen. Gero, baita, baina ez horren errez. Kosta zitzaidan bere jokaeraren nondik norakoak ulertzea. Ezkutuko trikimailu anitz zituen, jokalari arrunten begietatik ihesi zihoazen trikimailuak. Botoi gutxi zituen, baina azkar ukitu behar dituzu berarekin jolastu nahi baduzu.

Aurrera egin behar duzu, eta gora, jo, salto, hartu, aurrera, hartu, gurutzatu, aurrera, gora, salto, gelditu, lurrera, altxatu, aurrera, gora.

Lehen hilabeteak igaro ondoren, makinak ez du horren errez irabazten. Gero eta gehiago kostatzen zaio. Nondik jo behar duen ulertzen duzu. Bere mugimenduak aurreikusi ditzakezu. Prest egon zaitezke.

Aurrera, segi, segi, segi, salto, segi, jo, segi, aurrera, albora, salto, jo, jo, salto, hartu, ezkerretara.

Hasiera horietan lagunek hots egiten dizute. Trabak baino ez dira. Denborarekin traba gehiagorik ez dute egiten. Hobe horrela. Horrela mugimendu zailenetan trebatzeko aukera gehiago ditut.

Aurrera, gora, aurrera, gora, geldi, jo, jo, jo, salto, aurrera, ezkerretara, gora, aurrera, salto.

Denborarekin, janariaren garrantzia ulertzen duzu: bat ere ez. Denbora ahazten duzun heinean, beharrezko ez diren gauzak ere ahazten dituzu. Oinarrizkoetan oinarritzen zara. Beste guztia soberan dago.

Salto, salto, hartu, hartu, jo, aurrera, jo, jo, jo, jo…

Leku polit batean bizi omen naiz ni. Ez dakit. Itsasoa, mendiak, lautadak, basamortuak, jendea, historia, hizkuntza, kultura. Denetarik omen dago nire inguruan. Hala esan didate.

Beste partida bat jolastuko dut.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: