Jeinu

30 12 2010

Horrenbeste gustatzen zitzaion bigarren eskuko denda hartan, Eugenya andreak bere etxebizitza dotore asko mantentzeko behar zuena topatu zuen: kriseilu bat. Ikusi bezain pronto jakin zuen ederto asko geratuko zela telebista gainean zituen bere bi iloben argazkien artean, bere senarra izandakoarekin ezkondu aurreko astean egin zioten margo haren azpian.

Ez zen lanpara arrunta hura, etxean zeuzkan beste apaingarri gehienak ere arruntak ez ziren bezala. Egia esan, zelan funtzionatzen zuen ere larregi argi ez zuen, baina pisuan ondo geratuko zela iruditu zitzaion eta hori nahikoa zen. Eugenya andreak bere pisua txukun eta interesgarri mantentzea gustuko zuen, jadanik bisita ugari jaso ez arren; gauza interesgarriak izatea zuen laket, etxebizitzari nortasuna eta izaera ematen zioten objektuak.

Horrela, Mozambikeko egurrezko maskara bat zuen sukaldean eskegita, Belizeko maindire koloretsu batek estaltzen zuen bere ohea, eta Mongoliako bongo bat erabiltzen zuen ohe alboko mahai gisa. Mozambike, Belize edota Mongolia non zeuden jakin ez arren.

Kriseilu hura Bagdad-ekoa zela esan zion Lisa andreak.

–Bagdad-ekoa da kriseilu hori –eta Eugenya andreari interesgarria iruditu zitzaion, eta erosi egin zuen. Lisa andrea, dendaren jabea, aspaldidanik ezagutzen zuen, eta ostegun arratsaldetan kikara bete te hartzen zuten batera.

Izatez, lanpara hura te-ontzi baten tankera izatetik gertuago zen, lanpara batena baino. Ertz batean tutu bat zeukan eta bestean helduleku bat; erdian, goialdean, tapa moduko bat zuen. Tapan zegoen zulo batetik kordel bat irteten zen.

–Urre zaharrez dago egina –jarraitu zuen Lisa andreak, baina Eugenya andreak letoi itxurak hartu zizkion.

“Etxera heltzerakoan ondo garbitu beharko dut”, pentsatu zuen berekiko. “Bagdad non dagoen ere begiratu beharko dut” baina jakin bazekien ez zuela halakorik egingo, Moldavia, Papua edota Zambia non zeuden inoiz begiratu ez zuen bezala.

(Norbaitek noizbait apaingarriren baten jatorriari buruz ezer itaunduz gero, beti erantzuten zuen “Namibia non den azaltzen ez naiz hasiko orain, ziur zuk hori eta askoz gehiago dakizula” edota “makila hau Guyana-koa da, badakizu, Guyana, ez dizut azaldu behar non geratzen den ezta?”, eta inoiz inork ez zuen erantzuten baietz, azaldu beharko liokeela)

Etxera bueltatu bezain pronto jarri zuen kriseilua zegokion lekuan. Espero bezain lirain ikusten zen, baina distira atera beharko zion, goibel xamarra ere ikusten baitzen hauts eta urte guzti haien azpian.

Gerorako uztea pentsatu zuen, baina gero gogoratu zuen ezpata hura erosi zuenekoa. Baziren bi urte erosi zuenetik eta etxera ekarri ziotenean punta arroka batean sartua zuen. “Gero aterako dut arroka horretatik” pentsatu zuen, eta oraindik dauka komunean gordeta, arroka eta guztiz.

Ezpata erosi ondorengo egunetan jende arraro mordoa etxera etortzen hasi zitzaion, edo behintzat arraro iruditu zitzaizkion Eugenya andreari, nahiz eta gaur egungo gazte gehienak arraroak iruditzen zitzaizkion, batez ere titietan belarritakoak zituzten mutilak. Eta bertaraino hurbiltzen ziren guztiek nahi zuten ezpata arrokatik atera baina inork ez zuen lortu, ezta gimnasilekuan ordu larregi igaro izanaren antza zuen gazte hark. Azkenean Arturo izeneko umetxo batek atera zuen bihurkin baten laguntzaz, baina bere etxeraino eramateko astunegia iruditu zitzaion, eta berriz sartu zuen arrokan. Kameloten bizi omen zen ume hura, eta Eugenya andreak beti ahazten zuen Kamelot non dagoen kontsultatzea. Geroztik, inork ez du berriz ezpata hura ukitu.

Beraz, oraingoan, zapi zahar bat eta zapatak garbitzeko kaxa hartu zituen, eta sofan eseri zen kriseilua eskutan zuela. Kontu handiarekin garbitu zuen, luze eta lasai, urre distiratsuz egina zegoenaren itxura lortu arte. Behin puntu horretara helduta, bere lekuan jarri zuen, eta bere erosketa ezinhobea zela pentsatzeari ekin zion.

Eta orduan etxeko txirrinak jo zuen.

Ez zuen bisitarik espero, eta bosgarren pisuko neskatila etortzeko ere goizegi zen – izan ere, sarri asko etortzen zen hura bere altxorrak ikusten. Une batez gogoratu zuen astebetez mutil gazte bat bizi izan zela neska haren pisuan, baina berak ia ez zuen ezagutu, nahiz eta ez zuen gustuko, gauetan igogailuan gauza arraroak egiten baitzituen.

Bere lagunek beti esaten zioten ezezagunei atea ez irekitzeko, arinago behatxulotik so egiteko eta, betaurrekoak jartzea ahaztuz gero, bestaldekoa nor zen galdetzea atea zabaldu baino lehen. Baina Eugenya andreak inoiz ez du halakorik egin bere bizitza osoan, eta ez zen orduan hasiko txalupatan etorritako lau tiporen erruz.

Ateaz bestalde zegoen tipoa txalupa batean etorria zela iruditu zitzaion arren. Edota gamelu batean. Edota, eta gauzarik ziurrena hori zen, dragoi batean.

Gizon hark, aurpegia larregi belztua izateaz gain (goizetan kafeari esne gutxiegi botatzen zionean honek hartzen zuen kolorea zuela iruditu zitzaion Eugenya andreari), janzkera bitxia ere bazuen. Bere semeak lanerako erabiltzen zuen, eta horren guapo egiten zion, alkandora arrosaren berdin bat zen zeraman janzki normal bakarra. Horren gainean (eta ez zetorkion bat, erabaki zuen Eugenya andreak) kolore anitzetako artile-txaleko bat zuen. Gerriko beltza eta zabalegia zuen, prakak bezala, zeintzuek kolore bizikoak ziren ere, marra bertikalez eginak. Etxerako zapata moduko batzuk zeramatzan, baina maleta batean txarto gordeak izan zituen nonbait, punta gorantza baitzuten. Buruan eskuoihal moduko bat zeraman lotuta, hau ere puntan.

Baina Eugenya andreari batere gustatu ez zitzaiona bizarra izan zen. Aurpegiaren gehiena estaltzen zion, eta kokots aldean puntan zeukan: garaiak zenbat aldatu diren pentsatu zuen Eugenya andreak; bere denboretan itxura horiekin ate joka ibiltzea amesgaitza zatekeen.

–Barkatu, baina jadanik erosi dut entziklopedia bat.

–Ez ez! Ez nabil ezer saltzen –erantzun zion gizonak, sarrera harengatik asaldatuta–. Ni zure lanpararen barruan zegoen jeinua naiz, eta askatu berri nauzunez, hiru desira eskaini nahi nizkizuke, esker moduan.

Eugenya andrea mutu geratu zen une batez, eta gizona goitik behera begiratu zuen. Ez zitzaion iruditu lanparan kabitu zitekeenik gizon hura.

–Baina nik lanpara erosi nuenean zu ez zeunden barruan, bestela larregi pisatuko luke eta nik ezingo nukeen bakarrik honaino ekarri –kezkatu zen.

–Bai, banengoen barruan, baina ez itxura honekin: txikiagotu nintzen bertan bizitzeko, bestela sorbaldako mina sortzen zitzaidan hor barruan estututa egoteaz. Horregatik ez zitzaizun iruditu horren astuna.

Eta Eugenya andreari logikoa iruditu zitzaion azalpen hura. Bere hurrengo galdera egin arte, isilik geratu zen beste behin. Tipoa irribarretsu zegoen, eta alaia zirudien.

–Baina nik ez dut inolako eskaririk, egia esan –eta bai, desira bat bazuela pentsatu zuen berekiko: pentsioa igo ziezaiotela, doi-doi heltzen baitzitzaion igandetan mezetan xentimo batzuek emateko. Baina hori politikoen kontua zen, eta ez koittau harena, ezin zion horrelakorik eskatu txalupatik jaitsi berria zen gizon hari.

–Ez dituzu zertan orain eskatu behar, neuk zuk behar bezainbeste itxaron dezaket.

–A bai ala? Ez nekien hemendik geratzeko asmoa ote zenuen edota beste nonbaitera joatekotan zenbiltzan.

–Tira, egia esan, ez dut oraindik pentsatu non geldituko naizen gaua pasatzen, 3000 urte eman ditut kriseiluan sartua eta ziur hau zertxobait aldatu dela…

–Arinago esan behar zenuen hori! Sartu sartu –eta etxe barrura sartzeko keinua egin zion, bere bidetik kentzen zen heinean–, semea aspaldi joan zitzaidan etxetik eta gela bat libre daukat gero! Beste zerbait topatu bitartean hemen gera zaitezke –izan ere, pertsona jatorra iruditu zitzaion Eugenya andreari, ez telebistan ikusten diren beste askoren moduan (nahiz eta, egia esan, lizunak iruditzen zitzaizkion guztiak emakumezkoak ziren, batez ere arratsaldetako telebista saioetan agertzen ziren horiek). Eta hori baino gehiago, oso pertsona gizalegetsua iruditu zitzaion, Kyrgizstan edo Rwanda bezalako herrialdeak non dauden dakien horietarikoa. Eta hori Eugenya andreak asko estimatzen zuen.

Jeinua etxe barrura sartu zen, kikildu samar, begi aurrean zuen guztia zeharo berria suertatzen baitzitzaion. Ikusten zituen tramankulu gehienak zertarako ziren ere ezin zuen asmatu, eta eguneratzeko beste 3000 urte beharko zituelaren sentsazioak abaildu zuen.

–Hau izango da zure gela –eta kolore bizitako kartelez apaindutako gela bat erakutsi zion–; nire semeak utzi zuen moduan mantendu nahi du, beraz barkatu paretetako musika taldeak ez badituzu gustuko. Nik –jarraitu zuen ahopeka, bizitzaren sekretua kontatu behar balu bezala– gorroto ditut!

Baina ekipaiarik ekarri ez duzula ikusten dudanez –jarraitu zuen, oso berba zalea baitzen–, joan gaitezen egongelara nahi baduzu, eta agian lanpara horren barruan zer demontre egiten zenuen konta ahal didazu…

–Bai, gustura kontatuko nizuke –esan zuen jeinuak sofan esertzen ziren bitartean–, baina tamalez oso istorio luzea da eta…

–Luzea diozu? Orduan te apur bat prestatuko dut! Tea gustuko duzu, ezta? –baina jeinuak ez zuen terik nahi, bere istorioa kontatzetik libratzea baino ez zuen nahi, oroitzapen haiek berpiztea ez zuen nahi.

–Bai. Mesedez. Eta. Eskerrik. Asko.

Eta, bere gogoen kontra, hurrengo ordu betean bere bizitzaren nondik norakoak azaldu zizkion Eugenya andreari. Te hura behintzat gozo zen.

Magia nola ikasi zuen kontatu zion lehendabizi, bere sendian aztirik egon ez arren zelan ikasi zuen gutxika gizakiak ipotx bihurtzen, eta gero ipotxak igel; eta gauzak lekuz aldatzen ere ikasi zuen, erratza inoiz mugitu ezin izan bazuen ere, eta horregatik gorroto duela horrenbeste zorua erraztea; eta hodeiak mugitzen eta kolorez aldatzen ere lortu zuela, baina euri tantak igel bihurtzera ostera ez zela inoiz ailegatu.

Eta gero Erregearen Azti Nagusi zelan bihurtu zen kontatu zion, eta gazteluan bizitzea zelakoa zen, eta zeinen polit ikusten ziren egunsentiak eta ilunabarrak gazteluko balkoietatik. Baina batez ere Erregearen emaztea zeinen eder ikusten zen kontatu zion, eta oraindik aurrean balu bezala kontatu zuen hau, eta bere begietatik oraindik garrak irteten ziren haren izena aipatzerakoan.

Erregea, ordea, bere eta haren emaztearen arteko maitasunaz jakin zuenean asko haserretu zela kontatu zion ondoren, eta urtebete pasa zuela bere ustez merezi zuen zigorra zein ote zen erabakitzen. Eta asko pentsatu ondoren ezin izan omen zuen erabaki zer punizio merezi zuen, eta pentsatzeko denbora gehiago behar zuela erabaki zuen, eta bitartean bera, aztia, lanpara baten barruan preso gordetzea erabaki zuen; bakarrik lanpara hura garbitzerakoan irten ahalko zen aztia handik, eta orduan ere zegokion zigorra onartu eta bete beharko zuen. Eta lanparatik ateratzen uztearren, gainera, lanpara garbitzen zuenari honek eskatzen zizkion hiru desira bete beharko zizkion.

–Ba ez dirudi oso errege bidezkoa gero –pentsatu zuen altuan Eugenya andreak–. Den-dena edukitzea ezinezkoa dela jakin beharko luke errege batek, baita bere emaztea beste norbaitez maitemintzen denean ere –eta bere senarra nola ezagutu zuen kontatzea otu zitzaion, beste mutil harekin prometatuta zegoeneko istorio hura, baina gero ez zitzaion aproposegia iruditu gizon haren istorioa moztea–. Eta nola sartu zintuen lanparan ba?

–Kolpeka.

–Aaa… Ba horrek min egin behar zuen, ezta?

–Bai… –eta jeinuak gogoratu nahi ez zituen une haiek ekarri zituen bere ezpainetara bueltan. Pertsonak kuzkurtzeko trikimailu hura ez omen zuen ondoegi ezagutzen garai hartan, eta bere buruari aplikatu nahi izan zionean ez omen zuen ondo funtzionatu. Erregeak, orduan, kolpeka eta ostikoka sar zezatela agindu zien bere gortesauei.

Jeinua isilik geratu zen une batez.

Eugenya andreak pentsatu zuen orduan agian ahoa lehor geratu zitzaiola, tea aspaldi amaitu baitzuen, eta gehiago nahi izango zuela.

–Te gehiago egin dezakezu nahi baduzu –esan zion orduan jeinuari–. Nik prestatuko nizuke, baina nekatuta nago eta arratsaldeko ordu honetan izterretako mina hasten zait, beraz zuk presta zenezake? –eta jeinuaren bisita zela medio arratsaldeko lo-kuluxka ez zuela izan gogoratu zuen.

–Bai, noski, nik egingo dizut.

–Badakizu non dauden behar dituzunak?

–Lasai, horretarako naiz jeinu bat –eta handik minutu batera Eugenya andreak inoiz probatu duen terik goxoena ekarri zion, gaztetan larreetan jasotzen zituen loreen usaina eta udazkeneko aire epelaren zaporea zuen te koloretsu bat. Eta Eugenya andreari minutu bat oso denbora gutxi iruditu zitzaion horrelako te goxo bat prestatzeko, eta errezeta eskatu beharko liokeela apuntatu zuen bere buruan, Bagdad non zegoen begiratzearekin batera.

Jeinuak bere istorioarekin jarraitu zuen orduan.

Eta kriseilu barruko bizitzari buruz aritu zen, eta nola lortu zuen azkenean bere burua txikitzea kontatu zuen, eta urteak zeinen luze egiten zitzaizkion, eta ohe polita eta handia izan arren lorik ezin zuela egin, eta Eugenya andreari 3000 urte asko iruditu zitzaizkion lorik egin gabe egoteko. Komunik ote zuen galdetu nahi zion, baina agian hobe beranduagorako lagatzen bazuen galdera hura.

Erregeak urte asko eman zituen bere zigorra prestatzen, horrenbeste non hil ere egin zela huraxe erabaki gabe. Eta urteak aurrera joan ahala, mundu guztiak ahaztu zuen lanpara hura, eta erregetza hura amaitu zen eta hiria desagertu zen, baina inoiz ez zuen inork lanpara hura berarekin eraman nahi izan.

–Ba niri oso lanpara polita iruditzen zait –esan zion Eugenya andreak–. Ez dut ulertzen zergatik ez zuen inork lehenago hartu. Hobeto horrela, merkeago niretzat.

–Zer da lanpararen azpian dagoen hori?

–Telebista diozu? –eta Eugenya andreari ez zitzaion galdera hura gehiegi gustatu: bazekien bere telebista zaharra zela, pantaila biribildua eta ertzak egurraren kolorekoak dituzten horietarikoa, baina telebista bat zela ulertzea ez zen horren zaila. Gaur egungo gazteek nagusiei beraien nagusitasuna adierazteko modu bitxiak, eta ez atseginegiak gainera, zituztela iruditu zitzaion–. Ba oraintxe bertan ez dabil, egia esan: ez duzu zuk telebistak konpontzen jakingo, ezta?

–Bai noski, horretarako naiz jeinu bat –eta telebistarik inoiz ikusi ez arren, sofatik altxatu, kutxa hartara hurbildu, eskuak kristal moduko hartan jarri, eta atzamar haietatik argi distiratsu bat sortu zitzaion. Minutu erdi ostean, argi hura amatatu zen (Eugenya andreak asko begiratu arren ez zuen lortu esku artean zer zerabilen ikusterik, eta Bagdad-eko teknologia oso aurreratua egon behar zuela pentsatu zuen; ziur bere semeak Bagdad asko izango zuela gustuko, gauza arraroak egiten dituzten gailuen zale amorratua zelako, eta bere urtebetetzerako Bagdad-era bidai bat oparitzea erabaki zuen. Bere semearentzat bakarrik, ez berarekin ibiltzen zen haragirik gabeko neska harentzako, berari erretzen duten eta hezurretan dauden neskak ez baitzaizkio batere gustatzen). Eugenya andreak betaurrekoak jarri zituen, baina horrela ere ezin izan zuen ikusi gizon hura zertan ari zen.

Behin argia desagertu eta gero, jeinuak ON zioen botoia sakatu zuen. Telebista piztu zen. Ondo asko ikusten zen seinalea.

–Oooo, primeran, eskerrik asko! Baina… baina nire telebista zuri-beltzekoa da. Eta orain koloreak ere ikus daitezke…

–O, nahi baduzu berriz atzera bueltatuko dut –larritu zen jeinua, agian egin berri zuena andrearen gustukoa izango ez zelakoan.

–Ez ez, lasai, hobeto horrela –eta agian Lisa andreak telebistan agertzen den ile txuri kizkurdun eta pailazo aurpegidun atso horren janzkera zergatik kritikatzen zuen ulertu ahal izango zuela otu zitzaion.

Bat-batean, Eugenya andrearen buruak aztertzen zebilen aukera guzti horiek moztuz, orro bat entzun zen gelan. Jeinuaren tripa zorroak ziren, baina hurrengo Gerra Mundiala izan zitekeen lasai asko, haiengandik sortutako burrunbagatik.

–Egia da! –esan zuen Eugenya andreak eskuak aurpegira eramanez– Pastarik ez dizut eskaini eta! Normala gose izatea! Baina gauza da amaitu zaizkidala eta pastel batzuek nituela haien ordez, baina gaur goizean ez nintzen oso ondo sentitzen eta ogia erosten joan beharrean pastel horiek gosaldu ditudala, eta ezin orain zuri ezer eskaini, gainera berandu da eta denda itxita dago beraz bihararte itxaron beharko baina orduan bai, orduan behar den moduko te bat prestatuko dizut, bere pastekin eta guzti, ez gaurkoaren modukoa…

Larritzen zenean berba erraza zuen Eugenya andreak, eta jeinuak ezin zuen esan noiz amaitzen zen hitz bat eta non hasten zen hurrengokoa, horren azkar hitz egiten zuen eta.

–Pasta bila joan nadila nahiko zenuke? –eten zuen hitz jario hura jeinuak.

–Baina denda itxita dago orain, jadanik berandu da, eta zuk pentsatuko duzu oso anfitrioi txarra naizela pastarik gabeko te bat eskaini dizudalako, baina ni beti saiatzen naiz etxera etortzen zaizkidanak ondo tratatzen, nahiz eta geroz eta bisita gutxiago jasotzen ditudan, baina hori normala da, urteak aurrera egin ahala jendea zutaz ahazten baita eta gainera atsoekin inork ez du egon gu*

–Baina nik galdetzen dizudana pastak nahi al dituzun da –eta ozenki esan zuen hau jeinuak, Eugenya andrearenaren gainetik bere ahotsa entzun zedin. Hala ere, irribarre bat zuen aurpegian.

–Ba… tira, ba bai, bai nahi ditut pastak baina… –eta berriz eman behar zion hasiera hitz maratoi hari, jeinuak berriz ere moztu zuenean.

–Ados, ba oraintxe nator –buelta erdi eman, atera zuzendu, eta pisua utzi zuen. Baina irribarrea ez zuen galdu.

Eugenya andrea isilik geratu zen, bakarrik hitz egitea ez baitzuen gustuko. Hitz egiten zebilela jendeak ospa egitea ere ez zuen gustuko, baina horren txarto sentitzen zen bere gonbidatua gosez hil behar zuelako, non ez omen zitzaion horrenbeste axola jeinuak modu hartan alde egin izanak.

Handik minutu batera, txirrinak jo zuen berriz.

Jeinua bueltan zen, eta Eugenya andreak horren gustuko dituen pasta horietariko 16 kilo zekarren besapean. Biharamuneko egunkaria eta ogia ere bazekartzan. Irribarretsu jarraitzen zuen.

–Azkarra izan zara gero –eta eskerrak eman ondoren, eta halakorik zertan egiterik ez zuela pare bat aldiz esan ondoren, egunkaria irakurtzeari ekin zion, albisteak ozenki komentatuz eta jeinuari beste 3000 urte kriseiluan aspertu gabe igarotzeko lain informazio eta iritzi emanez.

Jeinuak mutu entzun zuen hura guztia. Gustura entzuten zituen Eugenya andrearen hitz haiek, gauza berri asko ezkutatzen baitzituzten. Gehienak ez zituen ulertzen, baina hala ere gustuko zuen haiek entzutea.

Bitartean, pentsatzen ziharduen.

Eta pentsatzen apurtxo bat eman ostean, ez zen horren irribarretsu. Triste zirudien.

–Agian beste nonbaitera joan beharko nintzateke gaur gauean –esanez moztu zituen iritzi haiek guztiak. Une hartan Eugenya andrea Txinako Barne Produktuaren hazkuntzaren eta bere semeak haurrik ez izatearen arteko erlazioari buruz ari zen (nahiz eta, une hartaraino, erlazio hori azaltzeko gai izan ez).

–O –tristatu zen ezusteko harekin–. Eta nolatan ba? –eta, une batez jeinuaren hitzak pentsatu ostean, egungo gazteek zeinen azkar bizi nahi duten bururatu zitzaion, horren azkar non egunkaria irakurtzeko denborarik ere ez dutela.

–Izan ere, zure hiru nahi bete ditut eta jadanik ez nago behartuta zure inguruan egotera –eta lurrera begiratu zuen.

–O –eta berriz tristatu zen Eugenya andrea–. Tira, nik ez zaitut ezertara behartu nahi, baina zuk nahi baduzu hemen gera zaitezke gaua pasatzen, eta bihar goizean alde egin; edota luzeago ere gera zaitezke, ez duzu zertan bihar alde egin behar… –zaila zitzaion bakardadea onartzea, eta gainera gazte hura gustuko zuen, buru gainean zeraman eskuoihal haren zentzua ulertu ez arren.

–Bai, gera ninteke… baina larregi nekatuta ez nago egia esan, zure nahiak betetzea uste baino errazagoa izan da…

Jeinuak desira zailagoak espero zituen egia esan. Haien beldur ere bazen askotan. 3000 urte haietan lo egiteko gai izan balitz, amesgaiztoak baino ez zituen izango, bete beharko zituen desira haietaz beteriko amesgaiztoak.

Norbaitek hegan egin nahi zuela eskatu izan balio, bereak eta bi ikusiko lituzke jeinuak, bera haizeekin oso txarra baitzen (baita sabelekoekin ere). Edota munduko pertsonarik aberatsena nahi bazuen izan bere askatzaileak, aberatsenarengana joan eta haren diru guztia lapurtu beharko zukeen, beste biderik ez baitzitzaion bururatzen. Eta txarrena norbaitek desira kopuru amaigabea izatea eskatzea zatekeen; batez ere norbait horren zaletasun nagusia neska politak lortzea balitz – jeinua betidanik izan zen oso txarra neska kontutan, eta lanparan igarotako urteek mesede handirik ez zioten egin.

Hala ere, lanpara hartan igarotako urte guztietan, jeinuak inoiz ez zion beldurrik izan momentu hartan esku artean zuen egoera hari. Baina une hartan bazion.

Andre haren nahiak beteak zituen: tea, telebista, pastak. Joateko libre zen… baina joatea ez zen bere nahia. Jeinuak, bere bizitzan lehendabiziko aldiz, bere nahietan erreparatu zuen, eta gogorra suertatu zitzaion.

Bakarrik zegoelaz ohartu zen. Mundu hura ez zuela ezagutzen, bera baino 3000 urte zaharragoa (edo nagusiagoa) zen mundu hura. Beste inora joaterik ez zuen, eta hizlari amorratua izan arren Eugenya andrea atsegina suertatzen zitzaion. Bertan geratu nahi zuen berak: baina beste pertsonak gauza bera nahi izango ote zuen? Ohituta zegoen beste pertsonen desirak ahoz entzutera, baina hura ezberdina zen, ezin zuen asmatu besteak zer nahi zuen benetan… Eugenya andrea gustuko zuen berak, nagusitxoa izan arren oso atsegina eta arretatsua baitzen, eta aparteko adeitasunez azaltzen zizkion gauzak eta tratatzen zuen. Inoiz ez zuen bere Erregina ordezkatuko, baina hala ere etxe hartan denbora gehiago igaro nahi zuen, kriseilu haren barruan ez bezala. Eugenya andrearen desirak betetzea, azken finean, ez zitzaion lan bat iruditu.

–Zera, nik… ez dakit… badakit nire egitekoak bete ditudala hemen, baina… oso ondo pasa dut arratsalde honetan, eta denbora luzeagoz geratzea nahiko nuke… baina bakarrik hori baldin bada zure desira…

Isilik geratu zen Eugenya andrea une batez.

Eta pentsatu zuen jeinua, bera baino askoz nagusiagoa izan arren, 16 kilo pasta etxera ekartzeko gai baldin bazen, bera ederki asko bizi zitekeela gizon haren alboan.

–Agian telebistak konpontzeko gai izango zara, edota oso ona izan zaitezke tea prestatzen. Eta gainera herriko pasta-dendak ezagutzen dituzu.

–Baina 3000 urte baino gehiago bizi izan baldin bazara –jarraitu zuen Eugenya andreak– jadanik jakin beharko zenuke bene-benetan, bihotzez nahi ditugun desirak, ozenki esaten ez ditugun horiek direla.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: