Patua eta biok

15 06 2010

Guztira hiru solairu zeuzkan etxeak. Behekoan taberna zegoen. Bertan, aita arduratzen zen barraz bestalde egoteaz eta amak bere gain hartzen zuen mahaiak zerbitzatzearen zama. Sukaldaria ere, senitartekoa izan ez arren, gurean bizi zen.

Hura zen garai hartan nire familia.

Neskak ere baziren. Munduko itsasgizon guztiak ezagutu eta haien lagun zirela uste nuen nik. Garaian ez nuen ulertzen zein zen beraien egitekoa tabernan, egun guztia han, marinelen belaunetan, eserita, baina haien presentzia onartua nuen eta ez nion behar zuena baino garrantzi gehiago ematen. Gerora jakin nuen egia. Bien bitartean, ahuntzaren gauerdiko eztulak ekarri ohi zituen itsasgizonak, eta goizaldeko lanbroak eramaten zituen bere magalean. Tarte horretan, lehen solairuan igarotzen zituzten orduak, neska haiek ondoan zituztela, eta neuk, goiko solairutik, haien orroak eta adiak entzuten nengoela.

Marinelez gain baziren ere hainbat pertsonaia bitxi, hala nola mozkortiak, euren buruak piratatzat zituzten eroak, atsoak (sorginak?)… Pertsona arruntak ere bazeuden, ez pentsa. Baina tira, guzti hura garai haietan marinelen geraleku zen edozein herri hotzean, kresalaz eta umeltasunaz beterikoan, topa zenezakeena baino ez zela uste dut nik.

Gaztaroan biziki maite nuen umeen liburuetatik ateratako gizaki hauek guztien alboan orduak ematea, gurasoek nire laguntzaren premia izaten ez zuten ordu haietan. Patrikak hutsik neramatzan beraiengana hurbiltzen nintzenean, haien azpijokoetan jausteko tentaldirik jasan ez nezan. Apika horregatik hurbiltzen nintzaion urtean behin etortzeko ohitura zuen atso bati, zeinek musu truk eskaintzen zigun bere dohaia, etorkizuna aurreikustearena hain zuzen ere. Neguko solstizioan agertzen zen, kristalezko bola besapean lagun zuela, olatuek portua gogor jipoitzen zuten egun haietan. Begi goibel grisak, hauekin bat zetorren ile kizkurtua, kiribildua, zimela, azalaren moduan higatua, zimurtua, gorputzadarren gisa argal baina oraindik gartsu: bizitza honetan egin beharrekoak eginak zituela zirudien arren, urtero doi-doi baina garaiz bueltatzen zen gure txokora.

Bazter batean esertzen zen, ilea oraindik busti, eta bertara hurbiltzen zen edonori bere etorkizuna iragartzen zion. Bertan igarotzen nituen nik orduak eta, ordainean, gurasoek janaria eta edaria ematen zioten; ezer gutxi ni egun osoan jasatearren.

Gauza da urteak joan ahala ohitu ere ohitu nintzela usadio moduko horretara, eta etortzeke zeuden gertaerak asmatzen zituen heinean geroz eta garrantzi gehiago ematen hasi nintzaiola egun horri. Kanpoan ekaitzak gogor astintzen zuen bitartean, hasi berria zen urtean jazo behar zitzaizkidan gertakizun guztiak adi-adi entzuten nituen nik. Bihotz kontuak, lanak, borrokak, lagun berriak… guzti horren eta gehiagoren berri izaten nuen, ohitura hori errotik zapuztu zen arte.

Hogei urte bete berriak nituen dena hasi zenean. Kanpoaldean elurra mara-mara ziharduen (ezohiko gertaera gure kostaldean) eta, haizerik apenas zebilen arren, olatuak orroka zebiltzan portuan, noizean behin hau mamuak bailiran erraldoi higikor haietan murgilduta gelditzen zelarik. Lau hilabete ziren umeltasuna herriko bazter guztietan ezarri zenetik, baina gure taberna beti bezain epel eta erakargarri mantentzen zen harrizko horma haiengatik babestua.

Han barruan zegoen atsoa, eta ni bere aurrean eserita. Jadanik ez nuen izaten horrenbeste denbora libre, tabernan nire gain hartuak nituen ardurak zirela medio, baina une hura sakratua eta ukiezina izaten jarraitzen zuen. Horregatik beldurtu ninduten hainbeste bere hitzek eta keinuek. Kristalezko bola begiratu, aurpegiaren keinua okertu, zimur guztiak agerian utziz, begiak parez-pare zabaldu eta, dardarka, bere ezpainetatik ondoko hitzak irten ziren:

-Zure aita hilko duzu eta zure amarekin oheratuko zara.

Zur eta lur geratu nintzen. Aitari so egin nion: han jarraitzen zuen, lanean, gure jokuei erreparatu gabe. Ama sukaldean zen une hartan. Atsoari berriz begiratu nion, baina ordurako gauzak jasoak zituen eta, dardara bizian, aterantz abiatzen ari zen, bere zer guztiak nola edo hala batuak, erdi arrastaka, zeramatzalarik. Ez nuen berriz ikusi.

Egia esan, bere iragarkizunak ez ziren beti guztiz zehatzak, edota, betetzen ziren arren, ez hitzek denotatzen zuten zentzu doian. Baina gutxienetan gertatzen zen hori; gehienetan bete-betean asmatzen zuen. Eta horregatik aldegin nuen etxetik. Gurasoak lanez gainezka zebiltzan arren (neguan marinel gehienak hego-hemisferioan edota gurea bezalako tabernatan sartuta aurkitzen baitziren), nire lana biziki eskertzen zuten arren, handik bi egunetara aldegin nuen: ez nuen inondik inora ezinbestekoa baino denbora gehiago igaro nahi nire gurasoengandik hurbil. Ezin esan erabaki hura ulertu zutenik, baina traba gehiegi ere ez zidaten jarri; beraiek ere iragarkizunaren beldur ziren, nonbait.

Horrela, herrian nituen lagun apurrak, jadanik nire arreba nagusi/lagun min ziren gurean lan egiten zuten neska guzti haiek, gure sukaldaria eta gurasoei “ikusi arte” esan, eta kaitik irten zen lehen itsasontzian abiatu nintzen, noizbait bisitaldi labur bat egingo nielaren agintza gogoz kontra nire ahots-kordetatik lapurtu ostean. Nora nihoan ez nekien; olatu, kresal eta bits artean desagertzea baino ez nuen buruan, eta ez haizeek, ez hauek orruek, ez erauntsiek ezin izan zuten ideia hori nire burutik desagertarazi.

Ondorengo urteak han-hemenka igaro nituen, leku askotan eta inon ez aldi berean. Lanak ez zitzaizkidan falta: itsasontziak, tabernak, biltegiak, garbiketak… Lagunak ere egon ziren: nire garunak ahaztu dituen portu guztietan baten bat utzi nuen. Eta noski, maitaleak ere ezin ahaztu, nire bakardadea nolabait arindu zuten emakumezko haiek. Baina barneak deuseztuak nituen, eta urratu hori berriz nork josiko zidan ez nuen aurkitu.

***

Hiru urte igaro berriak ziren itzultzeko erabakia hartu nuenean. Orain hainbeste itxaron izanaz damutzen naiz. Gurera zuzentzen zen lehen ontzia hartu bezain pronto ezinegon-sentipen batek bete ninduen. Ontziratzeaz batera ordurarteko samin guztiak atzean geratu ziren, eta egun hartan etengabe barra-barra ari zuen euriak eta zeruraino altxatzen ziren olatuak ez ziren haiek gomutatzeko gauza izan. Hori, bidaia iraun zuen bitartean behintzat; gero dena aldatu zen.

Iluntze goiztiarra izan arren, lanbroz eta behelainoz beterikoa, kaira heldu bezain laster ikusi nituen sua eta kea. Bihotza kolpeka hasi zitzaidan, gero eta azkarrago, gero eta gogorrago, nire barneko burrunba guztiak dardarka jartzen zituen. Buru-barneak ere senetik atera behar zitzaizkidan. Gorputzadarrak dardara bizian nituen. Baina, hala eta guztiz, aingura guzti hauek baztertu eta gure etxea zenerantz egin nuen korrika. Ez nuen pentsatze, ez nuen ezer nabaritzen, bakarrik hankak ahalik eta azkarren mugitzera mugatu nintzen, giharrak eztanda egin ez ziezadaten erregutzen nuen bitartean.

Bidean gizon batekin egin tupust, nire (eta beste askoren) lasterketaren zentzuaren aurka korrika zihoana. Bat-batean, elkarri ebaturik aurkitu genituen gure gorputzak, bata besteari so egiten. Orduan, bera, ikaratu zen: begiak zabal-zabal jarri zuten, bekainak makotu, bere bizarraren inguruan ahoa ireki zitzaion. Ikara baino zerbait gehiago antzeman nuen bere begi-ninian. Ondoren, ezustean, beragandik bultzada batez apurtxo bat aldendu ninduen eta bere lasterraldiari gogo biziz berrekin zion. Duda-muda une labur baten ostean, gauza bera egin nuen nik.

Gure etxea zen sutan zegoena. Garrak zerura zuzentzen ziren, herrixka txiki hartako bazter guztiak argituz. Baina nire barnean susmo txarrek ez zioten utzi euren hedatzeari. Beste zerbait txarto jarraitzen zuen. Une hartantxe jaso nuen estutu sendo hura.

Gurean lan egiten zuen neska haietariko bat zen besarkatu ninduena, agian denen artean batuen sentitzen nintzaiona. Ikara bizian zegoen. Burua nire soinetik atera eta ile hori kizkurtuaren artean bere begi ixo urdinek zeharkatu ninduten. Negarrez hasi zen bapatean, eta horrekin batera euria heldu zitzaigun. Totelka, ahopeka, murmurio artean gertatutakoa azaltzen saiatu zen. Ordurako nire gorputzak dar-dar egiteari utzia zion eta, segundoka-segundoka, izotz-puska bihurtzeari ekina; entzun nuena nire mugitzeko ezintasunaren aurrera-egitea areagotu baino ez zuen egin.

Dirudienez, gizon bat tabernara sartu eta nire gurasoekin eztabaidan hasi zen. Gauzak gehiagora egin zuen eta neska guztiak, asaldatuta, lehen solairutik jaitsi ziren; behekora heltzerakoan, laban bat ikusi norbaiten eskuetan (ezin argiki esan norenengan) eta ilunabarrera irten ziren, oihuka, laguntza eske, beste bezerorik ez baitzegoen une hartan tabernan. Gutxira hasi zen sua, eta azkar hedatu zen etxe guztian zehar. Den-dena kiskalita zegoela zirudienean, gizon bat atera zen su artetik; korrika aldegin zuen. Ez zen beste inor atera. Zimenduek gehiago eutsi ezin izan zutenean, han geratu ziren nire gurasoak lurperatuta. Eta ni, bakarrik mundu honetan.

Sutatik atera zen gizonaren deskribapena bat zetorren nirekin tupust egin zuenarenarekin. Nire gurasoen hiltzailea beso artean eduki nuen une labur batez. Orduan nabari nuen hotzaren, hutsunearen, elbarritasunaren eragilea. Izan ere, une hartan, samina beharrean bakardadea zen bizitzen ari nintzena.

Eta bitartean, gertatutakoaren kontakizun etena amaitu eta gero, ni besarkatuz nigandik eskegita zegoen neska hark gogo biziz hertsatu ninduen, bere bular beroak nire aurka estutu zituen, nire musua bere ile artean galdu zen, bere malkoekin busti ninduen. Harrezkero, beste behin bakarrik nabaritu nuen bakartasun asekaitz hura.

Egun hartan hiru sentimendu erein ziren nire zoko sakonetan. Batetik, emakume baten/batekiko maitasunak nigan (ber)piztu zuen indarra. Bestetik, une labur batez nire bizitzaren bidean gurutzatu zitzaidan izaki mesprezagarri harenganako gorroto eta mendeku gogo eutsiezina. Azkenik, atso haren txorakeriak/iradokizunak zirela-eta orain nire gurasoak hilda zeudelaren pentsamendu isil ozena. Zer dela eta egin nien jaramon zahar baten eldarnioei, nire bizitza guztian nire bizikide izango nuen itaun bat bihurtuko zen.

***

Adin ezberdintasuna (hamaseikoa) ez zen oztopo izan gure maitasunarentzat. Marian eta biok herri berean gelditzea erabaki genuen, aukeran herrikideek eskeintzen zizkiguten gomendio zentzugabeei irtenbiderik ez ematearren. Bizimodu xaloa izan zen gurea, maitasunez eta xehadura txikiz gainezka. Zoritxarrez, atso madarikatuaren aurresan edendua uneoro bertan izan genuen.

Iragarpen horri jarraikiz, gurasoen etxetik nire aldegitea hauen heriotzaren arrazoitzat joz, ezkutuko asmo bat ere gordetzen nuen nik gure bizilekua bere horretan mantentzeko. Izan ere, neure barrunbean jakin bainekien nire gurasoen hiltzailea, patuak bakarrik ezarri ahal dituen zio aldrebesak bultzatua, gure herrira bueltatuko zela. Ezinezkoa zitzaidan susmo horren sorburua kokatzea, baina Marian maite nuela sentitzen nuen bezainbesteko ziurtasunaz nabaritu nezakeen.

Horren zain, mendeku hotzaren zain, iragan zitzaizkidan hurrengo urteak. Taberna berreraiki nuen tarte horretan, nire andre zoragarria alboan nuela. Berak ere bazeukan trebetasuna era horretako ogibideak aurrera ateratzen, eta bion artean lortu genuen nire gurasoen txoko hura beste behingoz loratzea. Agian ez genuen nire senideek ohi zuten haina lan egin, baina ordain gisa geuretzako denbora gehiago erdiesten genuen eta horrek gure bizikidetzari izugarri lagundu zion. Amaiera heldu bitartean, behinik behin.

Bestalde, sekula erakutsi ez zidan zerbait ere bazeukan Marianek: bere sama eder eztia apaintzen zuen lepoko zahar bat, erditik zabaldu eta barnean zeozer gordetzen duten horietarikoa. Inoiz ez zuen soinetik kentzen, inoiz ez zidan harekin jolasten uzten, inoiz ez nuen hura beharrezkoa baino gehiago erakusten harrapatu. Garbitzerakoan, itsasoan murgiltzerakoan, gure ohe ordu beroenetan ere ez zuen bere idunetik askatzen, niri inolango azalpenik aurkeztu gabe. Bizirik egon zen bitartean, nekez izan nuen kutun moduko hura ikutzeko beta.

Gauza da azkenean, lau urte luzeren ostean, nik ziurtasun osoz nabari nezakeena eta azalkaitz suertatzen zitzaidana gertatu zela. Bi aste eguzkitsu izan ziren ekaitzaren aurreko barealdia osatu zutenak; lasaiune horren biharamunean sargoria desagertu eta lanbroa eta eurixka jabetu ziren herriaz. Kasik ez zuen argitu egunak. Nire bizitzako zoritxarreko beste egun baten itxura arrunta zuen hark: horrelakoetatik dazagut nik benetako mina.

Taberna utzi eta euri-zipriztin hotz eta maltzurren artean kaira zuzendu nintzen gaueko ontziek ekarri behar zuten jakien bila. Olatuak, amorru bizian, kaia urperatze nahietan ziharduten, azken hau behin eta berriz gaindituz. Ikusmena oso eskasa zen egun hartan. Kaian, marinelez aparte, nekez antzeman zitekeen giza mugimendurik. Bapatean, ontzi batetik gizon bat lehorreratu zen jauzi eginez. Ibiltzen hasi zenean gandor artean higitzen zen itzal bat baino ez zen; gero, nigana hurbiltzen zen heinean, bere giza itxura bereizten hasi nintzen. Giza itxura ezaguna, bestalde. Izan ere, nigandik metro eskasera aurkitzen zenean, nire gurasoen hiltzailea ezagutu nuen beragan.

Zeharo txundituta nengoen, bere musua eguraldi zorrotzak behartzen duen laztasunetik ezusteko batek sortarazten duen harridurara zihoan bitartean. Hitzen bat ahoskatzen saiatu zen nire behin-behineko shock egoera bere horretan ziharduela, baina alperrik. Beste behingoz, aurrez aurre, elkarri so eginez, mutu-mutu aurkitzen ginen biok. Nire ibilgetzea hala jarraitzen zuen bitartean, zergatik/nola nekien itzuli behar zuela, zergatik hil zituen nire gurasoak, zergatik zegoen berriz han eta beste milaka gauza itaundu nahi izan nizkion; horren ordez, ziztrin hura ikustearekin batera atsoaren iragarpen faltsuarenganako gorrotoa berpiztu zitzaidan. Eta idunetik ebatzen saiatu nintzen, lortu ez arren.

Ezin jakin zer ari zen igarotzen bere burutik une haietan, baina bere erreflexuak behinik behin argi-argi zebiltzan. Nire eskuak saihestu eta kaiaren muturrerantz hasi zen arineketan, bere eta segituan nire bihurtu zen bidea zeharkatzen zuten olatuen azken zipriztinen artean. Irtenbiderik gabeko bidea, hain zuzen ere. Muturrera heltzerakoan bakarrik eten zuen bere lasterraldia. Han, haize bortitzez inguratuta, bueltatu eta nire zain gelditu zen, portuaren amaiera eta itsasoaren hasiera zedarritzen zuten haitzen gainean. Eta, gandorren artean izan bazen ere, ni ere ertz hartara heldu nintzen; baina ez nihoan bakarrik.

Beragandik, hiltzailearengandik, metro eskasetara eten nuen nire ibiltzea, bereak egin behar zuen eraso hura prestatzen edota aurreprestatzen. Horretan niharduen ahots bat entzun nuenean nire atzealdean: Marian zen. Ezin jakin, alabaina, zer zihoen: ozta-ozta ikus nezakeen zipriztin eta haize-bolada solidoen artetik. Ileak aurpegi erdia estaltzen zion eta euri tantek beste erdia laztantzen zioten; esku batekin bere gona luzea eusten zuen eta bestea gugana luzatua zeraman, gugana heldu baino arinago gu ebatzeko gogoak bailitu. Berari begira nengoenean, une hartan nire sorbaldak bakarrik ikus zezakeen haren ahotik nire golkoa berotu zuten hitz haiek ihes egin zuten:

-Baina, Marianek ez al dizu…

Hitz haien hatsa, ordea, laburki baino ezin izan nuen nabaritu: Marianen heltzeak hauek bortizki eten zituen. Arrapalada bizian, jauzi batez arrotza ebatu eta, une labur batez izan bazen ere, airean izoztu ziren biak, niri begira, harridura keinuarekin arrotza eta tristura, saminarekin bestea. Agurraren ordua zela ulertu nuen eta, bihotzak bultzatua, hura atzeratzeko azken saioa egin nuen: Marian eusten saiatu nintzen, baina bere kutuna baino ezin izan nuen heldu. Orduan bai, orduan amaitu zen dena, nire azken ahalegin horren porrotarekin batera. Orduan bi gorputzak (laster gorpu izango zirenak) bere bidea berrekin zuten, itsaso zakarrean murgiltzera eramango zituen bidea. Ezin izan zuten hau bete, ordea, olatu erraldoi eta azkar batek bere ezinegona azaldu baitzuen, eta era horretan bidaiaren azken txanpa aurreztu zien.

Han geratu nintzen ni, kaiaren muturrean, busti eta harrituta, eskuetan nire emaztea izandakoaren kutuna neukalarik. Lepokoa begiratu, eta hura zabaltzea baino ez zitzaidan otu. Bi argazki ziren barnean izkutatzen zirenak, bi aurpegi ezagun, bere sendiko biren erretratuak. Une hartan, malko artean, ulertu nuen atsoaren madarikazioa bete egin zela.

Jadanik ezin izango dut jakin nire erruarengatik hil berri zen gizon hura ni tabernan egun hartan ez nengoelako haserretu zela eta horregatik hasi zuela ezbeharrean amaitu zen eztabaida hura, ezta nire gurasoei dirua ematera joana zela, urtero egiten zuen legez; gizon hark tabernako neska haietariko batekin ume bat izan zuela ere ezin jakin aurrerantzean, ezta neska hura, Marian izenekoa, ni berriz ez galtzeko bakar-bakarrik onartu zuela ezkontza. Baina, noski, gertaera hauek eta beste asko inoiz ezagutuko ez ditudanez, ezinezkoa zait horri buruz gehiago idaztea.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: