Arrantzan

14 04 2010

Mary arrantzan ari zen. Eta hobe zuten arrain guztiek kontuz ibiltzen baziren, oso arrantzale ona baitzen Mary.

Egia esan, bazeramatzan hiru ordu harri hartan eserita, eta oraindik ez zuen arrain bat bera ere harrapatu, baina hori normala zen, izan ere oraindino oso goiz zen eta ziurrenik arrain guztiak lo egongo ziren.

Gainera, pazientzia arrantzale onek baino izaten ez zuten dohain bat zen, eta berak hori emateko moduan zuen.

Izan ere, bera arrantzale ona zen oso, horretaz arras ziur zegoen.

Nahiz eta hura izan arrantzan zihoan lehenengo aldia. Baina horrek ez zuen zerikusirik, arrantzale ona denak ez du zertan egunero holakorik frogatu behar.

Beste ordubete bere hortan igaro ostean otu zitzaion agian egun txar bat izan zezakeela. Azken finean, arrantzale onek ere egun txar bat izan dezakete. Nahiz eta beraien lehenengo eguna izan. Berari horrek bost axola. Edozein momentutan har zezakeen bere eskorga eta etxera bueltan abiatu, eta hala ere arrantzale on bat izaten jarraitu.

Beste ordu bi igaro ostean agian egun hartan bertako arrainak beste nonbaitera joango zirela pentsatu zuen. Azken finean, bera ez zen bertakoa, eta ez zituen bertako arrainen usadioak ezagutzen.

Edota, nork daki, apika arrain baten urtebetetzea izango zen egun hartan, eta denak bere etxera joanak izango ziren hura ospatzen. Edota aurreko gauean jairen bat ospatuko zuten, arrainek edaten duten horretatik mordoa edan eta bere nebak ohi zuen moduan biharamun osoa lotan emango zuten.

Bai, litekeena zen hori.

Arrainen ezkontza bat ere egon zitekeen, baina mundu guztiak daki arrainen ezkontzak iluntze partean gertatzen direla, eta oraindik goiz zen horretarako; horrelakorik ez zen, ondorioz, posible.

Beraz, aurreko gauean arrain baten urtebetetzea zela eta egindako ospakizunean arrain guztiek edan zuten guztia zela medio, egun hura ohean eman behar zuten itsasoko izakitxo haiek.

Eta ondorioz, berak ez zuen zereginik han.

Zorte txarra baino ez zuen izan. Arrantzale onek ez dute zorte onaren beharrik izaten, baina txarra urrun mantentzea ere gomendagarria izaten omen da. Hurrengo egunean saiatuko zen berriz, eta orduan bai, orduan arrain guztiak esna-esna egongo ziren, gaur galtzen ari ziren eguna berreskuratu nahian, eta berak mordoak harrapatuko zituen.

Baina bere kaina batzear zegoenean, honengandik zerbait tiraka ari zelaz ohartu zen Mary.

Bere aurpegi serio handia piztu egin zen orduan, eta irribarre zabal hark ia-ia belarrietaraino bidali zituen bere masailak apaintzen zituzten oreztak. Gero, eskuekin bere adatsak ebatu eta hauetatik tiraka ziharduen heinean saltoka hasi zen pozaren pozez.

‘Arrainen jai baten osteko egunean arrantza egiteko gai ere banaiz!! Munduko arrantzalerik onena naiz neu!!’

Baina handik minutura bere seriotasuna berreskuratu zuen. Izan ere, jakin bazekien halako zerbait gertatu behar zela, goiz zein berandu. Arrantzale onei beti gertatzen zaizkie ondo horrelakoak.

Eta orain lana zuen aurretik.

Haritik tiraka hasi zen, arrain hura beragana gerturatzeko asmoz, baina ez pentsa erraza izango zenik, ez.

‘Puff!!’ pentsatu zuen bere golkorako.

Eta tiraka jarraitu zuen.

Astuna zen gero arrain puska hura. Inoiz ikusi zuen handienetarikoa izango zen ziurrenik. Eta hori asko esatea zen, ez pentsa.

Eta tiraka jarraitu zuen.

Eta ‘Puff!!’ pentsatu zuen berriz.

Agian bere amak sinetsi ere ez zuen egingo arrain hura berak bakarrik harrapatu zezakeenik; baina hori arrantzan inoiz ikusi ez zuelako izango zen, besterik ez. Handik aurrera horrelakoetara ohitu beharko zuen.

Izan ere, halako askotxo arrantzatuko zituen handik aurrera. Bere familia guztia bizitza osoan elikatzeko bezain beste behintzat.

Eta tiraka jarraitu zuen.

Eta azkenean, arraina berarenganaino heldu zen. Eta bai, handia zen gero.

Amuak belarritik zuen ebatua arraina. Ez omen zen oso leku arrunta nonbait, baina tira, horrek berdin zion. Gainera, Mary-k horrelakoak ere ikusiak zituela gogoratzearen susmoa zuen. Ezin zezakeen oroitu non zituen horrelakoak ikusiak, baina bai, zalantzarik gabe, ikusiak zituen. Ziur zegoen horretaz.

Beraz amua belarritik kendu zion arrainari (ahoa, belarria, non da ezberdintasuna, azken finean?), eta huraxe bere orgatilara zelan igo ahal izango zuen hasi zen pentsatzen.

Gauza erreza izan beharko zuen hura, arrantzatutakoa eskorgara sartzearen kontua. Baina ez kasu honetan.

Izan ere, kasu honetan arrainak ia bi metro neurtzen zituen.

Badakizue, arrantzale onei gertatzen zaizkie horrelakoak.

Laguntza eskatzea pasa zitzaion bai burutik Mary-ri, baina ez, jende oso maltzurra egon zitekeen inguru haietan eta agian bere arraina kentzen saiatuko ziren hauek, bera horren gaztea zela ikusitakoan. Gainera, ziur zegoen berak bakarrik egiteko gai zelaz.

Eta hala egin zuen. Besoetatik tira egin zion arrainari lehenengo, hauek eskorga barruan geratu zirenerarte; gero burua sartu zion barrura, zeren eta hau eskegita zegoen denbora guztian eta trabatu egiten zitzaion. Gero sorbalda osoa sartu zion, eta azkenengo bultzakada batekin ipurdia barnarazi zion.

Eserita egongo bailitz geratu zen arraina, hankak, besoak eta burua zintzilik zituela. Eskuetako atzamarrek lurra ukitzen zuten, baina horrek ez zion axola Mary-ri.

Arraina izateko nahiko arraroa zela iruditu zitzaion. Agian oraindik bart gauean izandako jaiaren ondorioa izango zen. Bere nebak ere, larunbat gauetan egiten zituen jaien ondoren, aurpegi itxuragabetuta izaten zuen igandetan.

Eta etxera abiatu zen.

Bi kilometro zituen bere arrantza-lekutik etxeraino, eta hondartzatik egingo zituen, eskorga bere besotxoekin tinko ebatuz, bere sorbaldan arrastaka zeramala, eta arrainaren atzamarren aztarna lurrean utziz.

Bidetik bizpahiru nagusirekin gurutzatu zen, eta hauek harridura aurpegiarekin begiratu zioten: ziur ez zutela sekula horren arrain handirik ikusi.

Are gutxiago azal orlegidunik.

Pentsamendu horrek gehiago poztu zuen Mary (horrelakorik posible bazen behintzat), eta erdi-saltoka, erdi-kantuka jarraitu zuen bere bidea.

Etxera heldu zenean atea jo zuen.

‘Neu naiz, ama!!’

Honen pausuak entzun zitzakeen pasilloan barne, aterantz gerturatzen. Azkenean atera heldu, giltzari barnetik birarazi, eta atea zabaldu zuen.

‘Bazen ordua, gaztetxo!! Egun guztia eman dun kanpoan, arduratuta nengoen jada!! Benga, pasa azkar barrura!!’

‘Arrantzale handi batek horrelako tratuak jasan behar izatea bere etxean…’ pentsatu zuen Mary-k, baina ez zuen tutik ere esan. Eta aurrera egin zuen.

Bere amaren aurretik igaro zenean, honek bere alabak itsasotik atera zuena ikusi zuen lehenengoz, eta bi metrotako izaki haren aurrean oihu egin zuen.

‘Ivanne!!!!!!!!!!’

Maryk gorroto zuen izen hura, eta horregatik zuen nahiago Mary erabiltzea. Ezin zuen ulertu nolatan ezarri zioten bere gurasoek Ivanne bezalako izen ziztrina, Mary bezalako izen esanguratsua hautatu ahal zutenean…

‘Ivanne, atera munstro hori gure etxetikan, segituan!!!!!!!!!!!!!!!!! Azkar, aldendu hori nire bistatik!!!’

‘Baina ama, egun osoa arrantzan egon ostean, neu…’

‘Bost axola hori neuri!! Ai ama, kendu hori hemendikan, agudo!!’

‘Bale bale, ados, banoa’ eta etxetik abiatu zen berriz hondartzarantz, eskorga bere atzean eta izaki hura bertan etzanda.

Egia esan, ez zekien oso ondo zer egin zezakeen. Baina tira, jeinuei beti gertatu zaie beraien ingurunean ulertu gabeak izan direla, eta agian berari ere halako zerbait gertatuko zitzaion.

Eta orduan otu zitzaion arrantzale guztiek bere harrapakinekin egiten zutena: saldu. Noski, portura joango zen eta enkante batean bere arrain dotorea salduko zuen. Gainera, arrainen jai baten osteko eguna zenez, ziur beste arrantzale guztiek ez zutela bat bera ere ez harrapatu eta berarenarengatik Kristonak ordainduko zituztela.

Eta hondartzan zehar porturantz abiatu zen.

Enkantean zenbat diru lortuko ote zuen izango zen bere hurrengo kezka. Izan ere, berak entzuten zion bai bere aitari ekonomia ez zebilela oso fin eta agian ez zioten merezi zuen bezainbeste dirurik emango.

Edo agian bai.

Arrantzale onei mundu guztiak ordaindu nahi die ondo, eta gehienetan gainera txanpon arruntak erabili beharrean urrezko txanponak erabiltzen zituzten beraiei ordaintzeko.

Urrezko txanpon bat, bai: hori ondo egongo zen harrapatu berri zuen arrainarengatik. Edo, hobe pentsatuta, agian bi justuagoa izango zen. Bai, urrezko txanpon bi eskatuko zituen.

Izan ere, bi metrotako luzera eta era horretako hanka eta besoak dituzten arrainengatik urrezko txanpon bi ordaintzen dira normalean. Eta berak ez zuen nahi inork engaina zezan, gaztea izan arren.

Baina orduan zarata bat entzun zuen bere atzealdean, eta eskorga askoz arinagoa sumatu zuen. Buelta erdi eman, begiratu eta bere arraina bertan ez zegoela ikusi zuen.

Bere arraina itsasorantz ari zen korrika.

‘Eh, eh!! Geldi!! Nora zoaz?!?’

Baina izakia, bere hanka luzeekin, jadanik uretan sartzen hasia zen. Hala eta guztiz ere, Mary atzetik korrika hasi zitzaion.

‘Geldi!! Etorri hona!! Neuk harrapatu zaitut eta ez daukazu aldegiteko eskubiderik!! Nora uste duzu zoazela?!? Nirea zara orain, nirea! Neuk harrapatu zaitut! Geldiiiiiiiiiiiiiiiiii!!!’

Baina alperrik. Mary ur ertzera ailegatu orduko, izakiak ura gerritik gora zuen. Orduan, salto itzel bat eman zuen eta, airean zegoela bere kolore orlegiak izpi polit batzuk jaurtiki ondoren, uretan murgildu zen, besoak buruaren aurretik eta hanka biak elkar. Eta desagertu egin zen betirako.

‘Kaka zaharra!! Gaur egungo arrainek ez dute errespetu bat ere azaltzen arrantzaleekiko!! Holakorik ez zen ez antzinatean gertatzen…’

Eta han geratu zen, oinak uretan, zer egin ez zekiela.

‘Mmmmh’ pentsatu zuen orduan.

‘Ez, hori ez’ geroago.

‘Tira, zer egingo diot ba’ azkenik. ‘Azken finean, bihar harrapatuko dut beste bat are handiagoa eta kitto.’

‘Izan ere, gaur ez nituen urrezko txanponak ezertarako behar’.

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: