Finn McCool-en kondaira

1 11 2010


Badago Irlandako Iparraldean Giant´s Causeway edo Erraldoiaren Galtzada izena duen lekua. Zutabez osatutako galtzada moduko hori itsasorantz barneratzen da, bere baitan hartzeko gonbita egingo baligu bezala.

Zientzialariek diotenez, orain dela urte mordoa, sumendi-erupzio baten ondorioz laba leunki isuri zen itsasoraino. Irlandak garai hartan klima tropikala zuen, eta laba, itsasoko uraren kontaktuan, solidotu egin zen gaur egungo irudi hexagonalez osatutako zutabe bitxi eta ospetsuak sortuz.

Baina gauza bat da zientzialarien ustea eta beste bat benetan gertatu zena…

Bazen behin Causeway kostaldean bizi zen Irlandar erraldoi bat. Finn McCool zuen izena. Hogei metroko luzera zuen, baina altua ez ezik, indartsua ere bazen. Ile gorriko txirikordak eta bizar luzea zituen eta egunero kantuan aritzea izugarri gustatzen zitzaion.

Goizero, etxetik hurbil zegoen amildegitik begiratzen zuen zerumugarantz, eta itsasoaren bestaldean Eskoziako lur zoragarri eta basatiak ikusten zituen.

Lekutako kostalde hori begiztatzen zuen bakoitzean ezin zion esateari utzi: “Benandonner madarikatua, egun batean jo eta txikituko zaitut!”

Eta horixe zen, hain zuzen ere, bere etsairik nagusiena: Benandonner Eskoziar erraldoia.

Egun batean, Finn McCool gauza bera errepikatzeaz nazkatu zen eta bi irlen arteko tartea zeharkatuko zuen galtzada bat eraikitzeari ekin zion. “Horrela, Eskoziarrarekin aurrez aurre egoteko eta indarrak neurtzeko aukera izango dut”, pentsatu zuen.

Bi urte beranduago harbidea amaitu zuen, eta kementsu bezain tinko Eskoziarantz abiatu zen pentsatutakoa burutzera. Baina urrundik eta herrialde hartako lurrak zapaldu gabe, hango erraldoiaren tamaina ikaragarria ikusi zuen eta elkar mokoka ibiltzeak ez zuela merezi erabaki zuen.

“Hobe dut hemendik ahalik eta azkarren alde egitea”, esan zion bere buruari.

Afera, aldiz, ez zen hor amaitu:

–Etorri hona koldar kakati hori! –oihukatzen zion Benandonner-ek behin eta berriz barrez lehertuz–. Egin borroka nirekin, ez al zara horretarako etorri?

Etxera heldutakoan, Oonagh emazteak senarra zurbil eta arnasestuka ikusirik, ea zer gertatzen zitzaion galdetu zion:

–Burutik eginda dagoen Eskoziar madarikatu hori nire bila dator.

–Utzi nire esku –saiatu zen lasaitzen Oonagh–, ataka honetatik aterako zaitut.

Orduan, trastelekutik ateratako antzinako zurezko sehaska batean etzateko agindu zion.

–Sartu hemen, estali sudurreraino tapaki hauekin, eta ez esan txintik ere nik esan arte.

Laster, kanpoaldetik zetozen zarata ikaragarriek asaldatu zituzten senar-emazteak.

–Finn McCool, non sartu zara? Ireki ate madarikatua lehenbailehen edo behera botako dut.

Emazteak astiro ireki zuen atea.

–Jakin daiteke zer demontre gertatzen ari den? –Eskoziarrari zuzendu zitzaion hatz erakuslea ezpainetan zuela, isiltzeko imintzioa eginez–. Lotan dagoen gure umetxoa esnatu nahi al duzu, akaso?

–Zer ume eta zer umeondo? Erronka bota didan oilo busti kikilduaren bila nator.

Eta hau esanda, emaztea baztertu zuen etxera sartzeko.

–Berriro galdetuko dizut, non dago Finn McCool?

–Eta nik, etxean nire semetxoa bakarrik dagoela esango dizut azken aldiz. Eta hobe duzu bera ez esnatzea, ez baduzu ni haserretzea nahi. Zatoz ikustera zipotz halakoa!

Oonagh-ek lotan zegoen umearen logelara eraman zuen Eskoziarra, eta orduan, ustezko umearen tamaina ikustean, ziplo erortzeko zorian egon zen. Ezin zuen sinetsi ikusitakoa! Hori baldin bazen umearen tamaina, nolakoa izango  zen semetxoaren aitaren altuera, hau da, Finn McCool betidaniko etsaiarena?

–Beno… uste dut beste egunen batean etorriko naizela –esan zuen ahapeka, beldurra disimulatu nahian.

–Nahi duzun bezala –esan zion Irlandar emakume azkarrak–, dena dela, senarrari esango diot bisitan etorri zarela.

–Ez emakume! Ez, hobe da enbarazurik ez egitea. Benetan eskertzen dizut eta barkatu eragozpenak.

Eta sartu zen ate beretik irten zen, haizea baino azkarrago. Galtzadatik atzera begiratu gabe korrika egin zuen zekien bezain azkar, eta Eskoziara ailegatu baino lehen bidea apurtzeaz arduratu zen, Irlandarraren bisita saihesteko.

Ordutik hona, erraldoi bakoitza bakean bizi da norberaren irlan, eta bai bata bai bestea, bere kontuez besterik ez dira arduratzen.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: