Aitona oporretan joan zenekoa

1 05 2011

Aitona berriz ikustea ez zen erraza izan, ez pentsa. Baziren pare bat aste aitona azkenengoz ikusi nuenetik. Aitak kanpoan zegoela esan zidan, oporretan.

-Aitona oporretan joan da –esan zidan. Eta horrela jakin nuen aitona ez zela bazkaltzera etorriko.

Baina arraroa egin zitzaidan, negua baizen eta jendea oporretan ez delako neguan joaten. Gu oporretan abuztuan joaten gara, baina maiz bero larregi egiten du eta nik ez dut gustuko.

Aitari eskatu nion ea aitona bisitatzen joan gintezkeen, aitona oso pertsona ona baita. Beti ematen dizkit gozokiak, eta hori pertsona onek bakarrik egiten dute.

-Aita, aitona bisitatu dezakegu? –eskatu nion.

-Ez, aitona oporretan dago eta ez dugu molestatu behar –erantzun zidan.

-Mesedez, aitaaaa… –eta nire aitak baietz esan zuen, nire aita nire aitonaren semea baita eta beraz bera ere oso pertsona ona delako (gozokirik eman ez arren).

Ama ostera ez da ona, aitari errieta egin baitzion, gezurrik esan behar ez zidala eta halakoengatik. Baina oker zegoen, aitak ez baitu gezurrik esaten.

Eta gero autoan sartu ginen eta aita gidatzen hasi zen, eta ez zidan esan nora gindoazen, eta ez zitzaidan axola pozik bainengoen aitona ikusiko genuelako.

Baina ama ez zegoen pozik, eta aitari errietan jarraitu zuen.

-Nola konpondu behar duzu gezur hori? –galdetu zion amak aitari.

Eta aitak erantzunik ematen ez zuenez, nik galdera bat egin nion. Hau galdetu nion:

-Eta non dago aitona, aita? –galdetu nion.

-Gertu, laztana –eta horrek gehiago poztu ninduen. Izan ere, ama haserre zegoenez aita oso azkar zebilen gidatzen. Eta hori ez da ona. Baina behintzat azkarrago helduko ginen aitonarengana. Eta hori bai zen ona.

Izan ere, bidean bihurgune asko zeuden, eta ni kurbatan zorabiatu egiten naiz. Eta aitak badaki, baina azkar zihoan, gero eta azkarrago, eta ni gehiago zorabiatzen nintzen, baina ama gehiago haserretzen zen heinean aita azkarrago zihoan.

-Gertu? Horrela konpondu behar duzu? –esan zuen amak, eta aitak eztanda egingo zuela pentsatu nuen, gorri baitzen, oso gorri, odola bezain gorri.

Eta gero azkarrago joan zen aita, eta bueltaka hasi ginen, eta autoa bueltaka hasi zen, eta ama bueltaka hasi zen, eta aita baita, eta buruz behera egon ginen, eta gero ez ginen egon.

Eta gero argi txuri-txuri bat ikusi nuen. Eta, orduan, aitona berriz ikusi nuen.

Banekien aitak ez zidala gezurrik esango.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: