Ametsak

1 03 2011

Sarritan galdetu diot nire buruari zenbat maite dudan. Zenbat une igaro ote ditudan bere alboan. Zenbat ordu joan zaizkidan berarengan pentsatzen. Zer egingo nuke berarengatik, bera ukitzearren, bere presentzia berriz sumatzearren. Inoiz ez dut erantzunik aurkitu.

Ez dut oroitzen noiz hasi zen. Are gutxiago nola. Unibertsoa bezalakoa da: hor egon da beti, ezta? Eta hala ez bada, benetan axola al du? Eta horrela balitz ere, zer irabazten dugu hura aztertzen? Eta zeozer irabaziko bagenu ere… Gauza da, hor dagoela. Eta ni ere bertan nago. Elkarrekin gaude honetan.

Bere egunak ez dira errazak. Gogor egiten du lan. Erizaina da erietxe batean, eta atsoekin, agureekin egiten du lan. Beste inork ez bezala zaintzen ditu. Zenbaitetan bere lanaren (lan ordainduaren) mugak gainditzera heltzen da: laztandu, maitatu, garbitu, bizitzeko gogoak berpizten dizkie. Beraiekin daukan konpromisoa ulertezina gertatzen zait maiz; jeloskor jartzera ere heldu naiz zenbaitetan, bere begirada eta bihotza bakarrik niretzat gorde ditzala eskatzea larregi dela jakin arren. Besteek bere xarmantasunaz gozatzeko eskubide berbera daukate, baina ezagutu dutenek badakite nire pentsamendu hauek ez direla bekatu.

Gutxik ezagutzen dute nik bezainbeste. Bera ezagutzea bera maitatzea da. Gehiago esango nuke: bera ezagutzea bera betirako maitatzea da. 24 urte baino ez ditu, ni baino zenbait gutxiago. Gauero nire zain egoten da. Hamar ordu baino gehiago ematen ditu erietxean, baina hala ere bizirik, esnatuta jarraitzen du eta ni maitatzeko prest. Zenbaitetan denbora behar du agure batzuen oihu eta zorigaizto guztiak ahazteko: buruan ezkutatuta, baztertuta eramaten ditu gau osoan zehar, baina, egia esan, horrek ez du berarentzako arazorik suposatzen. Niretzat ere ez.

Agure (lizun?) horiek egun osoa begira egon arren, beraiek ez baitakite ni maite nauela. Gauero nigana itzultzen delako. Berandutzen naizenean ere itzartuta itxaroten nauelako. Aurpegi txarrik sumatzen ez zaiolako. Ederregia delako gezurrik esateko. Nirea izan nahi duelako, eta ni bere. Badirudi norbaitek aukeratu egin gaituela betirako elkarrekin egon gaitezen, Jainkoak Lurrarekin eta Ilargiarekin egin duen antzera. Zori itzela dudala uneoro dut presente nire buru eta bihotzean. Zenbaitetan tristura sentitzen dut munduko beste pertsona guztiengatik, bere maitasuna jasotzea zer den ez dakiten gizajoengatik, bere beroa sentitu ez duten gizaki koittauengatik. Berekoikeria izpirik ordea ez dut nabaritzen: bere presentzia, bere existentzia hutsak, zalantza edo atsekabe susmorik txikiena ezabatzeko gai delako.

Hiri guztia zeharkatu behar izaten dut berarengana heltzeko. Tentazio eta perbertsioz beteriko hiria. Nire motorraren gainean, gaueko epeltasunean, noizbait erakargarriak iruditu zitzaizkidan denbora-pasa horiek atzean uzten ditut. Dirua plazera erosteko gai deneko lurraldea ahaztarazi eta nire planeta partikularrera zuzentzen naiz. Basamortuko are hori eta bero gorriek jadanik ez naute deitzen. Narru beltzeko arropek nire inguruko gaitzengatik babesten naute, infernuko garrak gainditzen lagunduz, eta galaxiako bestaldera heltzeko indarra ematen didate. Etxera, zerura heltzen zarenean nabaritzen den sentsazioa sakonagoa da hiriaren zikin eta belztasun denak axola ez dutenean.

Eskaileratatik usaintzen, nabaritzen dut bere esentzia. Atea zabaldu eta bere besarkada jasotzea, bere ile gorri hori berriz ikustea, egun osoan lagundu nauten taupada horiek beso artean sentitzea, bere molekula denak nireei itsatsita nabaritzea: hainbeste urteren ostean, erlijioek eskaintzen dutena une amaigabe horietan bizitzen dudana delaren ondoriora heldu naiz. Paradisua da. Ez; paradisuaren sarrera baino ez da.

Gauza anitz bizi izan ditut. Egoera arriskutsu ugari. Lur zahar honek eskaini ditzakeen lekurik ederrenetan eta infernutik hurbilen daudenetan ere egona naiz. Askok usteko dute bidaiek gogortutako nire azala zeharka dezakeen sentimendurik ez dagoela, gizakiek jadanik eman behar zidaten dena eskaini didatela. Eta, zentzu batean, hala da. Izan ere, bera gizakien gainetik dago. GU gizakien gainetik gaude. Bere etxea gure unibertsoa da, denbora eta gezur gabeko unibertsoa eta babeslekua. Inork ezin digu minik egin bertan. Bat gara eta dimentsio mugatu honetako besoek ezin gaituzte ukitu.

Edenaren mugak gainditu ostean, bekatua atzean utzi ondoren, nirea da. Eskaintzen zait. Arrosa zaporedun ezpain horiek nabaritzen ditut gorputz guztian zehar. Ni bere barruan nago baina bera nire barruan sentitzen dut. Amerika eta Afrikak tupust egingo bailute. Gogor batzuetan eta leun besteetan. Bizirauteko daukan aukera bakarra bainintzan heltzen dit, nigana itsatsi nahi izango balu egingo zukeen antzera, nahiz eta jakin jadanik banaezinak garela. Astiro, gutxika, bere presentziak gela guztia betetzen du eta amildegira bultzatzen nau. Eta amildegitik harago. Eta handik urrunago… eta bertara heltzerakoan, bera han dago. Nire alboan, ni ebatuz, betiko moduan.

Denbora martxan berriz jartzerakoan, biok dakigu gure aurka doala. Hiriaren gainetik, goizeko haize epelean murgilduz, biluzik, eguzkia itxaroten dugu, amets honen momentuzko amaiera suposatuko duen seinalea. Bere gorputz gordin eta lirain hori behatzea, balkoian gaudelarik eta halere oraindik barruan; bere ametsak eta ilusioak entzutea, beste inork aditu ezin ditzakeen uneetan; bere beldurrak elkarbanatzea, beste inork ezagutuko ez duen modura; berarekin berriz bat izatea/egitea, oraingoan gure gainean bakarrik izarrak eta jainkoak daudelarik. Zeozer gehiago eskatzeko eskubidea dudala uste al du norbaitek?

Bai. Nik neuk. Izan ere, gure gorputz-adarrak oraindik marapilo askaezin batean murgilduta daudenean errealitate urruneko argiak harrapatu egiten gaitu. Biluzik oraindik, noizbehinka eroritako ur ttantta jostariei kasurik egin gabe. Eta une horretan bere bihotza ere biluzik agertzen zait. Biok dakigu atzeraezina dela eta egunero gauza bera gertatzen dela, baina zenbaitetan negar egiten jarraitzen du ni jantzi eta joateko prestatzen naizen bitartean. Tankera eta bihotz gogorrak ditudala uste duten guztiek ezin dute ulertu une horietan nire barruan bizitzen dudana. Egunero, orduan, zin egiten diot nire buruari mundu honetako basakerietatik aldenduta mantenduko dudala, eta horrela beti nirea izaten jarraituko duela.

Eta, hala eta guztiz, banoa. Gauera arte. Beharrak gorrotatzen ditut une horietan, baina banoa.

Ez, ez noa.

Izatez, bertan ere ez nago.

Ez naiz ni.

Baina bera bai da bera, eta bera badoa.

Erietxe zikin hau utzi eta bere etxera doa gu ahazteko asmotan (eta ziur nago atetik irten bezain laster lortuko duela). Bere aurpegi politak hitz ederrak esaten zizkidan bitartean, gau osoa lasai igarotzeko bezainbeste morfina sartu dit gorputzean.

72 urte ditut, eta duela hiru, gerritik beherako sentsibilitate guztia galdu egin nuen. Orain oihukatzeko gogo jasanezinak dauzkat: nire amets hauek inoiz biziko ez ditudalako, espetxe honetatik jadanik ez bainaiz berriz irtengo, benetako emakumerik jadanik nire besartean berriz nabarituko ez dudalako, nigan erreparatu ere egingo ez dutelako, horrela ezin dudalako bizi. Izan ere, orain ametsak baino ez ditut, eta ametsetaz ezin delako bizi.

Eta nik, orain, ametsak baino ez ditut.

Ametsak baino ez.

Advertisements

Ekintzak

Information

One response

8 03 2011
Labur taldearen ipuin berria jada web orrian | topatu

[…] Labur.org web orrian Labur taldearen azken ipuin laburra argitaratu dute. Hilabete honetakoak Ametsak du izena. […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: