Ihes

2 09 2010

Motorraren zarata baino ez zen entzuten, makineriaren mugimendu etengabea. Ixil-ixilik gindoazen laurok, bolbora usaina barneraino sartua eta eztanda zela-eta oraindik gor. Gaizki irten zen operazio hura ere (eta baziren zenbait dagoeneko) eta kezka aurpegiak ziren nagusi gure artean. Nirea ordea poza ezkutatzearen ondorioz agertzen zitzaidan keinua baino ez zen.

Poza ez prestatutakoa gaizki atera zitzaigulako; ezta gure ihes ahaleginek euren fruitua ematear zeudelako, ez. Pozik aurkitzen nuen nire gogoa Miren bizirik baitzirauen. Izan ere, askotxo kezkatzen nintzen ni halakoetan, beti nintzen bera galtzearen beldur. Ezin izango nuen bizitzea erabaki zuen bizimoduak zekarren arriskura ohitu, eta aitzitik bai nuen onartua beldur hori ezin izango nuela inoiz gainditu. Egia esan, nire buruagatik ez nintzen hainbeste arduratzen: talde hartan sartzea erabaki baino askoz arinagotik era horretako sentimendu eta erabakiak ez zeuden nire esku.

Mirenengatik sartu nintzen beste edonorentzat bizitzaren xahutze hutsa baino ez zatekeen mugimendu honetan. Institutuan ezagutu nuenerako bera jadanik mundu honetatik ur zegoen. Sentimen normala, bestalde, bere sendi hurbilaren nondik norakoak ezagututa: anaia nagusiak sarritan dastatu zuen itzalaren hotza, eta bere aita ere gerizpean urte asko emana zen; ama berriz, bai bata zein bestea bisitatzen ematen zuen bizitza, zein baino zein urrunago, Miren txikitatik alboan zuela. Aurreko belaunaldiak ere hamaika gudatan sartuak omen ziren. Ez zen hura nire kasua. Bai, aberria barnean nuen eta hori dena, nire herria maite nuen, baina horretaz gain zegoena nitaz at geratzen zen. Eta begira nola amaitu dudan: nire bizitzarekin jolasean.

Kilometro bete aurrerago kontrola geneukala esan zuen zaunkaka “talkie“-ak, uneko poztasun hark zekartzan gaztaroko oroimenak etenaz. Gidariak buelta eman errepide hutsaren erdian, eta berrehun metro arinago gure ezkerraldean utzia genuen bidexka asfaltatura itzuli zen.

-Peruren baserrira goazek? –galdetu zion gidariari bere albokoak.

-Hala biko –ihardetsi zion honek.

-Kaka!!

“Gidaria” eta “bere albokoa” bezalako egiturak badarabiltzat ez da tipo haiek ezagutzen ez nituelako, ezta gutxiago ere: mundu honetan konfiantzazkoak diren pertsonekin baino ez dugu lan egiten. Gauza da inoiz ez naizela beraiengandik hurbilegi sentitu, batik bat nire asmoak eta beraienak ez baitzetozen bat. Egia da Mirenenak eta nireak ere ez zirela inoiz batera etorri, baina nire helburua ezberdintasun horiek ezabatzea zen hain zuzen ere. Ez, zintzoa izan beharko nuke nire buruarekin, hainbeste denboraz kontrakoa sinestarazi diodanez nire buruari gatz suertatu arren: nire helburu bakarra bere alboan egotea zen. “Gidariak”, “bere albokoak” eta “goikoek” zituzten helburuei burutik pasa ere ez zitzaien egin norbait halako zerbaitetan neska bate maitasunarengatik sar litzatekeenik.

Horregatik jarraiki nintzaion manifestaldi guzti haietara, txitaldietara, gaitzespenetara. Berak lagun talde hurbilaren barnean onartua ninduen beste bat bainintza, baina inoiz ez zuen nigan gehiegi erreparatu. Eta horrek aukera bakarra utzi zidan. Berak zuen kausarekiko konpromezua tinkotzen zuen heinean, inguruko guztiak atzeraka hasten ziren ezbaizko une haietan, bere alboan mantentzea. Inork gutxik ulertuko zuen sabotaia guzti haiek Mirenen alboan egotearren baino ez nituela gauzaratu (ez behintzat inongo epaimahairik), baina nire nortasunean betidanik faltan sumatu dudan lidertza horren gabeziak Mirenen ekintzen partaide izatera baino ez ninduten ahalbidetzen.

Zementu gordinaz eginiko bidexka hartako zuloek beste behingoz itzuli ninduten errealitatearen maila honetara. Bizpahiru kilometro horrela egin ondoren, harrizko baserri zahar erraldoi batera ailegatu ginen.

-Hemen da, heldu gaittuk –gaineratu zuen gidariak. Kotxetik irtetzen hasi zen–. Baliteke pare bat egun hementxe egin behar izatea.

Ez zen izan hura organizazioak dituen fitxatu gabeko etxe haietariko batean egun batzu igaroko nituen lehenengo aldia. Sendikoei gezurretan aritzea baino ez nuen izaten irtenbide gaztetan. Lagunekin txangoan nihoala, edota neskalagunarekin hortik nonbaitera aldegin behar nuela, edota batek daki zer aitzakia inozo asmatzera behartzen ninduten. Mirenek laguntzen ninduen halakoetan, eta hori zela medio benetan, gogo biziz itxaroten nituen niretzat jolasak baino ez ziren entrenamendu eta fideltasun froga haiek. Gauzak seriotu bitartean behintzat.

Aurrean geneukan modukoaren etxe askotan egon ginen “goiko” norbait jarrera irmorik izan ez arren, behintzat leiala banintzelaz ohartu bitartean. Gauza berbera esan genezake Mireni gertatutakoarengatik, zalantzen arazoa kenduta. Baina gauzak ez zituzten arraz argi nonbait, eta azkeneko froga bat ezartzea erabaki omen zuten: oraingoak gure ekintzek pertsonei ere zuzenki eragingo zieten. Eta horrekin biok beldurrez bete gintuzten.

Lehenengo aldiz gauzak kontrolpean ez nituelaren sentsazioa izan nuen. Ordurarteko guztiei ez nien garrantzi gehiegirik eman, agintariek jadanik nire berri izan arren eta nire gurasoen gaitzespena jasanda ere. Benetako lagun gutxi izateak ere ez zidan logura kentzen. Baina pertsona bat, ezezaguna izan arren, modu hartan zulo beltzaren bakardadera bidaltzea… ezin ziurtatu ez ni ezta Miren ere prest geundenik. Mirenek bere ohiko geruza erantzia zuen, eta urduri, beldur ikus nezakeen lehenengoz. Nire bizitzako egunik garratzenetarikoa izan behar zuenaren aurrekoaren iluntze eta gaua, begi aurrean nuen baserriaren antzerako batean eman genuen elkarrekin, esaldi burugabe eta irribarre leloen artean. Inguruan bizi genuen mundu hark ahalegintzen ez duen laguntasuna geneukalaz ohartu ginen une haietan. Goizeko hirurak aldera Mirenek izarak eta maindireak kendu, gure ohe banatu bien arteko distantzia oinutsik igaro, eta besarkatu ninduen. Minutu oso batez. Gero bere ohera itzuli eta loak hartu zuen.

Biharamunean gertatutakoaren oroimen zehatzik ez dut. Tiro hotsek esnatu ninduten ametsetako egoera hartatik (Mirenen alboan milaka abentura biziko nituela zioen ametsaz nabil, ez begiak itxita gaudela burutaratzen zaizkigun horietaz) eta arineketan ihes egiterakoan aurpegia bustitzen zidan haize hotzak bizitzeko gogoak berpiztu zizkidan. Ondorengo egunetan ez ziguten telebista edota egunkariei begiradarik ematen usten, baina horrek ez ninduen kezkatzen, zer pentsa baneukan neuk-eta. Era horretako ekintzak ugariak izan ziren aurrerantzean, baino lehenengo hura izan zen gure adiskidetasunaren oinarriak ezarri eta aldi berean sendotu zituena.

Oraingoan oihuak izan ziren baserriak zekarzkidan oroitzapenetatik askatu nindutenak. Peru delakoa omen zen, ihesean generabilen bigarren auto hura non ezkutatu behar genuen adierazten ziguna. Etxe barnera sartu ginen ondoren, burutu gabeko lanak sortzen zigun mututasunaren artean. Hotza eta umeltasuna ziren nagusi han barnean. Biraoka hasi zen Peru.

-Joer!! Gauzak ez zuten holan urten biher!! Badiraz lau segituan txarto urten jakuzenak!! Esan nion bada Jaiori ez genekola jende hain gazteagaz hasi behar…

Hark mindu omen zuen nonbait Miren, eta gora igo zen, bere gela izango zena zein zen ez bazekien ere. Bere albora korrika egin nahi nuen, baina taldearen barnean norbait izaten jarraitu nahi baldin banuen –Mirenen alboan mantentzeko bide bakarra, alegia– une gatz haietan zutun mantendu behar nuen.

-Andrek ez dute honetarako balio –gaineratu zuen Peruk.

-Jaiok beti aukeratu ditu egokiak direzenak –berriz gidariak.

-Bai, baina inoiz ez liatuta daozenak –begirada niri zuzenduz.

Ezentzunarena egin nuen neuk, baina benetan harritu ninduen esaldi hark. Zer esan nahi ote zuen hamaika ikusiak zituen tipo hark? Zer gauza arraro zuen sumatua nigan halakorik esateko? Zergatik erabili momentu hura adierazteko, eta zergatik erratu zen hainbeste nahita? Gauza da aieru moduko hura bota ostean afaltzekoak prestatzeari ekin ziola, eta dutxa hartzera abiatu ziren beste biak. Zeregin ezaren aurrean, igotzea erabaki nuen neuk. Miren zer gelatan zegoen aurkitzea ez zitzaidan zailegia suertatu behar, baina bere alboan egon behar nuen? Azken finean, ez nuen uste Peruk esan zizkionak horrenbeste min egin ziezaiokeenik: aurretik zerbait gehiago egon behar zuen.

Bai, hasierako ekintza haietako arrakastek aurrera egiten lagundu zioten Mireni, baina denboraren poderioz atzean utzitakoen falta sumatzen hasi zen. Lagunak, senitartea, bere herria, jaiak, eguneroko gauza arruntak, gauza askori esan zion ezetz kausa hura jarraitzearren. Nik ere sumatzen nuen bada guzti haren falta, baina arinago aipatu legez nire etorkizuna nire esku ez zegoelaren susmoa gordetzen nuen aspaldidanik, eta ez nion beharrezkoa baino garrantzi gehiago eman: nire etorkizuna Mirenen esku zegoela onartua nuen.

Bizitza osoa kausa hari eskaini eta emaitza gutxi lortzen zituela ikusteak ere gogoa bermatu zion. Giroa ere atezu egoten zen maiz, agian norbanakoaren etorkizuna hainbeste zalantzaz beterik egoteaz eta taldearen beharrak horren gainetik zeudela jakitetik sorturiko tentsioa. Beste beldur bat ere banuen neuk: izan ere, talde bakoitzaren osaketa goitik geneuzkan agintari ezezagunek antolatzen zuten, eta normalean ez zituzten harreman estuegiak onartzen, badaezpada. Agian egituraren barruan oraindik hasiberriak baikina ikusten genituelako gure buruak eta eurek ere hala ikusten gintuztelako, batera mantendu gintuzten ordurarte; apika aipaturiko harreman hori nire buruan baino ez zegoelako ez gintuzten banatu.

Gauza asko izan ziren Mirenen zeruertza lainoz bete zituztenak. Eta ez nekien nik lagundu niezaiokeen. Bai, erakutsia zidan asko estimatzen ninduela eta kontuan ninduela; nik ere azaldua nion nire prestutasuna (nola ez, beste ezertarako ez bait nengoen han). Baina…

Azkenean atea jo nuen. “Sartu” entzun nuen bestaldetik, nor nintzen jakingo zuenaren doinuaz. Sartu nintzen bai. Leiho alboan zegoen bera, erretzen, ateari begira, zigarroa eusten zuen besoa bere gerria inguratzen zuen bestearen gainean bermatua. Argiak sorbaldatik erasotzen zion eta musua ilunpean murgiltzen zion, isuritako malkoak estaliz. Egia aitortu beharrean aurkitzen dut nire burua: ez nekien zer zen gertatzen zitzaiona, susmorik txikiena ere ez nuen, esandakoak esan arren. Ahalegindu naiz nolabait azaltzen, ulertzen eta arrazoiak aurkitzen, baina bere alboan egonda arrazoiak helduko zitzaizkidalaren ondoriora baino ez nintzen iritsi.

-Utzi egin nahi dut.

Nigana hurbildu eta, hitz haiek oraindik airean zeudela, besarkatu ninduen gogor. Pare bat minutu eman genituen horrela. Nire aurpegia bere ile beltzaranaren artean sartuta nabaritzea ordurarteko sakrifizio guztien ordaina baino askoz gehiago suposatu zuen niretzat. Ezin esan, ondorioz, lepoan nabaritzen hasi nituen musuek suposatzen zutena. Bere aurpegia nirearen aurrean zegoenean gelditu ziren hauek, zentimetro gutxi batzuk aldenduz.

-Eskerrik asko honarte laguntzearren.

Ezpainetan eman zidan musu orduan. Musu labur bat hasieran, sakonagoa gero, amaierarik ez duten horietarikoa ondoren. Gure mihiak korapiloak osatzen hasi ziren eskuek astiro-astiro azterketaren bideari ekiten zioten bitartean. Geldoak ziren oso gure mugimendu guztiak; nik, nire partetik behintzat, une hura heldu zenik sinetsi ezin nuelako eta xehetasunik txikiena ere dastatu nahian nengoelako; ez nituen bere zioak ezagutzen, eta une hartan halakorik ere ez nuen nahi. Geroago, ordea, piztu berria zen berotasunak ezinegonaren bidea erakutsi zigun. Eskuen mugimendu gero eta azkarragoek gutxinaka gure azala agerian utzi zuten. Banan banan, arreta askoz batak besteari erantzitako arropak lurrera erori ziren, bataren gorputzadarrek bestearen azala osotasunean ukitzea ahalbidetuz. Ustekabez beteriko uneak izan ziren haiek, Mirenen bular sendoak edota hainbeste denboraz ezkutatutako zuritasunak lehenengoz begiztatu nitueneko une haiek: berari buruz nuen hobezintasun ideia hura areagotzea baino ez zuten lortu.

Eta era horretan ere, ustekabean, aurkitu nintzen bere barruan lehen aldiz. Lotune epel hark bat bilakatu gintuen, eta horrela egon ginen une labur batzuetaz, geldi. Gero, lasai-lasai, mugimendu kulunkatsu bati eman genion hasiera, etengabe arintzen hasi ginen erritmoan, Lurraren hasieretatik entseatzen aritu izan baikina perfektua, harmoniatsua, bi beharrean bakarra zirudiena. Eta gehiago eutsi ezin izan genionean ez nintzen guzti hura hasi zeneko bakardadeaz eta Mirenek nigan zuen interes faltaz, ez eta bidetik hildako guztietaz, edota galdutako erlazioetaz, ez edo jadanik inoiz ezagutuko ez nituen bizitzetaz oroitu. Ez nengoen halakorik barkatu beharrean, gure etorkizunaren ariak mugitzen dituenari hara eraman gintuen gidoia aukeratzearren eskerrak ematekotan baizik.

Mirenen jarreraz galdegin niezaiokeen nire buruari: zergatik bapatean erreakzio hori, zergatik ni maitatu une haietan. Baina, ordurarte egin legez, patuaren eskuetan jarri nituen nire bizitzaren nondik norakoak eta sahieztezintzat nuenari ez nion trabarik ezarri.

-Nirekin ihes egingo duzu? –xuxurlatu zidan belarrira, malkoak ezkutatu ezinik oraingoan, ohean etzanda, biluzik, geldi-geldi aurkitu ginenean.

-Noski –ihardetsi nion, bitan pentsatu gabe. Ez nuen zertan gehiagotan pentsatu behar.

-Orain izan behar du –esateaz batera altzatu zen, eta janzteari ekin zion.

Arropa haiek guztiek bere edertasunak nola estaltzen zituzten ikusten txundituta nengoen neu. Arintzeko esan zidan berak, isilpean besarkatuta igarotako ordu erdiaz zeharo ahaztuta. Eta hala egin nuen nik. Ez nekien berarekin batera ihes egitera bultzatzeko erabili ote zuen bere gorputza, baina ez zen hori une hartan bere aurpegia zeharkatzen zuen irribarreak, horrenbeste operazio eta bidaietan kasik erakutsi ez zuen irribarreak, aditzera ematen zidana. Ez nekien ezta maitasuna ote zen berak nabaritzen zuena, eta ez nuen inoiz hitzen bidez jakinaraziko zidanaren itxaropenik ere. Ez nuen jakingo gosea baino ez ote zen izan. Eta axola ere ez zitzaidan. Beste guztietan bezala, bere alboan egonda arrazoi guztiak soberan nituen.

Behin jantzi ostean eta beharrezkoak jaso ondoren, leihotik behera salto egin eta gauak basoei eskaintzen zien iluntasunerantz hasi ginen korrika.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: